I1977-7-7an arratsaldeko 7etan hartu trena eta Leon hirira, soldadutzara. Bost urte bete berriekin ezagutu eta hamaika lotsakizun pasarazitako, euskaraz tutik ere ez zekien, maisuaren herrira. Iritsi orduko bataiatu ninduten bigarren aldiz. Beste 15 hilabetean ez nintzen Jose Inazio izango –Gabirin Iñaki asko nonbait eta bat gehiagok nahastea ekarriko zuenez, niri egokitu zitzaidan erderazkoa–, Jose eta kitto!
Kanpamentuan sartu orduko «a formar». «
Zer dek hori?», «
Hi jarri iladan», esan zidan ondokoak. Halako batean, zerrenda irakurtzen ari zen sarjento koxkor batek: «
José Maura Guaregi». Inork ez zuen erantzun. Bi edo hiru aldiz esan ez bazuen ez zuen behin ere esan. Ustez denen izenak irakurri eta batzuk ilea moztera besteak arropa bila bidali eta ni han kieto. Orduan jakin nuen ni nintzela Maura Guaregi eta ustez jakinduri bikaina zuen sarjento koxkor harentzat, horrela irakurtzen ziren Murua Jauregi. Horrekin batera, Franco gaztea zenetik pinturarik ikusi ez zuen etxalde hura fregatu behar izan nuen, neure izenik ere ez nekien euskaldun inutila nintzelako.
GOSALDU eta berehala deitu zigun teniente egoskor batek despatxura: «
Si aparecen panfletos, pintadas o cualquier signo de insurrección», gu izango omen ginen erantzule eta fitxatuta geundenez –bakoitzaren istoriala irakurri zigun lau laguni–, ez omen ginen geure bizitzan berataz ahaztuko. Bizitza erdia kartzelan emango omen genuen edo auskalo non, izan ere, gu bezalako «basura» nola hezi ba omen zekien hark. Bi gauza on egin zituen behintzat kalamidade hark, bata lau lagun berri ezagutarazi eta bestea, lau aste baino lehen handik hanka egin, beste norbaitzuk «hezitzera».
Fidakaitz ziren gurekiko, beldurrak aidean esango nuke nik, eta geu ere antzera eduki nahi gintuzten. Esate baterako, tiro entsaioetan atzera bueltatzen zen euskaldunari tiro egingo ziotela esan ziguten eta, begi zeharka ikusten genuen gure atzean ez zela ofizialik jartzen horrelakoetan, beste puntan egon ohi ziren.
Oficial bat ere bagenuen «Sargento Paraca». Gure arteko bati erosten zion materiala eta egun osoa airean pasatzen zuen, ohean etzanda. Behin, han ari zen soldadu negoziante hori beste bati amenazuka, ahora etorritako denak esanaz, eta «Paraca» bulegotik entzuten. Halako batean deitu zion: «
Zu zer ari zara horri horrelakoak esaten?». Soldaduak erantzun: «
Aizu, zuk ez al dakizu besteren elkarrizketak entzutea edukazio falta izugarria dela?». Sarjentuak ez zekien zer erantzun eta txirri bat eskatu ondoren ohera joan zen.
SOLDADUEN artean ere baziren «espabilatuak», Españako capitalekoak eta guretzat Cesidekoak zirenak. Behin lagun bizkaitar bati eta biori, aguardiente ikaragarri ona ekarri zigutela eta beraiek kortxoa kentzean sudurretik sakon arnasteko eskatu ziguten, horrela bakarrik ezagutzen omen zelako aguardientearen benetako zaporea. Gu, bi sanopote, eta haiek hiru... guri amoniakoa hala usaintzeko eman zigutenak.
Soldadutza amaitu eta despedida hitzaldia egin zigutenean, ez edozeinek, eztarriko soketan hamar nodulo zituela zirudien sargentu batek –egunero mozkortzen zelako dudarik gabe–, hala bota zigun: «
Orain gizon egin zarete eta joan zaitezkete zeuen etxera, baina kontuz, ez izan `parienta' etxean utzi eta tabernara mozkorkeriara joaten diren euskaldun ajolakabe hauek bezalakoak».
Esaldi hori bukatzearekin bat, mezua oker iritzita edo, inguruan sarri ibiltzen ziren zakur gosetietako bat sartu zen diskurtsoa jasaten ari ginen tokira. Besterik ez zuen behar hark! Ea norena zen zakur hura, esaten ez bagenion beste hamabost hilabete eman beharko genituela soldadutzan. Denok firmes eta gero «paso ligero» erabili gintuen nahi izan zuen arte, guk noski, ez omen genion izorratuko bere karrera militarra. Marokon Marcha Verdean ibiltzeagatik eman zioten «Doktoradutza» gatik ariko zen, bestelakoan, ardo, likore eta konbinatuen ezagutzan bakarrik zeuzkan estudio sakonak.
Hilabete honetan, soldadutzara joateko azken zozketa izango omen dena egin dute. Ez dakit azkenengo zozketa izango den ala ez baina, hori bai, soldadutzara joatea azkena da! Han «gizon» egin zuten batek diotsue