Zer moduz joan da kurtso berriaren hasiera Diwanentzat? 250 ikasle berri irabazi dugu aurten. Kolejio berri bat eta bi eskola gehiago ireki ditugu Loira eta Morbihan-en; zabalpen eskasagoa dagoen eskualdeetan, alegia.
Urtean zehar mobilizazio azkarrak burutu dituzue Karezen hirugarren Lizeoa zabaltzeko. Zertan da afera?
Hil honetan, auzitegiaren erabaki bat espero dugu Erregioko Kontseiluaren laguntza ekonomikoa jasotzeko. Anartean, gurasoak ari dira apailatzen Karezko Keranpuil eraikinean dagoen Lizeoa.
Zertan dira Diwan eta Hezkuntza Nazionalaren arteko negoziazioak?
Une honetan ez aurrera ez atzerako egoeran gaude. Lehen fase batean, elkar ezagutu eta terminoak zehazteko aritu ginen. Bigarren fase batean, proposamen bat ukan behar genuen, baina Hezkuntza Nazionalak ez digu deus garbi eskaini. Erretorea eta eskualdeko prefetarekin eztabaida teknikoetan ari gara oraindik.
Arazo teknikoak alde batera, zein da zuen filosofia edo nahia?
Guk ez dugu integrazio hitza onartzen, estatutu publiko bat nahi dugu, gure berezitasunak errespetatu eta kontuan hartuko dituena. Diwaneko gehiengoa gure espezifikotasunaren alde dago.
Zein dira bide honetan zuen lan ardatzak?
Bi dira gure erronka nagusiko ardatzak: pedagogia, batetik, eta gestioa, bestetik. Kudeaketa hiru partaideren artean izan dadin eskatzen dugu: Diwan, estatua eta udalerriak. Datorren urtean estatutu publiko bat lortuko dugulakoan gaude. Artean, bideak lantzen ari gara, estatuarekiko bide guztiak.
Zer iritzi duzu Frantziak hizkuntz gutxituei buruz duen jarreraz?
Frantzia, beste behien ere, txosten honen aurrean blokeatu egin da. Frantzia ez da gauza Europako beste herrialde edo estatuek alor lingusitikoan hartu dituzten neurriak hartzeko; oso eskubide arruntak badira ere. Frantziak arkaismo izugarria erakusten du bere jokamoldeetan.
Lionel Jospin lehen ministroaren asmoak ere ustel, beraz...
Lionel Jospin diputatu sozialisten aurrean agertu zen erranez Europak kartari buruz harturiko engaiamendu guztiak errespetatuko zituela. Teorikoki bai, baina praktikan ez dago aldekaterik, ez dago aitzinatzerik. Irakaskuntza eremuan biziki lagungarria litzateke Kartaren neurriak aplikatzea, jakina