"IRAKURTZEAK SOFRIMENDUA SORTARAZTEN DU"

  • Une oparoa Pablo Antoñanaren literaturak bizi duena. Gero eta maizago jasotzen dugu bere liburuen deia. «Extraña visita y otros relatos» izenburupean argitaraturikoa duzu Bianakoarekin izan dezakezun azken enkontrua.
Legezko lo-kuluxkaren ondoren hartu gaitu, azken bolada honetan ez omen du sobera lorik egiten, Elvira ez dator bat. Iruñeko karriketatik barna, maiz ikusiko dituzu pasiatzen; bakar batek esan duenez, Bianako Printzea saria jaso dutenen artean, kaletik dihoan bakarra, eta txapelarena, ez omen zuen kendu txapela sari-emailearen aurrean.

Ohikoa bilakatu zaigu Pablo Antoñanaren liburu berri baten aurkezpena. Pasa den hamarkadan gazte batzuk literaturarako berraurkitu zutenetik, eta hamarkada honetan bereziki, narratiba, kazetaritza, antropologia edo historia jorratu ditu. Pamiela, Bermingham, Txalapartan edo Gobernukoan, hiruzpalau liburu plazaratzen ditu urtero. «Argitaratzen didaten bitartean, luzarorako daukat». Elvirak eskuz irudikatzen du izkribuen andana. «Idatzitakoa gainbegiratzen dut, ukituak ematen dizkiot, ez dut presarik, idazle batzuk azkar eta asko idatzi behar izaten dute, idaztea ogibidea baitute; nik ez dut horren beharrik. Egunero eta astiro idazten dut. Ipuinak, kontakizunak idazteko gaiak ehundaka ditut gordeak ordenadorean».
 
Inoiz, esana du, memoriak idaztekotan, lau hilabete eskas geratzen zaizkiola jakinda idatzi nahiko lituzkela, amorruz idatzi ere. «Memoriak arriskutsuak dira oso, konpromisoa hor da, ene inguruan gertatu dena, ezagutu dudan aldakuntza sozio-ekonomikoaz aritzea bai, baina zenbait kontu ezin da bizirik zaudela argitara eman».


KONTZIENTZIEN FOSILIZAZIOA.

Kontzientzia, 1945ean, Zaragozan ikasten ari zela piztu zitzaion, apaiz batek Hitlerek egindakoa kontatu zienean. Alta, oroimenak, zaharragoak diren garaietara darama Pablo: «Oroitzen ditudan pasadizoak sugarren antzekoak dira, Errepublikaren aldarrikapena, amatxiren heriotza, 1936a, 1935eko ihauteriak eta mitinak. Gure amak etxeko argiak itzaltzen zituen politikariak pasatzen ikusteko, aita zenak, maisua izaki, eskolak irekitzen zizkien, mitina eman zezaten...».

Artikuluetan behin eta berriro kontzientzien fosilizazioaz aritu zaigu, gertakizunak, besterik gabe, itxuraz aldatzen dira. «Egungo pentsamendu bakarrarenak, Antzinako Erregimenaren garaian katolizismoak betetzen zuen funtzio bera betetzen du». Irakurketa eta idazketa ditu babestoki, egia balore absolututzat hartzen ez duenarentzat nekeza da egia berreraikitzeko prozesua. «Irakurtzea kontzientziaren pizgarria da, gizakia biltzen duen armiarma-sare iluna desegiten laguntzen dizun ekintza, baina, aldi berean, irakurtzeak sofrimendua sortarazten du. Beraz, ikuspuntu horretatik, ez da batere harritzekoa jendearen jarrera, zertarako irakurri, jantzi, horrek sofrimendua badakar. Gehiengoaren pentsamenduarekin lerrokatzen dira».

Politikoen ezjakintasunak aztoratzen du: «Sekulako astakeriak bota eta jendeak botoa ematen die, politikari gehienek ez dute kulturarik, irakurtzea arrotz zaie, astirik ez dutelako edota horretarako borondaterik ez dutelako. Ugazabaren elea darabilte, antzezlanerako beti prest. Sean Conneryk esana du, sobera aktore txarra dela politikan aritzeko».


HIZKUNTZ ZALETASUNA.

