argia.eus
INPRIMATU
SEMAFOROA BERDEAN DUTE EUSKARAZKO AUTOEK
  • batera legeriaren osagarri den «Zirkulazioko Hiztegia». Proiektuan zenbait aditu aritu da:autoeskoletako irakasleak, trafiko arduradunak, hizkuntza teknikariak eta itzultzaileak.
2021eko uztailaren 19a
HAEEk (Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea) izenburutzat «Trafiko, Zirkulazio eta Bide Segurtasuneko Legeria» duten bi liburuki kaleratu ditu.
Bi liburuki mardul hauetan Euskal Autonomia Erkidegoari eragiten dion lege-araubide osoa euskaraz eta gazteleraz biltzen da. Lan hau Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin elkarlanean egin da. Itzulpena egin ondoren testuak eta bertan erabili beharreko terminologia zehazteko Euskal Autonomia Erkidegoko autoeskoletako profesionalak, Espainiako eta Jaurlaritzako trafiko zuzendaritzetako teknikari eta itzultzaileak eta HAEEko itzulpen zerbitzu ofizialeko teknikari eta terminologoak aritu dira elkarlanean. Lan hau koordinatzearen ardura HAEEko teknikari Antton Burgoarena izan da.
Urtebete igaro dute testuen euskarazko itzulpena egiten eta ondoren lehen aipatutako lantalde horretako kideei helarazi zaie, itzulpena aztertzeko behar adina denbora emanez. Iritziak bildu eta adostasun batera iritsi ondoren, beste bospasei hilabetez «Trafiko, Zirkulazio eta Bide Segurtasuneko Legeria»ren osagarri den «Zirkulazioko Hiztegia» prestatzen aritu dira.


HIZTEGIA EGITEKO MODU BERRIA.

Zirkulazioko hiztegi honek kontsultak egitea errazten du. Lege kontutan aditu denak badaki hitz bat aurkitzeko legediko zein artikulutara jo behar duen, baina mundu hori ezagutzen ez duenak hiztegian aurkituko du orain arte gazteleraz erabili duen hitzaren euskarazko baliokidea. Bestalde, terminologia bilduma gisa oso erabilgarria da hiztegi hau. Terminologia modu berri batean landu dute hiztegiaren egileek. Orain arte zerrenda batetik abiatu eta zerrenda horretako hitzen ordainak edo baliokideak testuingururik gabe asmatzen ziren. Orain berriz, testu errealetatik abiatu, kontzeptuak finkatzen dituen testuak landu eta ondoren atera dituzte baliokideak, hiztegia osatzen duen terminologia, alegia.
Bai liburukiak eta bai hiztegia egiterakoan terminologia finkatu behar izan dute, eta honetarako bereizketa arbitrarioak egin behar izan dituzte. Adibidez, «geratu» eta «gelditu» hitzen arteko ezberdintasuna egin behar izan dute. Baina arazorik handiena gaztelerazko lege-hizkera mordoilo ulergaitza argi eta ulertzeko moduan jartzea izan da.
Zirkulazio legeria eta hiztegia bereziki trafiko zuzendaritzatan diharduten teknikariei, auzietan legeen aipamenak egin behar dituztenei, autoeskoletako irakasleei eta itzultzaileei zuzenduta dago. Bide seinaleak euskara txukunean jartzeko ere baliogarria izango da.
Horrelako lanbidetan ibiltzen ez den jendeak zerbaitetarako erabiltzekotan gidatzeko baimena ateratzeko erabiliko luke liburu hau. Hala ere, honetarako prestaturiko eskuliburua da autoeskoletan erabiltzen dena. HAEEko arduradunek adierazi digutenez, gazteleraz dagoen eskuliburu hau legediaren azalpen didaktikoa besterik ez da eta hori euskaraz eduki ahal izateko lehenengo urratsa eman da dagoeneko, legeria euskaratzea.


AUTOESKOLETAN EUSKARAZ EGITEKO ZAILTASUNAK.

Autoeskoletan euskararen inguruan bizi den egoeraren berri zehatzagoa izateko liburuaren proiektuan parte hartu duen autoeskola batetara jo dugu, Otamendira.
Bertan esan digutenez, Trafiko Zuzendaritzak gida-baimena ateratzeko azterketa teorikoa euskaratuta dauka. Hala ere itzulpena ulergaitza gertatzen da ikasleentzat eta euskaraz egin nahi izan arren, azkenean gaztelerara jotzen dute.
Eskolak emateko erabiltzen duten materiala gazteleraz dago; euskaraz dagoen bakarra autoeskola bakoitzak nola hala egiten dituen itzulpenak dira. Hala ere itzulpen hauek askotan ez datoz bat Traficok eginiko itzulpenekin. Honek ikasleari zailtasunak ematen dizkio, ikasitako terminologia ez baita gero aurkituko duena.
Autoeskola honetan esan digutenez, HAEEk itzulitako liburua baliagarria da, baina autoeskoletako eskuliburua euskaratzea da beharrezkoa ikasleek azterketa horiek euskaraz egitea nahi bada