Munduko baliabide berriztagarriak agortzen ari dira. Ingurumenaren degradazioak munduko behartsuenen bizi bideak arriskuan jarri ditu. Gainera, herrialde pobreenak dira hiesaren izurritea gogorren jasan behar dutenak. Ondorio horiek ageri dira joan den uztailean aurkeztutako Giza Garapenari buruzko 1999ko Txostenean.
Ingurumenaren degradazioak gainditu egiten du estatu-gobernuen ahalmena eta arazo honek, «larrialdi isil» honek, arriskuan jarri ditu munduko pobreenak. Txostenaren arabera, ingurumenaren degradazioa eragiten duten arazorik larrienetakoak, paperaren eskakizuna –deforestazioa eragiten du honek– eta neurrigabeko arrantza dira, horrela baliabide berriztagarriak agorraraziz. Gaur egungo arrain kopurua orain dela ez hainbeste urte zegoenaren hiru laurdena da. Zientzialariek diotenez, munduko tenperaturak gora egingo du, iraunkorki. Itsasoaren mailak ere gora egingo du, Bangladesheko lurraldeen % 17 estaliz, Egiptokoaren % 12 eta Maldivak ia oso-osorik. Eskura daitekeen ur kopurua % 60 murriztu da 1970arekiko, eta berdin gertatzen da basoekin. Gertakari hauek guztiek munduko biztanleriaren ekonomia, elikadura eta osasun segurtasuna mehatxatzen dute.
Ingurumenaren degradazioaren ondorio gehienek, hala nola, tenperaturaren aldaketek eta euri-jasek, eragin zuzena izango dute biztanleriarengan. Horren adibide nabarmenak dira 1997 eta 1998ko «El Niño» eta «La Niña» fenomenoak. El Niñok 22.000 hildako eragin zituen, 118 milioi pertsona kaltetu zituen, bost milioi lagun bizilekuz aldarazi zituen eta mundu mailan 33.000 milioi dolarreko galerak sortu ziren (6 bilioi pezeta inguru). Zientzialari askoren ustez, atmosfera berotzeak ekaitz suntsitzaileak eragiten ditu eta hauek uzta ugari txikitu dituzte. Basoetan sute ikaragarriak zabaldu dira, Indonesian eta Brasilen gertatutakoak, esaterako.
Bestalde, herrialde pobreek mende honetako izurrite larrienari, hiesari, aurre egin behar diote. Hiesa ekonomi maila baxuenekoen artean eta baztertuenen artean –batik bat drogaren inguruan dabiltzanak– hedatzen da errazen. 1998an 33 milioi lagunek zuen hiesa eta garapenerako erronka nagusienetakoa da. Hiesaren ondorioak katastrofikoak izan daitezke.
Hiesaren ondorio diren heriotzek familia eta komunitateetan sortzen duten nahigabeaz gain, ekonomia eta gizartean eragiten duten hondamendia ikaragarria da. Birusa dutenen % 95 herrialde pobreetan bizi da eta horrek eskulanerako biztanle kopurua murrizten du, (esate baterako, osasuna, hezkuntza eta garraioaren arloetan). Gainera, osasun arloko aurrekontuen zama areagotu egiten du