Zer egin nerabeek euskaraz hitz egiteko? Galdera hau bati baino gehiagori etorriko zitzaion burura, eta behin baino gehiagotan, gainera. Izan ere, eskolan, aisialdiko taldetan, herriko euskara elkartetan eta beste hainbat esparrutan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak eta ekimenak burutu ohi dira, baina batez ere haur eta gaztetxoei begira. Orain arte nerabezaroko gazteekin ez da gauza handirik egin, baina hemendik aurrera gauzak aldatu egingo dira. Hainbat lekutan nerabeen artean euskararen erabilpena sustatzeko egitasmoak martxan jartzen hasi dira.
Proiektu hauek eskolatik, aisialdiko taldeetatik, euskara elkarteetatik, kirol elkarteetatik eta beste hainbat gunetatik bultzatzeari ekin diote. Ordizia eta Tolosan, esaterako, ikastolatik hasi dira.
Bi ikastola hauetan «Euskaraz Bizi» proiektua erroturik dago. Haur eta Lehen Hezkuntzan euskararen erabilera sustatzeko estrategiak era sistematikoan aplikatzen dira eta emaitzak ere ikusten dira. Baina arduradunek garbi ikusten dute lan horrek jarraipena behar duela DBHn eta DBHOn. Horregatik ekin diote lanari eta Ikasleen Euskara Elkartea sortu dute eskolan bertan. Elkartearen helburuak bi dira, nagusiki. Lehenengoa euskararen erabilpena sustatzea eta indartzea bere normaltasuna bermatzeko bai eskola barruan eta bai herrian. Eta bigarrena bai ikasle arteko, bai irakasle-ikasle arteko harremanak hobetzea giro baikor bat sortuz eta ikastolaren eraikuntzan eta hobekuntzan protagonismoa hartuz.
Elkarte honetako protagonistak ikasleak dira, eta hori behin baino gehiagotan azpimarratu digute arduradunek. «
Elkarteak beste edozein elkartek bezala funtzionatzen du, hau da, bazkideak, batzar orokorra, talde eragilea, partaideak eta abar daude. Baina protagonistak ikasleak dira», dio Jone Urteaga Tolosako Laskorain ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendariordeak. Elkartearen barruan bederatzi sail daude: euskararen erabilera eta hobekuntza, irratia, literatura, euskararen inguruko eztabaidak eta hitzaldiak, artea, kirola, aisialdiko taldea, festa batzordea eta kanpo harremanak. Ikasle bakoitzak nahi duen sailean parte hartzen du, eta euren iniziatibaz eta irakasleen laguntzaz hainbat ekintza burutzen dituzte: kirol txapelketak, eskolako aldizkaria, antzerki emanaldiak, bertso saioak...
«Gustuko dituzten ekintzak euskararen inguruan egin ditzaten lortu nahi dugu», dio Joxe Martin Aizpuru Laskorain ikastolako zuzendariak.
Ekintzak arlo akademikoan edo ez akademikoan oinarritutakoak izan daitezke. Nahi duen orok parte har dezake ekintza hauetan, eta horrez gain, Elkarteko bazkide izateko aukera dute. Bazkidetza honek protagonismoa ematen die eta konpromiso batera lotzen ditu. Izan ere, bazkide izateak euskararen dekalogoa onartzea dakar, euskararen eta norberaren arteko akordioa sinatzea, alegia (hurrengo orrialdean dagoen akordioa, hain zuzen ere).
Elkartearen funtzionamendua ahalbidetzeko beharrezkoa da ongi antolatzea eta hori posible izateko ikastetxeak biltzeko lekua eta denbora eman behar die ikasleei.
Era berean, maila eta adin hauetan hausnarketak orain arte izan ez duen lekua hartu behar du eskolan. Hausnarketa hau eskola-orduen barnean ahalbidetu behar da eta informazioan oinarritu behar du.
Beraz, ikastetxeak gazteen interes eta beharrei erantzun behar die. Horretarako, eskolak aldatu egin behar du. Orain arte akademizismo hutsa soilik landu izan da, baina eskola euskararen erreferentzia izan dadin, euskara bultzatzeko eragile indartsu bihur dadin eta euskaraz hitz egiteko topagunea izan dadin, arlo akademikoetaz gain zerbait eskaini behar du. Nerabeei interesatzen zaizkien ekintzak eskaini behar ditu nerabeen protagonismo eta parte hartze zuzenaren beharra ahaztu gabe. Finean, eskolak nerabea erakarri behar du.
EUSKARA ELKARTEA: EUSKARAZ BIZIREN JARRAIPENA.
