ARAZO TEKNOLOGIKOA EGINIKO INBERTSIOAK SAIHESTUKO DU


2021eko uztailaren 21ean
Azken hilabeteotan «2000 efektua»z hitz egin izan da, baina duen garrantzia eman gabe, agian. Batzutan 2000 efektua milurteko berriaren inguruko mitoekin bateratu izan da, eta beharbada ez da benetako eta egiazko arazo gisa hartu izan. Baina egia biribila da 2000 efektua benetako arazo teknologikoa dela, eta berehalakoan topo egingo dugula berarekin gure ordenadoreetan eta, batez ere, enpresetan. Batzuk diotenez, 2000. urterako geratzen zaizkigun hilabete gutxiak –hiru– kontuan izanik, berandu da gure sistema informatikoei gainera datorkien arazo larriari aurre egiteko.
2000 efektua txantxetako kontua ez dela garbi ikus dezakegu enpresa handietan egiten ari diren ahaleginari erreparatzen badiogu; duela urte batzuk geroztik milaka milioi dolar inbertitzen ari dira. Zehazki, munduan zehar, arazo hau gainditzeko 1,5 bilioi dolar inguru gastatu dela uste da. Eta Espainian 3.000 milioi dolar. Bi adibide: Banco Bilbao Vizcaya Taldeak 1996az geroztik 17.000 milioi pezeta (680 milioi libera) inbertitu ditu; Euskal Herrian ere aritzen den Repsolek urte horretatik bertatik 4.000 milioi pezeta inbertitu ditu, 2000 efektua gainditzeko eta informatika sistemak egokitzeko.
Zentzuzkoa denez, multinazional eta enpresa handiak dira ondoen prestatu direnak 2000 efektua gainditzeko. Aldiz, Euskal Herrian halako garrantzia duten enpresa txiki eta ertainak dira gutxien prestatu eta egokitu direnak. Espainian, uste da zazpi enpresatik bat ez dela garaiz iritsiko 2000 efektua gainditzeko. Enpresek, analistek eta gobernuek aurreikuspen kaskarra izatea eta izua bultzatzea salatzen diote elkarri. Baina arazo teknologikoa hortxe dagoela nabarmena da. Eta horretarako prestatu ez denak informatika arazo larriak izango ditu eta, ondorioz, enpresa antolamendu arazo larriak.
Zer da 2000 efektua? Azken batean, garaiz ibiliz gero nahiko erraz konpon daitekeen arazo teknikoa da. Sistema informatiko guztiek bi digitu erabiltzen dituzte urteentzako, eta ez lau digitu (99 erabiltzen dute 1999 ordez). Horrela txip batean oinarriturik dagoen, ekipamendu informatikoak erabiltzen dituen edo nolabaiteko softwarea behar duen edozein sistema elektronikok 2000. urteko urtarrilaren 1ean 1900. urteko urtarrilaren 1a dela «pentsatuko» du.
Gainera, 2000. urteak beste zenbait arazo dakartza berekin. 2000. urtea bisustua da: 1900. urtea ez zen hala izan, beraz, prestaturik ez dauden ekipamendu guztiak otsailaren 28tik martxoaren 1era igaroko dira zuzenean. Baina, gainera, 2000. urtea bisustu berezia da, 400 urtean behin bakarrik ematen den urte bisustu horietakoa. 2000 efektua duten aplikazioen % 10-12k ez dute hori kontuan hartzen, eta informatikako arduradunen % 17k ez zuen horrelakorik ezagutzen, Computerworldek egindako inkesta baten arabera.
Erantsi beharreko beste arazo bat: ekipo batzuk astelehenetik ostiralera erabiltzeko programaturik daude, eta 2000. urteko urtarrilaren 6a, osteguna, beraientzat 1900. urteko urtarrilaren 6a izango da, larunbata. Gainera, Espainian erabiltzen den softwarearen % 59 pirateatua eta, beraz, eguneratzeko edo erreklamazioak egiteko aukerarik gabea dela kontuan hartuz gero, arazo kopurua areagotuz dihoa.
Gauzak horrela, arazoaren konponketak ez dirudi oso zaila. Digitu horiek non dauden aurkitu eta lau digitu jartzea da egin behar den guztia. Baina, orduan, nolatan inbertitu behar da hainbeste milaka milioi dolar arazoa konpontzeko? Eginkizun teknikoa, berez, erraza litzateke, dauden gorabehera ugariek eragiten dituzten are zalantza ugariagoengatik ez balitz. Adituek diotenez ez da lan zaila, baina bai oso mantsoa eta neketsua. Berez, Microsoft Ibericako adituek diotenez, «