Urola aldeko Zumarretxuko koadrilak, Ioarko txorien baimenez, euskarara bihurturiko «Juli Andrea» kontakizuna ez da Antoñanaren obrak merezi izan duen itzulpen bakarra. «Botín y fuego» alemanieraz irakur daiteke. «Lehenengoan, Sanchez-Ostiz lagunarekin aritu nintzen itzulpenaren aferaz, berarendako afera baita; inoiz bere liburuak itzuliezinak direla aipatu diote, ez dakit hori nere kasua den». Aberatsa da Antoñanaren prosa, barrokismorik gabekoa baina. Istorioak kontatzen dituen nekazari ilustratutzat du bere burua. «Lurrarekin oso harreman estua izan dut; dena sinplifikatzeko joera dagoen honetan, nekazarien hizkuntza aberatsa zait».

Pablok duda izan du fede bakarra, hori izan daiteke bizi izan duen bakartasunaren arrazoietako bat. Bakartasun horretan ere, hizkuntz zaletasuna piztu zitzaion. Gure Faulkner-ek horrenbeste aldiz kritikatu duen aberriaren enbaxadari zor dio estatubatuar literatura ezagutu izana. Itzulpenen bat egina dauka ingeles hizkuntzatik. «Ingelesa ikasteko erraztasun handiak izan nituen, gainera BBC irrratiaren albistegi emanaldiak aditzen nituen; hasieran, berriak astiro ematen zituzten, ingeles geldoan ematen zituzten, eta ondoren abiadura arruntean irakurri». Proposamen hori du euskararako. «Euskaldunzaharrekin zailtasunez aritzen naiz, gazte hasi nintzen euskara ikasten, borondatea banuen, eta nere kasa ikastea nuen helburu. Gramatika zahar batzuk baditut, horietako bat bizkaieraz, beste bat zientifikoagoa». Batasuna mesedegarria dela uste duten horietakoa da Pablo: «Batuarekin ezberdina zatekeen, gazte nintzen eta hizkuntzetarako nolabaiteko erraztasuna banuen. Epaltzarena da irakurri dudan azken obra».

Zinemarako eginak dirudite bere zenbait kontakizunek, arraroa irudi zaigu inolako eskaintzarik jaso ez izana. «Behin Bartzelonatik hots egin zidaten, `El sumario' zinemaratzeko asmoa zuten, baina telefonoarena ez genuen gainditu». Guk «La cuerda rota» proposatu diogu, berak «Relato cruento» eta «Botín y fuego» ikusten ditu egokien: «Badakizu zer den hori, ipuina hartu eta pertsonaia birsortu, Rivasen `La lengua de las mariposas' ipuinarekin egin duten bezalaxe. Horretan akaberak salbatzen du filma». Batzuk akabera bortitzegia iritzi diotela aipatu diogunean, «horiek ez dira UPNtik urruti ibiliko, beren burua edota hurbilekoen burua islaturik ikusi dute» erantzun digu.


TRADIZIOAK.

«Tradizioak behar-beharrezkoak dira, depuratuak egon ala ez, tradizioak ezberdina egiten du herria, eta gisa horretan sentitua», bere aipua da. «Tradiziotzat herriek dituzten usadio horiek ditut, non egun jakin batean, haiengan sinetsi ez arren, saindu bat gurtzen duten. Horietan nolabaiteko kohesio soziala gauzatzen da; tradizioaren barnea, berez, hutsa da, ez du sakontasunik esateko mugiezina den zerbaitetan oinarria duela».

Mugaldekoa da Antoñana, bere hitzetan, orain Errioxa deitzen duten Gaztelarekin muga duen Ioarko Errepublikakoa; San Gregorio Ostiensen, Ioarko lehendakaria izendatu nahi izan zuten. Bianakoaren istorioek ez dute Lizarraldea, Estellerria muga. Antillak, Txina, Filipinak, Argentina... atlasekin bidaiatzen du: «Bidai-liburuak, geografia, atlasak gogoko izan ditut beti, material andana dut bildua, geografia magikoa deitzen dudan hori osatu ahal izateko». Alta, badirudi, ahozko tradizioa baliatzen duela kontakizun orotan: «Hor agertzen da lurralde horiekiko dudan harremana, gure aitatxi Dimas Kuba eta Filipinetan egon zen, eta afektiboki oso loturik nago bi herrialde horiekiko».

«No estamos solos» bere eleberrian agertzen diren txinatarrenak erudito lokal baten harridura sortarazi zuen. «Aitatxiren garaiko Filipinetako argazkiak gorde ditut, eta horietan txinatar asko agertzen dira. Hortik dator Txinarekiko nere miresmena; Iribarren harriturik zegoen horrekin». Pabloren aburuz, ez omen da errealitatea sobera bihurtu behar fikzioa sortzeko, inoiz, harrigarriagoa dirudi: «Elementu horiek guztiak present daude nere idazlanetan, gainerako guztia, ohi denez, liburuetakoa, fikzioa da».