12 urtera arteko ikasleekin «Euskaraz Bizi» proiektuak funtzionatzen duela ikusirik, zergatik ez da plangintza berarekin jarraitzen? Zergatik sortu dute Euskara Elkartea 12-18 urteko ikasleentzat? Bada, nerabezaroan ikasleak aldatu egiten direlako. Aizpuruk dioenez, adin horretan ez dute haurren kontuez ezer jakin nahi izaten.
«Hau egin behar dutela esaten baldin badiegu, ez dutela egin nahi erantzuten dute. Protagonismoa eta erabakitzeko ahalmena nahi dituzte. Hori da momentu edo adin honetan nagusitzen den joera». Horregatik, «Euskaraz Bizi»ren dinamikarekin zerikusia duten ekintzarik ez dute nahi izaten. Gauza horiek txikiak zirenean egiten zituzten, eta orain handiak direnez beste gauza batzuk nahi dituzte.
Haurtzarotik nerabezarorako salto horretan hainbat gauza aldatzen dira, beraz, eta hizkuntzaren alorrean ere bai. Hizkuntzaren hautaketarekin zerikusia duten nerabeen ezaugarri berriak agertu ohi dira. Alde batetik, helduen protagonismoa eta eragina ahultzen hasten da, nola etxekoena hala eskolakoena. Bestetik, gazte nagusiagoengana eta komunikabideek eredutzat hedatzen dituzten modetara (hizkuntzan, musikan...) zuzenduko da nerabeen begirada, eta hauenganako imitazio indarra areagotu egingo da. Halaber, bere garapen pertsonalaren eskariz eta bultzadaz, lehen ardatz gisa zuen inguruaren mugak hautsiz, gizartera joko du. Eskolaren kasuan, gure euskal eskola gehienak hizkuntz gatazka gordineko guneetan daudenez, gizarteratzeak erdalduntzeari ateak irekiko dizkio. Azkenik, DBHko lehen zikloko ikasleak, jadanik aldaketaren hastapenetan, DBHko eta DBHOko helduei begira jarriko dira. Hortaz, ikasle helduak besteen eredu bilakatuko dira.
Egoera honetan, nerabe bakoitzak bere hizkuntz erabileraren hautaketa egiten du: batzuk erdararen aldekoa, beste batzuk, berriz, euskararen aldekoa. Antton Amondarain Ordiziako Jakintza ikastolako arduradunak dio X. Erizek esaten duela hautaketa eta erabilera, besteak beste, hiru irizpideren arabera egiten dela: irizpide soziologikoa, irizpide psikosoziala eta irizpide antropologikoa.
«Hauez gain, DBHn eta DBHOn automatismoa edo ohitura ere kontuan hartzen ditugu guk», gehitzen du Amondarainek.
Irizpide soziologikoan barruti fisikoak, geografikoak, gizarte taldeak... hartzen dira kontuan. Hau da, eremu edo gizatalde batzuk hizkuntza jakin bati eta beste batzuk beste bati lotuak egoten dira. Eskolan ere gelako esparrua, pasiluak, jolastokiak, futbola, pilota, ikasturte bereko taldeak, neskak eta mutilak... daude eta esparru horiek euskararen aldeko mikroespazio bilakatzea da helburua.
Irizpide psikosozialean norbanakoaren motibazioak eta gizartearekiko duen elkarrekintzak egiten dute topo. Kasu honetan hiru faktore aztertzen dira: hiztunaren gaitasuna hizkuntza batean nahiz bestean egiteko, talde sozialak berarengandik espero duen hizkuntza eta solaskidearen hizkuntza.
Irizpide antropologikoari dagokionez, hizkuntz baloreak eta komunitate-partaide sentimenduak daude. Gizarte batean hizkuntz baloreek duten garrantzia handia da. Horregatik, euskal komunitate baten baloreen erdigunean euskalduntasuna jarri behar da.
Azkenik, hiztunaren automatismoak eta ohitura daude. Gaztarora heltzerako, gazteak euskara erabiltzeko ohitura inkontzientea lortua behar du, eta gaztaroko erronka inkontziente den hori kontziente bihurtzea da.
«Gaztelaniaz funtzionatzen duten esparruetan euskaraz bizi nahi badu nerabeak, bere aukerak kontzientea izan behar du. Beraz, geldiune bat egin eta euskararen aldeko apustua egin behar du», dio Amondarainek,
«eta horretarako motibazioa bultzatu behar da».
BAKOITZAREN JOKAERA HELBURUA LORTZEKO.
Orain arte aipatutako guztia kontuan hartuz, DBHn eta DBHOn euskararen erabilera bultzatzeko zenbait ideia zehaztu dituzte gure solaskideek. Prozesu horretan parte hartu behar dutenak zein izan behar duten eta nola jokatu behar duten, besteak beste.
Hasteko, zuzendaritzaren gidaritza behar dela diote.
