argia.eus
INPRIMATU
"HERRI EZAUGARRIEN OSOTASUNA IZANGO DA GURE NAZIOA"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 21a
Udalbiltza sortu aurrez, Iruñetik Bilbora bitarteko ibilbidea burutu behar izan zenuten. Zeintzuk izan ziren ibilbidean gainditu behar izan dituzuen oztopo nagusiak?
Iruñean burutu genuen lehen biltzarrean harturiko erabakiei eta asmoei aurre egiteko oztoporik ez dugu izan. Udalbiltza proiektua satanizatzeko saiakerak bai izan direla, bai prentsaren aldetik bai Lizarratik kanpo direnen aldetik. Dena dela, ideiak garbi baldin badituzu, horiek guztiak gainditu egiten dituzu, eta guk gainditu egin ditugu. Udalbiltza sortu da, martxan dago, eta epe motzera emaitzak agertuko dira.

Udalbiltza eta Lizarra garai berean sortu ziren. Horri buruzko irakurketa egin al duzu inoiz?
Bai. Politikoki irakurketa garbia dauka. EAJk nahiz EAk beti esan dute, oso zaila dela biolentzia egoera batean elkarrekin lan egitea –helburu berdinak izanda ere– biolentzia legitimatzen dutenekin. Zentzu honetan, biolentziaren erabateko desagerpena helburu inportantea da guretzat. Biolentzia desager dadin aukera bazegoela ikusi genuenean, dinamika berri honetan sartu ginen. Beraz, hau ez da izan prozesuaren une honetan gure alderdian garatu izan den iniziatiba bat, alderdiaren ideia politikoetan jasota baizegoen. Gure alderdiaren historian agertzen denez, biolentzia egoerak gainditzeko une batzuk egokiagoak dira beste batzuk baino, eta une hartan, politikoki Lizarra-Garaziren adierazpen unea iritsia zela ikusi genuen.

Nahasmendu bat izan da Lizarra eta Udalbiltza ekimenen artean, hala ere.
Lizarra-Garazi bizi dugun konfliktoari aurre egiteko metodo bat da, eta Udalbiltza beste gauza diferente bat. Hori argi dago. Udalbiltzaren bidez, euskal alderdien arteko puntu komun batzuk nahi ditugu definitu herrigintzan aritzeko, ikuspegi nazional batetik herria egin ahal izateko.

Ezker Batua (IU-EB) Lizarran dago, baina ez Udalbiltzan.
Euskal alderdi batzuk pentsatzen dugu Euskal Herria nazioa dela, eta herri honek bere eskubide politikoak lortu behar dituela nazioa egiteko. Ezker Batuak badu Euskal Herriarekiko bere proiektu politikoa, baina Estatu espainiarraren barruan.

Abertzaleek beste alderdiekin kontatu gabe egingo al dute Euskal Herria, ordea?
Ez noski. Adibidez. PSCk (Kataluniako Sozialisten Alderdia) Katalunian dagoen gizarte sentimendu bati erantzuten dio, Maragallek badakielako –nazionalisten proiektuaz aparte– estatalistek ere modelo propio bat garatu behar dutela Kataluniarentzako. PSCk bere azterketa politikoa egiten du beste norabiderik ez duelako. Haiek badakite, gizarte katalanak bere nortasuna izan nahi duela, Madrilgo PSOEi ez bazaio gustatzen ere. Errealitateak agintzen du...

... beraz?
...beraz, guk ere Euskal Herriko errealitate hori gorpuzteko gauza izan behar dugu, eta hemengo alderdi estatalistek egoera horri aurre egin beharko diete. Udalbiltzaren bidez egoera politiko berri bat sortzen ari gara. Guk sinesten dugu proiektu honetan, eta haiek gutxinaka-gutxinaka bilduko dira berean. Helburu horrekin lanean ari gara.

Bost talde ari dira Udalbiltzan. Horietako bat «Nortasun nazionala» ari da lantzen. Argitu iezaguzu pixka bat?
Lan talde horrek ideia hauxe landu nahi du, gutxi gorabehera: herri batek nazioa bezala identifikatua izan dadin, ezaugarri batzuk behar ditu. Guk herria politikoki izaten jarraitzeko, herritarrek herri baten sentimentu eta partaidetza ager dezaten nahi dugu. Sentimentu eta izate subjektibo horretatik sinbologiak berebiziko indarra dauka. Alor hori nahi dugu landu Udalbiltzan, herri bezala identifikatzen gaituzten elementu horiek garatu.

