argia.eus
INPRIMATU
Euskal eta bretoi arrantzaleen arteko gatazka lazgarriak
2021eko uztailaren 21

Ipar Euskal Herriko eta Bretainiako arrantzaleek elkar hartu dute itsasoko lanetan, eta gaur egun ere halaxe jarraitzen dute. Badago bi herrien arteko historia markatzen duen une lazgarri bat alta.


1926KO KANPAINA GOGOAN.

Urte bukaera hartan, usaian bezala, bretoi arrantzaleak sardinaren kanpainan etorri ziren gure itsasora. Batzuk bere belauntziekin –25 bat inguru–, bestetzuk euskal baporeetan tripulari lanetan aritzeko. Bretoi emazteak artean, Donibane-Ziburuko kontserbategietan ari ziren. Azaroaren hasieran ordea –Audierneko Jos Gloaguen-ek gidaturik– bretoi arrantzaleak Donibane-Ziburuko nagusien aurka oldartu ziren; sardinaren prezio onargarriago bat eskatzen zuten. Bretoi arrantzaleek zerabiltzaten konbenioak euskaldunenak baino askoz egokiagoak ziren. Euskal nagusiek, bertako itsasuntzien patroiak nahiz arrantzaleak ondo baino hobeto erabili omen zituzten, eta bretoi eta euskal arrantzaleak elkarren kontra jarri ere.


TTIKI TRINKETEKO ISTILUAK.

1926ko arazoaren 3an, Ttiki trinketearen aitzinean enfrentamendu gogorrak izan ziren bretoi eta euskal arrantzaleen artean. Bretoiak jipoituak eta portutik kanpo jarriak izan ziren, kupidarik gabe. Garai hartako kroniken arabera, bertako armadoreek ez zuten inondik inola ere bretoi arrantzaleek itsaso lanetan zeuzkaten baldintzak euskal arrantzaleentzat aplikatzea nahi. Bretoi arrantzaleek eta patroiek arrainketaren erdia baino gehiago hartzen zuten beretzat, euskal armadoreek bilduriko sardinen erdia hartzen zuten bitartean. Egungo arrantzaleen esanetan, garai hartako gertakari doilarrak bretoiek historian erakutsitako askatasun eta elkartasuna handiaren lekuko dira