argia.eus
INPRIMATU
EUSKARAZKO LIBURUAK EHU-N
2021eko uztailaren 19a
Euskal Herriko Unibertsitateak hogei bat liburu argitaratuko ditu euskaraz aurten. Horretarako 45 milioi pezetako aurrekontua du (1,8 milioi libera), aurreko urteetan baino dexente gehiago. EHUko Euskararako errektoreordeak jakinarazi zuen euskarazko argitalpenak gaztelaniazkoak baino garestiagoak direla. Azken urteotako salmenten igoerek eta erakunde publikoetako laguntzek ahalbideratzen dute euskarazko liburuak errentagarriagoak izatea. Filosofia, Literatura, Soziologia eta Informatika arloak jorratzen dituzte argitalpen hauek.

PPko gobernu taldeek Arabako Diputazioan nahiz Gasteizko Udalean euskararen inguruan planteatutako zenbait ekimenek (Euskara Zerbitzua kentzea eta Haur Eskoletan eredu bakarra proposatzea, besteak beste) kezka sortu dute Arabako euskaltzaleengan. Euskaltzaleen Elkarguneak erantzun baterakoia eman behar dela uste du eta horretarako «ekimen zabala» eskatu die alderdi, elkarte eta sindikatuei.

Euskaltzaindiako zenbait ordezkari Espainiako Kultura eta Hezkuntza ministro Mariano Raxoirekin bildu zen iragan astean Madrilen. Ministerio horretatik jasotzen duten dirulaguntza «zinez eskertzen» dutela adierazi zuen Jean Haritxelhar euskaltzainburuak, baina «leiala izatekoz, ezin esango dugu laguntzak erabat asebetetzen gaituenik». Egun hauetan ari da eztabaidatzen Diputatuen Kongresuan heldu den urteko aurrekontua.

Larunbatean Ezabaketa Egunerako deia egin zuen Euskal Herrian Euskarazek. EHEk «bakoitzak norberaren herrian ezabagarri dena ezabatzera eta salagarria dena salatzera» deitu zuen. Erdaraz dauden seinaleak ezabatu ziren, baita «maila sinbolikoan, euskararen zapalkuntzan nola edo hala partaidetza dutenak» ere.