H
iru korronte ageri ziren duela hilabete bat Erriberrin egin zenuten bilkuran, Lizarbe, Lola Eguren eta Urizenak, nolabait deskribatzeagatik. Kongresuak korronteak integratu dituela esan zuen PSNk orduan. Eguren, ordea, ez dago zuzendaritzan.
Zure itaunketa hemendik hastea ulertzen dut, baina errealitatea bestelakoa da. Bi urte generamatzan Zuzendaritza Batzorde Berdinarekin. Orduan, azkeneko hauteskundeekin primariak deitu genituenean eta ondorioz eman zen banaketa inpresioagatik, Lizarbe, Uriz eta Eguren hautagaien inguruan, gizartean egon zitekeen haustura sentsazioa gainditzeko xedea zuen batzarrak. Zentzu honetan ospatu dugu Erriberriko bilera. Aho batez onartu dira gainera alderdiaren lan ildoak, eta honekin erran nahi dut ez dagoela joera ezberdinik alderdiaren barruan. Noski, pertsonak badaude, baina handia da arras gure taldea. Gero, Lola Egurenen kasuan, Zuzendaritza Batzordean erantzukizuneko tokia eskaini zitzaion baina muzin egin dio.
Zu izanen zinela Nafarroako Legebiltzarreko Presidentea jakitean haserre agertu zen arras Lola Eguren, euskal abertzaletzat hartu zintuen.
Horrek politikoki izugarrizko miopia erakusten du eta pertsonalki, horixe, arrunt haserre zegoela. Haserre batzuk badaude, gainera, barnerako gorde behar direnak, kanpora atera ezkero, barregarri gelditzen baitzara. Dena den, garbi utzi nahi dut Lola Eguren lehian ibili zela Nafarroako Presidente izateko hautagai gisara, inoiz ez Legebiltzarreko Presidente izateko. Guztiagatik haserre zegoela, eta politikoki begi motz. Ez ditut aintzat hartzen bere hitzak.
Lizarrako akordioa zu zeu herriko alkatea zinela sinatu zen eta honek ere zer errana ekarri zuen.
Kontua gardena da. Ea. Egitasmo batekin ateratzen zara alkate, baina gero herritar guztien alkate izan behar duzu, programa jakin hori gauzatzeko ahaleginak atzendu gabe. Bertzerik ez dago. Udaletxeko alderdi batek bilkura baterako eskatu zuen Udaletxea eta nik utzi egin nuen. Bertzelako talde bat izanen balitz ere, modu berdinean jokatuko nuke.
Urte bat dagoeneko Lizarrako Ituna sinatu zela, gerora Garaziraino hedatuko zelarik. Zer balorapen merezi dio Jose Luis Castejoni Lizarra-Garazik?
Bi balorapen ditu. Batetik, errealitatea da Garaziko hitzarmena sinatu eta 48 ordura ETAk su-etena deitu zuela. Bigarrena da indarkeria, hilketak... hitzarekin ordezkatu direla, argudio politikoarekin, eta paperak, hitzak, guztia jasaten du. Orain garrantzitsua zera da, guztiok gauza izatea eta maila erakustea behin-betiko bakea lor dadin. Behin-betiko bakea lortzea ez da kromoak elkar trukatzea bezalakoa. EAE eta Nafarroako jendea anitza da, eta hau kontuan hartu behar da.
Alta, Lizarra-Garaziko bidea hilda dagoela erraten duenik badago.
Bai, bertze irakurketa politikoek zera diote, agortu dela. Eta egia bada, zerbait sortuko da Lizarrako errautsetatik, zerbait hil denaren ondorioz. Alabaina, nik nahiago izaten dut alderdi positiboa ikusi eta zentzu honetan egoerak aunitz egin du aitzina. Bake prozesua hasi dela deritzote kazetariek. Nik ez dut izenik paratu nahi. Baina, egia da, adibidez, hauteskundeak izan zirela eta izugarri gora egin zutela bai alderdi estatalistek, baina baita Euskal Herritarrok alderdiak ere. Bakearen aldeko mezuarekin honek, eta ez liskarraren aldekoarekin. Primadera alderako bertze hauteskundeak egonen dira Madrila begira eta honek gehiago legitimitatuko du, behin-betiko bakeari begira izanen baita bozketa. Baina ziur nago historiak juzkatuko duela 1998ko irailaren 12an itzulirik ez duen bide bati ekin zitzaiola.
PSE-EEko Redondo Terrerosek apika komenigarria litzatekela talde ezberdinekin –Euskal Herritarrok barne– solasten hastea erran berri du. Zein iritzi duzu honen inguruan?