Kontuan hartuz elementu eta ezaugarriak oso diferenteak direla Euskal Herrian...
Noski. Euskal Herriaren naziotasunaren ezaugarriak definitzen joateko ordua da, hala ere. Ez da izango nazio erabat homogeneoa. Baina azken finean, herri honen ezaugarri guztien osotasuna izango da gure nazioa. Adibidez, kanpora goaz, eta euskalduna garela diogu –espainiarra izan edo izan, bestalde–, baina zein komunitateko partaidea garen are gehiago argitu eta landu behar dugu. Abertzale bezala, herri izatea, pertenentzia eta sentimendu hori indartzea dugu helburu. Hori esanda ere, Udalbiltzaren muinean, prozesu demokratikoaren barrena, herritarren atxikipen askearen bitartez gure nortasuna indartzea dago. Herri honen barruan biltzen diren parte guztiek sentimendu hori gara dezaten, alegia.

Udalbiltzak «Seiak bat» erabiltzen du Euskal Herria definitzeko «Zazpiak Bat»en beharrean. Iparraldeko abertzaleek ez dute oso gustuko.
Euskal Herria edo Euskadi hitza erabiltzearekin ere gertatzen da halakorik, esaterako. Lurralde batean edo beste batean izan, doktrina diferenteak direla erakusten du horrek. Zuk diozun kasuak kontraesan bat adierazten du beharbada. Gure historiarekikoan arazo bat agertzen du. Euskal Herria historikoki sei lurraldek osatu du ordea, eta guk gure herria sei lurraldek osatua dela diogunean, konflikto historiko-politiko baten ondorioz, Nafarroa –eta orobat Euskal Herria– zatitua izan zela adierazten dugu. Udalbiltza ohartzen da zein den Iparraldeko Nafarroaren egoera soziopolitikoa, hala ere.

EAEra etorriz. EUDEL (Euskal udalen elkartea) eta Udalbiltza konpatibleak al dira?
Bai, jakina. Kaleratu izan den eztabaida ulertezina da. EUDEL udal autonomiaren sustapena eta babeserako sortu zen. Gure udalak marko juridiko instituzional batean kokatzen dira, eta nolabait, Jaurlaritzak eta Diputazioek garatzen dituzten arauak udalek berek dituzten eskuduntzetan ez daitezen sar sortu zen EUDEL. Udalgintzaren defentsan ari den aholkularitza moduko erakunde bat da. Udalbiltza beste gauza bat da, diferente, baina osagarria. Udalbiltza instituzio politiko izateko bokazioz sortu zen. Euskal Herriko lurralde guztientzako instituzio komun bakarra izango dena, Euskal Herriaren naziogintzari ekiteko. Biak osagarriak dira horregatik.

Gipuzkoako Foru Aldundia tarteko, Tolosaldeko hainbat udaletan EAJ eta EHren arteko tirabirek nabarmen utzi dituzte naziogintzan diren diferentziak, ezta?
Prozesu politiko zail batean gaudela ulertu behar da, egunetik egunera ez dira gauzak aldatzen. EHk bere proiektu soziopolitikoa du, gizarte modelo konkretu bat, eta EAJk nahiz EAk bereak. Horiek denak, eguneroko jardunean, batean adostea ez da erraza, komunitate guztietan arazo pertsonalek leku garrantzitsu bat hartzen dutelako.
Nik beste irakurketa bat egingo nuke: duela urte pare bat baino adostasun handiagoa dago abertzaleen artean; hemendik aurrera handiagoa izango da gainera. Leku batzuetan, tokian tokiko arazoak direla medio, diferentziak gainditzea zailagoa dela? Gauza izan behar dugu horiek gainditzeko, ordea.

EAJk, arazoak arazo, eutsiko dio betiere Udalbiltzaren ildoari?
Hori indar mediatikoek baldintzaturiko galdera da. Kontuan hartu behar da EAJ dela Udalbiltzaren zutabe nagusia. Udalbiltzaren ideia ez da alderdira kanpotik etorria. Guk sortutako proiektua da ere.

