Kilometroetako ajea oraindik pasa gabe gaudela, Nafarroa Oinez ate jota ari zaigu dagoeneko. Bata bestearen atzetik etortzen zaizkigu urtero; aurten, tartean atsedenerako asteburu bat utzi digute. Nafarroa Oinezek urriaren 17an Iruñean egin du aurtengo hitzordua.
Mezua
Jaso dezagun euskara» da aurtengo mezu edo leloa. Esaldi esanguratsu hau ikastolako guraso batek proposatu zuen eta antolatzaileei oso egokia iruditu zitzaien. Esaldi labur honek bi ideia biltzen ditu bere baitan, bere laburrean: ikastolaren izena sartzen du eta jaiak duen helburu nagusia aldarrikatzen du.
Ibilbidea
Antolatzaileek Iruñean egin duten ibilbideak 6,2 kilometro ditu guztira. Ibilbideak sei gune izango ditu. Sanferminak izeneko gunea Benjamin de Tudela kalea eta Jaso Ikastolaren parean egongo da; bigarren guneak Miluze du izena eta Miluze bidean kokaturikoa da; hirugarrena, Argako portua, San Jorge auzoko patinodromoan egongo da; Gazteleku gunea Arga ibaiaren ezkerraldean egongo da, tuboen pasabidearen ondoan; bosgarren gunea zirkoari eskainitakoa izango da eta Biurdana parkean egongo da; eta azkeneko gunea, Txikitegia, Ermitagaña eskola publikoaren ondoan izango da. Sei gune hauetan burutuko dira egitarauan zehaztutako ekintaldiak, kontzertuak, bertso emanaldiak, txalaparta, jolasak...
Antolatzaileen ustez, ibilbide honek honelako jai batek eskatzen duen azpiegitura baldintzak betetzen ditu. Izan ere, hiriaren egunerokotasunari oso gutxi eragiten dio, ez baita bide nagusirik ezertarako moztu behar. Ibilbidean zehar dauden azalera handiek auto eta autobusentzako aparkalekuak antolatzeko aukera eskaintzen dute. Bestetik, ibilbidean zehar ura, argindarra eta bestelako baliabideak erabiltzeko arazorik ez dago. Ibilbideak, aipatu guneez gain, zortzi sarrera izango ditu
Egitaraua
Jai hauetan ohikoa den bezala adin eta gustu guztiek lekua dute egitarauan. Sanferminak gunean, esaterako, Oskorriren «Pub ibiltaria», aurtengo edizioaren abestia egin duten Gozategitarrak edo Iruñean ezinbestekoak diren entzierroak ikusi ahal izango dira. Miluze gunean, herri kirol, bertsolari eta txalapartaz gozatzeko aukera eta Argako portuan Tirri Tarra fanfarrea eta Tubabu taldeak eskainiriko perkusio eta dantza afrikarrak izango dira ikusgai.
Gazteei eskainiriko gunean, musika mota ezberdinak izango dira; hauen artean Hemendik at edo Skalariak taldeak arituko dira.
Zirkoari buruzko gunea ere antolatu dute, eta bertan «Kollins Clown»en emanaldia edo Amaia Zubiriaren kantaldia ikusi nahi dutenak bertara hurbildu beharko dute.
Azkeneko gunea haurrei zuzendutakoa da; bertan jolas parkea, Karaokea eta Zirko ttipia edukiko dituzte txikienek euren gozamenerako
Ekitaldiak
Asko dira martxoan hasi eta urriaren 17a iristen den arte Iruñean Nafarroa Oinezen alde antolatu diren ekitaldiak. Prentsan oihartzunik handiena izan dutenak hiru izan dira, dudarik gabe: Benito Lertxundik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, martxoaren 9an Carlos III zinema aretoan eskaini zuen kontzertua, Ainhoa Arteta soprano tolosarrak Gaiarre antzokian apirilaren 5ean eskainirikoa eta Kepa Junkera eta Gozategi taldeak ekainean Anaitasuna polikiroldegian emanikoa.
Dena dela, hauetaz gain antolatu dute ekitaldirik Nafarroa Oinezeko antolatzaileek. Hala nola, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia, Iruñeko peñekin batera Skalariak eta Hemendik at taldeen kontzertua edo Labrit pilotalekuko pilota partida.
Ekitaldi hauetan guztietan bildutako dirua, urriaren 17ko egun nagusian bilduko denarekin batera, Jaso Ikastolaren eraikin berria ordaintzen laguntzeko erabiliko da
Abestia
Aurtengo edizioko abestia egiteko Gipuzkoako kostaldera jo dute antolatzaileek, Orio eta Zumaia artean landu baita urriaren 17a alaituko duen kantua. Musika Orioko Gozategitarrek egin dute, hitzak berriz Ion Maia bertsolari zumaiarrarenak dira.
Musika kontuan gustuak era guztietakoak dira eta gustu hauek guztiak asetu nahian, kantu ofizial honi bertsioak egin dizkiote, lau hain zuzen ere. Barricada taldeak egin du bertsio rockeroa, Hemendik at taldeak bertsio dantzagarria, Xut fanfarreak, ikastolako haur batzuekin batera, jaietarako bertsioa, Pablo Sarasate Orkestrak eta Iruñeako kamara abesbatzak bertsio klasikoa.
Ospakizun hautean saltzen den ohiko materialaz gain, bertsio hauek biltzen dituen CDa eman dute argitara Nafarroa Oinez 99ko antolatzaileek
Euro-oinez
Euroa dela eta ez dela gabiltzan honetan, trukea zenbatean dagoen ere apenas dakigun honetan, Nafarroa Oinezeko antolatzaileek ekimen berezi bat jarri dute martxan urriaren 17rako.
Horrelako jaietan ohikoa da pezetak edo liberak erabili beharrean egun horretarako propio asmaturiko txanpon bat erabiltzea. Aurtengo edizioan «euro-oinez» izenarekin bataiatu duten txanpona erabiliko da.
Txanpon hau euroaren oso antzekoa da, diseinua oso tankerakoa du eta balioa ere bera izango da: euro-oinez bakoitzak 166 pezeta edo 6,55 libera balioko baitu.
Datorren igandekoa euroarekin orain arte egin den frogarik handiena izango da. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Aurrezki Kutxak begi onez ikusi dute txanpon europear berriaren erabileran ohitutzen hasteko balioko duen ekimen hau