HISTORIA.

Idatzi nahi duen autobiografia gogora ekarriz, historiaz idatzi dituenak aipatu dizkiogu. Zeresana eman zuen «Noticias de la Segunda Guerra Carlista» izan dugu hizpide: «Liburu horretan, idatzi ordez, jaurti egiten nuela esan zuten espainiar telebistan, gainera okerrak zituela. Etor daitezela eta iturriak erakutsiko dizkiet». Ez da hori karlismoaz, bigarren karlistadaz, idatzi duen ikerketa lan bakarra. «Eusko Ikaskuntzak antolaturiko `Violencia en Euskal Herria' izenburuko jardunaldietan parte hartu nuen». Ahozko tradizioa eta dokumentuen informazioa uztartuz, herriarengandik, herritarren sofrimenduarengandik askozaz hurbilagoa den irakurketa egin nahi izan digu. «Bianan zioten gisan, karlista ez dena ez da katolikoa. Karlismoa Antzinako Erregimenaren jariatzea izan zen, Eliza Katolikoak nagusigoa mantentzeko egindako saioa. Eta ondoren 36koa, antzekotasun ikaragarriak, zenbait testuk esku berdinez idatzirik dirudite, hori deskalabrua!».

Ikerketa landu duen Antoñana ezezagunagoa zaigu. Oraingo honetan ere, antropologia eta historia lanek bere produkzioaren zati handi bat hartzen dute. Geronimo de Uztariz Institutuaren Kongresurako egiten ari denaz gain, Baroja Katedrarako «Casa y familia» izenburupean lan bat ari da burutzen; antropologia izanen du abiapuntua. Ikerketa lanak eskatzen duen esfortzuaz oharturik, «gustura aritzen naiz, baina seriotasunez egin nahi izaten dudanez, ordu asko eskaini behar dizkiot, eta horrek literatura bazter uztea dakar. Istorioak asmatzea errazagoa omen da, noski baietz. Bestalde, kontakizunari forma eman behar zaio, literaturaren bidez egiazkotasuna eman ahal zaio gertakizunari».

Bianakoa literaturak garaiko soziologia ezagutzeko parada ematen duela defendatzen dutenetakoa da. «Unamuno, Baroja, Kanpion lekuko, literatura, maiz askotan, historia baino zehatzagoa da. Historialaria datuak baliatuz pontifikatzen hasten da, baina idazleak gertakizunak bero-bero eskaintzen dizkizu». Alta, bere irudiz, Tolstoiek Errusiarako egin zuen «Gerra eta Bakea» egin gabe dagoela gurean: «Unamuno eta Kanpionenak? Bai, baina zerbait gehiago egin daiteke».

Bilduak dituen dokumentu andanan arakatzen hasten da. «Oso gauza bitxiak aurkitu ohi ditut. Esaterako, hemen duzue Gazteizko Udalak 1791n egindako ordenantzak, prosa legal hutsa dira, eguneroko bizimodua deskribatzen dute, debekuek jendearen usadioak erakusten dizkigute».

Zernahi dauka bere paperen artean. «Horra Epaitegi Goreneko fiskalak 1900ean bidalitako zirkularra; alperkeria, ardozaletasuna eta armen erabilera omen ziren aberriaren arazo nagusiak. Justiziaren geldotasuna jotzen du armen erabilera zabala izatearen arrazoi gisa. Bidegabekeriak konpondu ezean, norberak zigorra ezartzen du, mila urte igaro eta, ura bere bidean».

Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Ainubean

Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Mazango auzia: 20 urteko kartzela zigorra jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti eta fiskalak eskaturikoa baino zigor apalagoak beste 50 bortxatzaileentzat

Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]


2024-12-19 | iametza
Iametzak programatzailea behar du

ARGIAren taldeko kide den Iametza teknologia berriak erabiltzen dituen komunikazio enpresa da.


Hezkuntzako ratioak jaisteko eskaera Nafarroako Legebiltzarrera eramango dute gurasoen plataformek

Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.


Gasteizko SDA Factoryk ere lantegia itxi eta 55 lagun kaleratuko ditu

B&B Trends lantegiaren jabeak iragarri du hartzekodunen konkurtsoan jarri duela lantegia, "ondare desegonkortasuna" argudiatuta.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Eguneraketa berriak daude