Gernikako Estatutuaren hogeigarren urteurrena dela-eta sorturiko zurrunbilo mediatikoak ere EAJri begira jarri gaitu. Alegia, alderdi guztiak EAJk hartuko zuen posturaren aiduru egon dira.
Bai, bi aldeetatik begira ere. Nolanahi ere, ez badago garbi ere, esango dugu beste behin ere: Estatutua guretzako autogobernuari ekiteko bitartekoa da, Estatutua ez da guretzat helburu bat. Berean, gainera, esaten da Euskal Herriak esango duela zer izan nahi duen etorkizunean. Estatutuaren hogeigarren urteurrena dela-eta gure ospatze eza zabaldu da, baina, ez iaz ez aurreko urteetan ere ez genuen ospatu. Oraingoan, berriz, hori izan da notizia. PPk eta PSE-EEk kontraesan fiktizioak kaleratu nahi izan dituzte. Kontraesanak ordea, alderdi horiek dituzte: urteurren bat ospatzen da proiektu bati fideltasuna atxikitzen zaionean. Zer-nolako fideltasuna erakutsi dute PPk eta PSOEk Estatutuarekiko? Haiek izan dute Estatutua garatzeko aukera hogei urteotan, eta ez da osatu. Eta orain ospatzen ari dira. Izugarrizko kontraesana dago hor.

Bi aldeetatik begira esan duzu. Zergatik?
Finean, bai PPk eta PSE-EEk nahiz EHk ere EAJk Estatutuari uko egin diezaiola nahi baitute. Estatutuari ezin zaio uko egin, bere bitartez sortu diren instituzioetatik, hau da, udaletatik, diputazioetatik edota euskal gobernutik ari garen bitartean. Gu instituzio hauetatik ari gara, eta ditugun arduretatik herrigintzari ekingo diogu ere bai. Estatutua tresna bat da, beste tresna bat. Sortu diren tresna guztiei eutsi nahi diegu, eta beraietan ongarria dena erabiliko dugu herria eta nazioa egiteko.

Udalbiltzaren egitekora bueltatuz. Udalbiltzak emango al du bake prozesuaz iritzirik, esaterako?
Ez. Udalbiltzaren zeregina oso ondo dago definitua, eta ez da hori bere egitekoa. Horretarako badaude beste ekimenak.

Espainia nahiz Frantziako gobernuek normalizazio eta bake prozesuari oztopoak besterik jarriko balizkiote ere ez?
Beno, gertaerek beren maila badute, eta Espainiako edo Frantziako gobernuek bake prozesuari kalte egingo baliote, eta kalte horrek euskal naziogintzari kalte egingo balio, beharbada bai. Ez dezagun halako une gaindiezinik espero baina. Izan gaitezen baikor. Egoera larrienean, analisi berri bat egin beharko genuke, eta erantzun bat eman. Gure esperantza eta sinestea da –muturreko eszenategi batera iritsita ere– gure proiektua euskal herritar gehiengoaren babes osoa jasotzea. Euskal Herriko hautetsi gehiengoak Udalbiltzaren helburuekin bat egiten duela ikustea.

Itxaropentsua zara beraz?
PPk eta PSOEk giroa nahastea dute helburu. Mezu beldurgarriak helaraziz, baina gure proiektuari buruz ez dute hitz egin nahi. Gure bozgailuak ez dira haienak bezain azkarrak, eta ahalegin handiagoa egin behar dugu. Artean, segi dezagun herria egiten, herriari helaraziz herri osoarentzako proiektu ona dugula. Hori lortzeko kapaz baldin bagara, eta herritarrek babesa ematen badigute, Madril eta Parisek errespetatu beharko gaituzte. Bizi dugun konflikto handi honi konponbide bat eman nahi badiote, behintzat

HERRIA FAMATU DUEN ALKATEA
HERRIA FAMATU DUEN ALKATEA
Orain 35 urte Beasainen jaioa. Bertako alkatea da. EGIko kide izana eta EAJkoa orain. Zuzenbidean lizentziatua EHUn. Beasain herria famatu egin du Udalbiltzako koordinatzaile eta bozeramailea den aldetik. EAJ-EA koalizioaren botoekin ari da gobernatzen, baina minorian. EHrekin aztertzen ari da gobernu posible bat. Lizarran eta Lizarran ez direnen arteko fronterik sortu gabe, bere hitzetan.