arazo bakarra arazoa non dagoen jakitea da. Programatzaileek konpainia bateko sistema guztiak begiratu behar dituzte, ekipoak eta programak, horietan daten bidez egiten den lana, eta hori edozein arlo eta sistematan gerta daiteke
».
Zer gerta daiteke arazoa konpontzen ez bada? Inor ez da ausartzen aurrez iragartzen. Baina arlo batean ados daude aztertzaile guztiak. Lehenik, baztertu egiten dituzte datorren milurtekoaren inguruko hondamendien inguruko teoriak: esaterako, informatikak kaosa eta apokalipsia ekarriko diola mundu osoari. Bigarrenik, onartzen dute programa batzuk ez dutela funtzionatuko edo gaizki funtzionatuko dutela, era guztietako eragozpenak sortuz eta denbora asko galaraziz. Halaber, aurrez iragar daitezkeen hainbat akats txiki eta beste batzuk inork aurreikus ezin ditzakeenak izango direla diote. Baina enpresak, neurri handi batean, beren informatika sistemen menpe daude eta hauek huts eginez gero, negozioa erabat lur jota gera daiteke.
Europa nola ari da erantzuten arazo honi? Izen handiko «The Economist» ekonomi aldizkari britaniarraren iritziz, «

2000.eko lehergailuak eztanda egiten duenean, haren uhin hedakorrak ez du eragin berbera izango herrialde eta enpresa guztietan. Europako herrialde batzuk jarrera lasaiegia erakusten ari dira
». Eta gertakari bat kontatzen du. Aztertzaile britaniar batek, Frantziako banku handi bateko aholkulari batekin hizketan ari zela, konpainia milurteko birusaren aurka nola prestatzen ari zen galdetu zion, eta honek zera erantzun omen zion: «

2000. urteko efektu hori amerikarren eta britaniarren konspirazioa da, ke-gortina bat zabalduz Europako moneta bakarrerako prestaketekiko arreta galarazi nahi dutelako
». «The Economist»ek dioenez, «

Britainia Handia, Holanda eta Eskandinavia salbuetsiz, Europako gainerako herrialdeek, harrigarriki, jarrera lasaia hartu dute 2000. urtearekiko
». «

Gainera –
eransten du aldizkariak

–, Europako politikari gehienek ez dute ezer esan 2000. urtearen gainean. Informazioaren inguruko teknologiarekiko interes handirik gabeko belaunaldi batekoak dira, are amerikarrak beraiek baino gehiago
»

Arazoa gainditzeko ezinbesteko hiru neurri

Adituek ezinbesteko hiru neurri ezartzen dizkiete enpresei «2000 efektua» gainditu ahal izateko. Batzuen ustez, 2000. urterako hain hilabete gutxi falta direla, berandu da dagoeneko. Nolanahi ere, horra hor hiru neurriak: lehenik enpresan arduradun bat izendatzea proiektua bere gain hartzeko hasieratik bukaeraraino; bigarrenik, enpresako ekipo informatiko (ordenadore, programa) eta elektroniko (fax, zentralita) guztien inbentarioa egin behar da; eta azkenik, sistema horietako bakoitzaren hornitzailearekin harremanetan jarri eta produktuaren egoeraz galdetu behar da.
Badira beste informazio bide batzuk ere, ordenadore bakoitzaren egoeraz jabetzen laguntzen dutenak. Horrela, Internetek programa batzuk dohainik eskaintzen ditu (www. pc.ibm.com/year2000/evaluation. html). Informaziorik gehiena eta osatuena Estatu Batuetatik dator, eta orrialderik osatuenetakoa 2000. Urtea Informazio Zentroarena da (www.year2000.com). Espainian badira aholkuak eta informazioa eskaintzen duten orri batzuk, Sedisi-rena, esaterako (www. sedisi.es/f2000.htm).
Zenbaitzuen ustez, arazo hau ordenadoreak eta programak egiten dituzten enpresek aurreikusi behar zuten eta, beraz, beraiek izan beharko lukete kalte eta galera horien erantzule. Estatu Batuetan, dagoeneko, ehun demanda inguru jarri dira epaitegietan software eta hardware egileen aurka edo galerak estaltzeari uko egiten dioten aseguratzaileen aurka. Gure artean ez dago, nonbait, horri buruzko legeriarik, eta orain arte ez da demandarik jarri epaitegietan, nahiz kontsulta ugari egin izan

Ordenadore eta programa egileen negozioa?

