argia.eus
INPRIMATU
LAB-EN KRITIKAK EHU-RI
2021eko uztailaren 19a

LAB-EN KRITIKAK EHU-RI

LAB sindikatuak Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen Normalkuntzarako II. Plana geldituta dagoela salatu berri du. Ikasturte honetarako aurreikusita zeuden irakasle elebidunen kontratazio guztiak ez direla egin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimenik eman ez duelako, Miren Azkarate Irakasleen errektoreordeak kontratazio berriak «erretiratu» egin dituela kritikatu du sindikatu abertzaleak. Egoera tamalgarritzat jo du LABek.


NUP-EKO EUSKALDUN KALTETUAK

Euskaldun Kaltetuak izeneko taldeak protesta ekintza burutu zuen iragan astean Nafarroako Unibertsitate Publikoan. NUPeko kafetegiko teilatura igo ziren «euskaldunek jasaten duten egoera» salatzeko. Talde honetako kideek azpimarratu zuten Euskal Herriko unibertsitate guztietan gertatzen dela hori, baina NUPen 11 urte daramatzatela «euskaraz ikasi eta bizitzeko inolako eskubiderik gabe».


"EUSKARA ETA GIZARTEA"

Talaia eta Aurten Bai fundazioek, «Euskara eta Gizartea» izenburutzat duten jardunaldiak antolatu dituzte elkarlanean. Hizkuntza politikari buruzko hausnarketa egitea da jardunaldion xedea eta horretarako, besteak beste, web orri bat atondu dute. Allande Boutin eta Koldo Izagirreren testuak daude berba.canal21.com webgunean irakurgai eta astero iritzi berriak izango dira. Gai hau jorratu zuten astelehenean Kursaalean egin hitzaldian Anjel Lertxundik eta Bernardo Atxagak.


"12 ORDU EUSKARAZ"

«12 ordu euskaraz» festa ospatu zen larunbatean Andoainen. Horretarako propio eratutako batzorde batek antolatu zuen goizeko 9:00etan hasi eta 12 orduz luzatu zen jaiak. «Egunero euskaraz bizitzeko» aldarria egin zen.