argia.eus
INPRIMATU
HIL BUKAERARA EZIN IRITSI
  • Diru sarrera, hau da, 46.150 pezeta hilean. Iparraldean aurten irabazpiderik ez duten 6.354 lagunek jaso dute dirulaguntza Frantziako estatutik.
2021eko uztailaren 21
Euskal Autonomia Erkidegoan 16.191 pertsonak jasotzen dute Gizarteratzeko Gutxieneko Diru sarrera (GGD), hau da, 46.150 pezeta (1.800 libera inguru) hilean. Laguntza hori EAEko biztanle guztiei ziurtatzen zaie (pentsionistak barne), pentsio kontributiboa dutenak eta ez dutenak nahiz kopuru horretatik beherakoa dutenak. Horrek 40.000 pezetatik beherako pentsioa jasotzen duen jendea dagoela esan nahi du. Bizkaian 10.481 hartzaile daude, Gipuzkoan 3.960 eta Araban 1.750.
Eusko Jaurlaritzak berriki ezagutarazi dituen datuen arabera, EAEn 35.000 -40.000 familia inguru daude pobreziaren mugan. Hiru kidetako familia hauek 89.000 pezeta baino gutxiagoko diru sarrera dute.
Nafarroako pentsioen batez bestekoa, joan den ekainean, hilean 80.300 pezetakoa zen, eta EAEn, berriz, 93.400 pezetakoa. Estatistiken batez bestekoek, ordea, pentsio txikienak ezkutatzen dituzte. EAE eta Nafarroako pentsiodunen % 50ak baino gehiagok, hau da, 250.000 pentsiodun baino gehiagok –1999ko ekainean 519.000 pentsiodun zeuden– Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino gutxiagoko pentsio kontributiboak jasotzen dituzte. Nafarroan, 97.600 pentsiodunekin, portzentaia % 65 baino gehiagokoa da. Hegoaldean, ekainean, 14.515 lagun ziren 38.000 pezetara iristen ez ziren pentsioak jasotzen zituztenak. EAEn pentsio txiki horiek –9.000 inguru pentsiodun– 46.150 pezetara iristen dira. Nafarroan 5.600 lagun daude egoera horretan eta aurtengo urterako 2.380 milioi pezeta banatuko dira. Beraz, larri-larri gaindituko dute 40.000 pezetako zenbatekoa.
Langabetuen taldeari dagokionez, sindikatuen datuen arabera, INEMek 50.140 laguni bideratzen die laguntza Hego Euskal Herrian. Beste 130.000 inolako babesik gabe geratzen dira. Gainera, langabeziarengatiko laguntza jasotzen dutenetako askok hilean 52.000 pezetatik beherako zenbatekoa jasotzen dute.


IPAR EUSKAL HERRIAN IA 12.000 LAN ESKE.

ANPE (Agence National Pour L'Emploi) erakunde publikoan (enplegua aurkitzen laguntzen du), 1998ko irailean, 12.379 lagunek eskatu zuten enplegua. Aurtengo irailean, 11.234 izan dira. Iazko eskatzaileen artean, 1.609 izan ziren lehen lan eskaera egiten; aurten, 897. Joan den irailean, 24.683 ziren langabetuak Pirinio Atlantiar Departamenduan. Hauetatik lehen lanpostua eskatzen zutenak 2.451.
ASSEDICk langabetuen eskubideak bermatzen dituen erakunde pribatua da. Aurtengo uztailetik irailera langabetu kopuru hau ari da langabeziaren dirua jasotzen: uztailean 6.600, abuztuan 6.748, eta 6.886 irailean. Solidaritate kutxatik kobratu dutenak berriz hauek dira: uztailean 1.418, abuztuan 1.421, eta irailean 1.473. Guztira, 8.359 hiritarrek kobratzen dute langabeziko asegurutik uneon. Orokorrean, iazko datuak eta aurtengoak parekoak dira. Badaude ere erretiro aurreko egoeran kobratzen ari direnak: irailean 830 ziren. Datuok Baionako bulegora atxikiak diren langabetuenak dira. Departamenduan, ASSEDIC erakundetik 33.475ek jasotzen dute dirua.
Azkenik RMI (Gizarteratzeko Irabazi Ertaina) deitu laguntza dago, Frantziako Estatuak beste irabazpiderik ez duenari eskainitakoa. Iparraldean, 6.354 herritar baliatu da laguntza horretaz. Kopuru hauen garrantziaz jabetzeko zera hartu behar da kontuan: Iparraldean 261.400 biztanle dira eta Departamenduan 598.100.
Pobrezia eta bazterketari buruzko datu hauek ez dira nahikoa. Ziurraski aipatu direnak baino aurpegi eta urdail gehiago ditu pobreziak Euskal Herrian. Etorkinak ere ezin ahaztu –bereziki Europako Ekialdekoak eta Afrikakoak–, hemen adierazten direnak baino egoera okerragoan bizi baitira