Hiru hilabete barruko 2000 efektuaren jatorria ordenadore eta programa egileek negozioa egiteko duten filosofian al dago? Duela urte batzuk, gure ordenadoreak egiten zituzten garaian, ba al zekiten 2000. urtean arazo tekniko larri hori gertatuko zela? Nola liteke sistema informatiko baten osagarri txiki baten huts egiteak negozioak hondamendira eramatea eta gobernu eta multinazionalak larriaraztea? Baina, batez ere, sistema informatiko horien egileek nolatan onartu dute horrelako zerbait gertatzea? Orain, enpresak, erabiltzaileak eta aztertzaileak hondamendi horren erantzulea nor denari buruzko eztabaidan murgildurik dabiltza, eta arazoa gainditzeko gastatzen ari diren milaka milioi dolarren onura hori batzuen eskuetara dihoala ikusten dute.
Ez dago garbi nork duen erantzukizuna. Nolanahi ere, arazoaren muina sistemen memorian datza. Ordenadorearen zatirik garestiena memoriari dagokiona da. 60ko eta 70eko hamarkadetako programatzaileak irizpide finko bat zuten: ahalik eta gehien aurreztea byte-etan, eta horretarako, behar ziren trikimailu guztiak bilatzen saiatu ziren. Horrela, hartu zen erabakietako bat, datak idazteko zortzi digitu ordez sei digitu erabiltzea izan zen. Hau da: 99-09-09 eta ez 1999-09-09. Erabaki hori industria, programa, ekipo elektroniko eta sare guztietan zehar zabaldu zen. Inor ohartu gabe –edo jakinaren gainean?– 2000 efektua hedatzen hasi zen.
Lehenengo alarma-hotsak 90eko hamarkadan entzun ziren, hipotekak edo kreditu txartelak egiterakoan 2000. urtetik aurrerakoei sistemak uko egiten ziela ikusi baitzuten bankuek. Hortik aurrera 2000 efektuaren kontura negozioa egiten zuen saltoki informatiko ugari sortu zen. Egiaztaturik dago 1998. urtean Espainian gehien handitu zen sektorea zerbitzuena izan zela: zehazki esateko, % 32an, 320.000 milioi pezetaraino (12.800 milioi libera) iritsiz. Eta, sektoreko iturriek aitortzen dutenaren arabera, zati handi bat euroaren eta 2000 efektuaren ondorioz izan da

PC-aren data aldaketa posible da

Ordenadore pertsonal (PC) askok ezin izango du funtzionatu baldin eta aurretik ez bada beharrezko egiaztatze lana egiten –PC batzuk duela bi urte ez zuten 2000 efektua kontuan hartzen–. Ordenadorearen hardware, firmware (BIOS), sistema operatiboa eta aplikazioak aztertu behar dira. BIOSaren (Basic Imput/Output System) funtzioetako bat software programen eta ordenadorearen RTC-aren artean zubi lana egitea da. PC-ek eta Intel 8086, 286, 386, 486, Pentium, Pentium Pro eta Pentium II prozesadoreetan oinarritutako bere kloniko guztiek denboraren bi neurgailu dituzte: Real Time Clock (RTC) eta System Timer (ST). RTCak data eta orduaren jarraipena egiten du ordenadorea itzalita badago ere. ST 24 orduko erloju bat da, ordenadorea piztuta dagoenean soilik funtzionatzen duena. Bi «erlojuok» independenteak dira.
Sistema operatiboak (DOS, Windows, UNIX), ordenadorea pizten den bakoitzean, RTC-tik abiatzen du bere data eta ordua. Gainera sistema operatiboa ST-aren menpe dago ordua jarraitzeko eta data eguneratzeko (ST 24 orduro 0 bihurtzen denean). Arazoa sistema operatiboa berrabiatzen denean egon daiteke: RTCtik data okerra jasoko du, hots, ordenadorea pizturik badago 1999tik 2000rako trantsizioan, sistema operatiboaren data zuzena izango da, baina berrabiatzean erlojua oker egongo da. Hori saihesteko zenbait programa jarri dituzte abian arlo honetan diharduten enpresek. Horiekin edota saltzailea berarekin harremanetan jartzea da aproposena.
Hala ere, aurretik, zure ordenadoreak 2000 efektua igaroko duen ziurtatzeko froga egin dezakezu. Era honetan:

Ordenadorea MS-DOSen abiarazi. Prozesu hau ezin da burutu beste eragiketa-sistema batean abiaraziz gero, sistema horrek eragina izan baitezake frogen emaitzekin.

1999-12-31 data jarri DATE komandoa erabiliz.

23.59 ordua jarri TIME komandoa erabiliz.

Minutu batez dataren aldaketa itxaron.

Ziurtatu data eta ordua. Trantsizioaren ondoren 2000-01-01 agertzen ez bada, konpondu beharrekoa izango da –baldin eta data kontuan hartuta lan egin behar baduzu; bestela, bere horretan utzi dezakezu–. 2000-01-01 agertzen bada, jarri 1999-12-31 data, 23:59 ordua eta PCa itzali.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude