argia.eus
INPRIMATU
EUSKARA LAU HAIZETARA ZABALDUZ
  • sortu zen duela zazpi urte Errenteriako Lau Haizetara euskaldunon elkartea. 130 bazkide inguru dituen elkarte honek sail edo talde ezberdinak biltzen ditu bere baitan, hauetako bat elkartearen izen bera duen aldizkaria kaleratzen duen komunikabide taldea.
2021eko uztailaren 19a
Euskal Herriko herri askotan sortu dira azken hamarkada honetan euskara elkarteak. Elkarte hauek lan izugarria egiten dute herri bakoitzeko euskararen egoerak hobera egin dezan. Errenteriako elkarteak zazpi urte daramatza lan honetan.
Lau haizetara euskaldunon elkartea 1992. urtean sortu zen. Euskararen normalkuntza eta euskal hizkuntz komunitatea trinkotzen laguntzeko helburuarekin. «Egunkaria sortzen» esperientziaren inguruan elkartutako euskaltzaleek bultzatu zuten egitasmoa.
Gaur egun elkarteak 130 bazkide ditu. Bazkide kopurua handitu nahi dute, honela hizkuntz komunitatea eta elkartea bera indartuko bailirateke. Hau lortzeko asmoz 2000. urteko udaberrian egiteko asmoa duten elkartearen gizarteratze eta bazkidetza kanpaina prestatzen ari dira.
Euskarak Errenterian zituen beharrak aztertu ondoren, interbentzio plan bat prestatu zuen elkarteak eta horren arabera lantalde ezberdinak eratu ziren. Sentsibilizazio taldea, Kultura taldea, Komunikabide taldea, Lau Haize Gazte taldea eta Ttakalo ludoteka. Hauek denak koordinatu eta norabidea finkatzen laguntzeko Zuzendaritza taldea sortu zen.
Elkartea sortu zenetik zazpi urte igaro dira iadanik eta bertako kideak egitasmoa berdefinitzen ari dira egoera berrira egokituz. Egoera honetan euskararen belaunaldi berrien ezaugarriak, herriko hizkuntz normalkuntzaren prozesua... aztertu behar dira.
Jarduerak lantaldeen esparruen araberakoak izaten dira: euskararen erabilera bultzatzeko saioak egiten dira, sentsibilizazio lana (jendea euskaltegietan matrikulatzera bultzatu, euskal deiturak euskal grafian jartzeko kanpainak egin...). Kultur jarduerak ere egiten dira, Xenpelar kultur astea eta Kultur Errota zirkuitua esate baterako.
Honetaz gain elkartearen eginkizunetako bat Errenteriako udal hizkuntz politikan eragitea da. Honetarako elkarteak iradokizunak aurkeztu izan ditu Euskararen udal ordenantzari buruz.
Euskalgitzako taldeen arteko elkarlana beharrezkoa dela behin eta berriz esan izan da. Lau Haizetara euskara elkartea ere iritzi berekoa da. Herriko euskalgintzako beste elkerteekin batera Euskara Batzordea eratzeko proposamenak egin dituzte.
Talde guzti hauen artean «Euskalgintzaren gunea» eratu dute indarrak bateratu eta euskararen beharrei eraginkortasun handiagoz erantzun ahal izateko.


«Lau Haizetara» aldizkaria

Elkartearen lantaldeetako bat Komunikabide taldea dela aipatu dugu lehenago. Lantalde honek sortu zuen 1993. urtean «Lau Haizetara» aldizkaria.
Aldizkari hau hilabetero ateratzen da kalera eta helburuak elkartearen kanpo erreferentzia izatea eta euskararen grafikoa gizarteratzea dira.
Aldizkari honetan bi arduradun eta kazetariekin batera, komertzialak eta maketatzailea aritzen dira. Baina kolaboratzaile sare handi bat dago hauen atzean. «Lau Haizetara» aldizkaria Errenderiako Oarso Fundazioko kide da