Txalotu egiten dut. Areago, erantzukizun politikoa da. Kontuan hartu behar dugu EHko ordezkariak instituzioetan daudela jendeak horrela nahi duelakoz. Tonbolara joan ondoren ez dituzte bertan txartelak erosi. Eta hau oso garbi eduki behar dugu guztiok, edozein alderdi politikokoak izanik ere.
PSN ere alde egonen litzateke EHrekin mintzatzeko tenorean?
Ni ez naiz inor Nafarroako Alderdi Sozialistak zer eginen duen errateko. Nik soilik erran dezaket egoerari behar bezala aurre eginen diogula. Berriz diot EHk hondarreko hauteskundeetan bakearen mezuak paratu dituela gehiago mahai gainean, eta ez hainbertze autodeterminazioa bezalako aferak, edota ez dakit zer garen, ez dakit zer ez garen. Azken buruan, elkarrekin bizi beharko dugu, bertzearenganako errespetuz. Autodeterminazio eskubideari dagokionean, nork du autodeterminatzeko eskubidea, herriak soilik, hiriak ere, herriek, auzoek? Hagitz eztabaidagarria da guztia. Etorkizuneko Europako Batasuna ikusirik gainera, nik ezin ditut alderdi abertzaleak ulertu; nire alderdian ez dugu horrelako pentsamolderik ulertzen, liturgia handia dagoelakoz atzean. Garrantzitsuena herrialdeak dira, autonomiak, estatuak, jendea kontent bizi dadin. Zentzu honetan, utz dezagun guztiak aurrera egin dezan.
Alderdi politiko guztiak inguratuko dituen mahai baten ahaleginean dabil EAEko Ibarretxe Lehendakaria.
Guk oraindik ez dugu horrelako hausnarketa zehatzik egin orain arte, horretan bagaude ere. Erran nahi dut, eta lipar baten hausnartuz: Ajuria Eneko Mahaia momentu jakin baterako baliagarria izan zen, gizarte guztia bertan egon ez arren, batzuk nahita baztertzen zirelako. Alta, bertan gogoratzen zen guztiek izanen zutela tokia baldin eta indarkeria alde batera uzten bazen. Beraz, berdin zait zein izenez deituko den mahai hori, guztiok tartea izan beharko dugun mahai hori. Egun, hortaz, egoera jakin batean gaude eta irtenbideak asmatzen hasi beharko dugu.
Euskal preso politikoen afera hor dago, baina. Euskal Herriratzea ongi legokeela diote bake prozesua arnasteko. Hondarreko 106 lagunen hurbilketa gogor kritikatu da, murritza izanagatik arrunt.
Nire ustez beharrezkoa zen lehendabiziko urratsa jadanik eman da, hots, Madrilgo Kongresuan biktimei eman beharreko dirulaguntzaren aho bateko onarpena. Hemendik aitzina, guztiz errazagoa da guztia. Nola egin behar den ez dakit, baina argi eta garbi dago ahalik eta lasterren hurbildu behar direla euskal presoak. Bertzela, galde diezaioten Puerto de Santa Marian anai bat duen senitartekoari. Afektibitateari paratzen zaizkion traba guztiak gainditu behar dira. Noski, pertsonengan planteamendu politikoak egitea beti da arriskutsua. Erran nahi dut, garai batean dispertsioarekin hasi zenean, honek argudio jakin bat bazuela, hots, presoengan eragiten zen afektibitate presioarekin bukatzea. Eta ez dut justifikatzen, garai bateko arrazoinketa bergogoratzea da soilik. Egun bai, Espainiko Gobernuak hitz egin behar du norbaitekin, ahalik eta agudoen honantz ekartzeko.
Legebiltzarretik Euskal Autonomi Erkidegoa eta Nafarroaren arteko harremanak bultzatzen eta sendotzen saiatuko zarela erran duzu. Muga berdinak izanik, muturra emanez bizi al dira?
Duda izpirik ez dago EAEko Legebiltzarrarekin harremanak sendotu behar ditugula, baina baita Aragoikoarekin ere, edota Errioxakoarekin. Egia da, aitzitik, EAEko Legebiltzarraren kasuan, esfortzu xumea egin behar dugula politikoki erabili ez dadin, alderdi guztien kasuan gainera. Muga berdinak ditugu, komunikazio bideak ere hamaika ditugu amankomunean, historia eta kulturaz gaindi. Horrenbertzez, absurdua da egun bizi dugun egoera. Hortaz, eginen dugu ahalegina, baina gauzak bere onetik atera gabe, bakoitza bere lekuan dagoela onarturik, alegia. Izan ere, bi instituzioen arteko harremana gero eta askeagoa den heinean, orduan eta handiagoa izanen da bertzearenganako errespetua. Euskadik bere legebiltzarra badu eta Nafarroak berea. Eta kitto.
