Hizkuntza Biziberritzeko Saioak», hori izango da abenduaren 1etik 3ra Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den Eremu Urriko Hizkuntzei buruzko VII. Nazioarteko Biltzarraren gai nagusia. Honako hau zazpigarrena izango da; aurretik beste sei egin dira hainbat herritan. Lehena Glasgowen, Eskozian egin zen 1980ean; 83an Turku Abon, Finlandian; 86an Galwayen, Irlandan; 89an Leeuwarden, Frisian; 93an Cardiffen, Galesen; eta orain hiru urte Gdansken, Polonian. Biltzarra herri batean egiteko baldintza bertan eremu urriko hizkuntza bat mintzatzea da. Baina biltzar hauen garapenean Europako egoera politikoaren aldaketak ere izan du zerikusirik: herrietako hizkuntza bereziek indarra hartu baitute, euren buruari leku eginez honelako biltzarretan.
FISHMANEN EREDU TEORIKOA.
«
Intelektual, aditu eta arituen harremangunea da Eremu Urriko Hizkuntzen Biltzarra», Josune Ariztondo Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen hitzetan. Bertan bildutakoek, euskara eta katalana bezalako hizkuntzak erakundetzearekin batera, zein eratako sustapen politikak egin diren adierazten dute, eta elkarrekin erkatu. Bilbon egingo den biltzarrak badu besteekin alderatuz berezitasunik. «
Hizkuntzen berreskurapena, biziraupena eta biziberritzeari buruz gogoeta teorikoa egingo da», Josune Ariztondoren esanetan. Orain arte biltzarretan egin diren gogoetak irakaskuntzari lotuta egon dira hein handi batean, atal jakin batzuetara mugatuak, alegia. Oraingoan, hesi horiek gaindituz, gogoeta orokor bat egin nahi izan da. Horri lotuta dago Joshua Fishman adituaren presentzia Biltzarrean. Fishman Yeshivako Unibertsitatean irakasle eta katedradun izana da eta egun Stanfordeko Unibertsitateko irakasle «Emeritus»a da. Hizkuntzen irakaskuntzaz eta hauen egoera eta berreskurapenaz asko dakien pertsona da berau.
SAIO TEORIKO ETA PRAKTIKOAK.
Eremu urriko hizkuntzak iraupenera eraman dituzten prozesuak, hizkuntza hauek biziberritu dituzten prozesuak eta hauek gainbehera eraman dituztenak aztertzea eta hauen inguruko eredu teorikoetaz eztabaidatzea da biltzarraren helburu bikoitza. Helburu hauek jorratzeko ia 500 pertsona aurrematrikulatuak daude. Deialdia irekia izan da, baina Ariztondok dioenez, ez da «
edozein» hurbilduko. Euskalgintzaren inguruko pertsonek hartuko dute parte nagusiki. Eta hezkuntza, familia, erabilera eta kalitatea bezalako gaiak jorratuko dira.
Guztira, biltzarrak iraungo dituen hiru egunetan zehar 5 hitzaldi nagusi, 10 komunikazio eta 30 poster (ordu erdiz edo hizlari ezberdinek bere lanari buruz eginiko hitzaldi laburrak) izango dira. Abenduaren 1ean, hasiera ekitaldiaren ondoren, «Hizkuntza Biziberritzeko Saioetarako Eredu Teorikoak» landuko dira. Joshua Fishmanen «Why is it so hard a threatened language?» izango da hitzaldi nagusia. Abenduko bigarren eta hirugarren egunetan «Hizkuntza Biziberritzeko Saioak Nazioartean» eztabaidatuko dira. 2an Lluis Jouk katalanaren inguruko saioei buruz mintzatuko da. Eta Colin Williamsek Galeseko egoera azalduko du. 3an berriz, Xabier Aizpuruak, Euskara Sustapenerako Zuzendariak, «Euskara: bizirik irautetik biziberritzera» hitzaldia eskainiko du. Eta azkenik, J. Claude Corbeilek, Québec-eko Hizkuntza Politikarako zuzendariak, bertako egoerari buruz hausnartuko du. Amaiera ekitaldia, Richard Bourhisek, Biltzarraren Batzorde Akademikoaren buruak, egingo du arratsaldeko hiruak aldera. Lan hizkuntzak euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa izango dira, «
eremu urriko hizkuntzak dira aztergai, baina eztabaidatzeko, frisiar baten eta euskaldun baten artean, adibidez, eremu urriko hizkuntza ez dena erabiltzea beharrezkoa baita». Hausnarketak hausnarketa, Ariztondoren ustez, ezinezkoa da eremu urriko hizkuntzaren definizioa «
kilometro karratutan» ematea, «
Hizkuntza baten hedadura besteekiko neurtzen baita». Hizkuntzen ereduen arteko konparaketa praktiko eta teorikoa egingo da hain zuzen biltzarrean. Katalanak esaterako, hiztunei eta kopuruei erreparatuz, euskarak baino egoera hobea du. Baina berreskurapen erritmoari dagokionez, euskararena hobea da. Europari begiratuz, euskararen egoera ez da horren larria. «
Ispiluaren arabera, ezberdin ikusten da zeure burua»