argia.eus
INPRIMATU
HABE-REN MATERIAL BERRIAK
2021eko uztailaren 19a

HABE-REN MATERIAL BERRIAK

Euskara ikasteko material berria aurkeztu zuen iragan astean HABEk. Kurrikulum berriari jarraiki, ikasmaterial honek ikasleak ikasbideaz gero eta gehiago jabetzea eta euskararen ikaskuntza eskolatik gizartera ateratzea du helburu. Ikaslea hizkuntzaren berezko esparruetan murgiltzeko prestatu eta pixkanaka euskararen erabiltzaile bihurtzea nahi du HABEk ikasmaterial honen bidez. Erakundeko teknikariek euskaltegi sare ezberdinekin elkarlanean landu dute ikasmaterial berri hau.


ZUIAKO AEK "LOKAL EGOKI" ESKE

Zuiako (Araba) Udalari «lokal egokiak» eskatu dizkio bertan hogei urte inguru daramatzan AEK-ko euskaltegiak. Egoera penagarritzat jo dute bertako gau eskolakoek, eskolako sotoetan baitabiltza, komunik nahiz berogailurik gabe. Gaur egun pairatzen duen «tratu diskriminatzailea bertan behera uzteko» eskatu zion AEK-k Udalari.


ELHUYAR-EN HIZTEGIA ON-LINE

Elhuyar Kultur Elkarteak «Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco» hiztegia Interneten jarri du. Pasa den ostegunetik dago www.elhuyar. com/hiztegia webgunean kontsultagarri. Josu Waliño arduratu da hontaz. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza izan du Elhuyarrek hiztegia On-line jartzeko. Aurretik UZEIk ere jarria zuen Euskalterm webgunea, bere hiztegia kontsultatzeko.


ERIZEREN LIBURUA GAZTELERAZ

Duela urte pasatxo argitaratu zuen Xabier Erizek «Nafarroako Euskararen Historia Soziolinguistikoa» liburua. Orain, Nafarroako Gobernuak gaztelerazko bertsioa kaleratu du, berregituratua eta eguneratua. Nafarroan, hainbat aurkari izanda ere, euskarak bizirik irauteko izan duen kemena nabarmentzen du egileak liburuan.