«Zuzendaritza da eskolako dinamikaren ardatza. Berari dagokio nola Hezkuntza Plangintza hala Hizkuntz Plangintzaren garapena ziurtatzea, irakasleak kohesionatzea eta bultzatzea».
Goi mailetan, Haur eta Lehen Hezkuntzan egindako lana gainbehera doa, ahozkotasunak lehentasuna galdu egiten baitu euskararen lanketan. Honek Hizkuntz Plangintza berraztertzea eskatuko du, eta Euskararen Normalkuntzan eraginkorrago izateko estrategia berriak adostea eta behar diren baliabideak eskaintzea.
Honekin batera, irakasleek euskaldun sutsu izan behar dutela argi dute.
«Irakasleriak inoiz ez badu izan behar euskararen alorrean aseptikoa eta hotza, aro honetan are eta gutxiago. Ikasle hauen egoera eta mundua ezagutu behar ditugu eta gure jarduerak berauetara egokitu. Edozein inposaketa mota alde batera utziz gure proposamenak euren barne interesa ukitzea lortu behar dugu, hitz batean esanda, interesatzea. Erabileraren eta kalitatearen erronka barnean eraman behar ditugu. Ikasleentzat eredugarri eta imitagarri gara neurri batean, eta uneoro eta intentsiboki euskararen aldeko erreferente izan behar dugu».
Ikasle helduak protagonista sentitzea ere beharrezkoa da. Beraien interesa sortzeko, proposaturiko ekimenaren kontzientzia izateaz gain, protagonista sentitu behar dute.
«Honen haritik, ideia bat landu behar dugu beraiengana zuzentzen garen pertsona heldu guztiok: haur txikiagoen eredu direla. Beraien ekimenak badu zerikusia haur gazteagoen euskalduntzean, bai eskolan eta bai herri mailan.»
Ikastetxeak, esparru eta erakunde bezala, gaztearen interes eta beharrei erantzun behar die. Horrela, eta ez bestela, lortuko da gaztea eta eskolarekiko mugak nolabait haustea eta gaztearentzat eskola «bizitzako esparrua» izatea.
Eskolaz kanpoko euskararen aldeko taldeekin elkarlana bultzatzea ere garrantzitsua da. Nerabea gizarteratu den unean, bidezko eta eraginkorra da ildo beretik doazen indar guztiez baliatzea. Ahalegin honetan udal euskara teknikariekin eta euskararen aldeko taldeekin lan egin behar du eskolak.
Bitartekari hauek guztiek (zuzendaritzak, irakasleek eta herriko taldeek) bi eginkizun nagusi dituzte. Alde batetik, hizkuntz egoeraren diagnosia egitea, baina denen artean, ikasle helduak ere partaide izanik. Bestetik, hizkuntz egoera normalizatzeko plangintza egin behar da. Hau ere denen artean jarriko da martxan
Euskara eta nire arteko akordioa
Nire inguruko kultura eta hizkuntza guztietara zabalik banago ere, Euskal Herriko kultura eta Hizkuntza maiteko ditut.
Euskaraz gain, gaztelania, ingelesa eta frantsesa ikasten ari naiz, eleanitza izatea aberasgarri delako gaur egungo gizartean txertatzeko, baina inoiz ez dut ahaztuko euskalduna naizela hitzez eta eguneroko praktikan.
Lehen hitza beti euskaraz egingo dut ikastolan zein kalean, eta elkarrizketakideak euskaraz baldin badaki, pozez jarraituko dut euskaraz; aldiz, euskaraz ez badaki, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez zuzenduko natzaio.
Mendetan bizirik justu-justu iraun duen hizkuntza ezagutzeko aukera izan dudanez, euskara ongi ikasteaz gain harrotasunez erabiliko dut, ni euskaldunago eta zoriontsuago izanik eta bidenabar gizartea euskaldunduz.
Euskaraz jakin arren gaztelaniaz hitz egiteko ohitura duenarekin, bere eta denon onerako, euskaraz jarraituko dut, Artze poetak esana gogoratuz:
«Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik».
Nire herrian euskaraz funtzionatzen duten zerbitzuak ezagutuko ditut: kultur alorrekoak, kirol esparrukoak, aisialdia, tabernak... eta behar ditudanean horiek erabiliko ditut.
Ikasle heldua izaki eta gazteagoen eredu imitagarri naizenez, ni baino gazteagoekin, ikastolan, nola kalean, euskaraz egingo dut, helduentzako ere euskara garrantzizkoa dela ohar daitezen.
Ikastolan euskarari buruzko hausnarketa eta bileretan gogoz arituko naiz. Horrela, euskara ongi ezagutuz eta euskaraz biziz, neure arrakasta eta euskararena bat etorriko dira.
Euskal Herrian oraindik egiteko dagoen iraultzarik handiena euskararen normalizazioa da eta ekimen honetan denok gara arduradun eta protagonista.