Etxe barrura orain. PSNren laguntzari esker UPNko Miguel Sanz egokitu da heldu diren lau urteetarako Nafarroako Presidente. Aldiz, hamaika bider errepikatu zenuten kanpainan zehar ez zenutela Sanz jauna lagunduko.
Nafarroako Presidente izan dadin guk ez dugu Miguel Sanz lagundu. Zerrenda bozkatuenaren buru izanik, prozedura automatikoari jarraiki, tenore hauetan egokituko zen presidente Miguel Sanz. Hartara, guk hau aurreratu dugu bakarrik. Zazpi puntu biltzen dituen inbestidura akordioa da, bertzerik ez. Zergatik? Baldintza objetiborik ez zegoelako UPN izanen ez zen bertze gobernu bat gauzatu ahal izateko. Legebiltzarrean Txetxu Barrios zegoen, orain suspendituta dagoelarik. Horrelako zentzugabeko planteamenduekin, zuk ezin diozu alderdi bati eskatu hauekin akordiorik lor dezan. Zentzurik ez zuen bada UPNrik gabe inolako gobernurik lortzea. Ondorioz, PSNk gerrikoa estutu du soilik. Argi eta garbi erran zitzaien gu laugarren bozketan abstentzioaren alde agertuko ginela, Miguel Sanz presidente gertatuz. Honen truke, noski, gure kromoak eskatu genituen. Ez nau lotsatzen, gainera, kromoak eskatu izana. Gure ikuspegia zera da, behin kromo horiek eskuratuz, errazago gauzatuko ditugula gure helburu politikoak. Azken buruan xede horrekin hautatu gintuzten herritarrek.
Kromoak kromo, zu zeu Nafarroako Legebiltzarreko Presidentea zara inbestidura akordioaren haritik. Sozialista izanen da, halaber, senatore bat. Honetaz gaindi, Iruñeko Mankomunitateko zuzendaritza zuena da. Behin eta berriz errepikatu arren, zilegi da oposizioa?
Bai, eta zaude ziur ikusiko duzuela. Garbi dagoena zera da, UPNk 22 eserleku dituela eta CDNk 3, elkarrekin eskubiko gehiengo absolutua eskuratuz. Txetxu Barrios gabe 49 legebiltzarkide gaude guztira eta ez 50. Aurrekontuak, adibidez, hemendik gutxira eztabaidatuko ditugu Legebiltzarrean eta gure ahalegina izanen da ahalik eta onuragarrienak izan daitezen gizarteari begira, 35 orduko lanastearen alde borrokatuz, botiken errezetazoa handitu ez dadin defendituz... Heldu diren lau-zortzi urteetan Nafarroak aunitz du irabazi edo galtzeko eta PSNk, bere aldetik, ahaleginak eginen ditu lehendabizikoa izateko.
Alta, egia da kasu gutti egin ohi diola Gobernuak Parlamentuari. Irrati lizentzien aferan Palaciosen dimisioa eskatu zen eta hor dirau.
Horrela izan da, baina legealdi berri honetan gauzak alda daitezen saiatu behar dugu. Izan ere, Gobernuak ikusi behar du Parlamentua medio moduan zuzenago iristen dela jendearengana. Hau ere bertze erronka dut.
Badakizu azkenean Mendillorriko haurtzaindegian gaztelaniazko lerroa bakarrik zabalduko dela?
Egia errateko, gai horren inguruan, komunikabideetan irakurri dudana jakin badakit soilik.
Auzo gaztea da Mendillorri, eta hondarreko hauteskundeetan bertan EHko taldea gertatu zen garaile. Iruñeko udaletxeko PSN hasiera batean ados zegoen elebiduna izan behar zuelakoan, azken unean atzera egin badu ere.
Bai, nonbait arazo teknikoengatik ezinezkoa izan da euskarazko lerroa eskaintzea. Alabaina, lasai aski erran dezaket PSN elebitasunaren alde betidanik agertu dela, zentzudunki bultzaturik. Hor dago adibidez Euskararen Legea, apika zertxobait zaharkituta egun, baina bere tenorean San Fermin, Paz de Ziganda, Lizarra, Jaso eta bertze hainbat ikastola onartzeko balio izan zuena. Zentzu honetan, imaginatzen dut, eta horrela nahi dut sinetsi, arrazoi teknikoak daudela soilik erabaki honen atzean eta hurrengo urterako gaindituko direla ziur aski. Orain arte beti horrelako egitasmoak lagundu izan ditugu, baina dauden errekurtsoak banatu behar dira derrigorrez.
Badirudi baina beti euskara gertatzen dela kaltetua.
Ez, ez. Azkeneko hamar urteetan izugarrizko aldaketa egon da, itzulirik ez duena, bai kantitatez, bai kalitatez. Nafartarrok gure historia badugu, eta gure historiarekin gure hizkuntza. Hortaz, ez dezagun hainbertzetan hizkuntza erabili