XVI. mendearen hasieran –Amerika `deskubritu' berritan beraz– Jacques Cartier itsasgizon frantziarrak, Belle-Isleko itsasartea deskubritu zuen, Ternua uhartea zela erreparatuz. Eta orduan ikusi omen zuen bertan euskaldunak balea nahi beste harrapatzen ari zirela.
Euskal arrantzaleen interesa itsasoan zegoen eta, hala ere, lurrekoekin ba omen zuten harremanik, eta harreman onak, baketsuak, gainera. Euskal bale arrantzaleak udaberrian iristen ziren Ternuako kostaldera eta bertan geratu ohi ziren udazkena iritsi bitartean.
Beothuk tribua zen garai hartan Ternuan zabaldurik zegoena. Arrantzan eta ehizan jarduten zuten bizibide gisa eta oinarrizko trukeak ere egiten zituzten euren artean zein euskaldunekin. Bertakoen kastore larru preziatuen truke altzairuzko tresnak eskaintzen zizkieten balearen atzetik bertaratutako euskaldunek, aizkorak eta aiztoak, esaterako. Gailetak eta sagardoa ere gustura hartzen omen zituzten ternuarrek. Aldika, euskaldunek bertakoak ere jornalari bezala hartu izan zituzten.
Euskaldunak han izan zireneko arrastoak topatu dira Ternuan. Baina, XVI. mendetik aurrera datatuak izan dira denak. Lehenagoko frogarik ez da aurkitu. Ezin jakin, beraz, harreman hauek 1492. urte baino lehen ere eman ote ziren