argia.eus
INPRIMATU
Iparragirre pastorala
2021eko uztailaren 20a
Urdiñarbetarrek 19 urte geroago «Iparragirre» pastoralaren bi emanaldi eskainiko dituzte. Aitzakia: Pierra Bordazarre, Etxahun-Iruri gisa ezagunagoa izan den bertsolari eta pastoralgilea zendu zela 20 urte beteko dira urriaren 1ean. Zuberotarrak egin zuen azken pastorala izan zen, baina ez zuen gauzatuta ikusi. Bera 1979an zendu bazen, «Iparragirre» pastorala hurrengo urteko udan Jean Mixel Bedaxagarren gidaritzapean antzeztu zen.
Etxahun-Iruriren urtemuga kari, Urdiñarbeko Bil Xokoa kultur elkartekoek 70 aktore bildu dituzte duela 19 urtekoa berriro taularatzeko. Aktore gehienak berberak dira, baina gazteago batzuk ere inguratu dituzte. Urdiñarbeko aktoreak sei hilabetez Battitta Urrüti garindaintarraren esanetara aritu dira. Laguntzaile lanetan aritu dira berriz, Dominika Agergarai eta Erramun Tartachu urdiñarbetarrak.
Iparragirreren, Urretxuko kantari eta olerkari ezagunaren bizitzako joan-etorriak dira ardatz pastoralean. Gipuzkoarraren abestiak bere horretan mantentzeaz gain Pierra Bordazarreren zenbait kantu ere tartekatuko da. Salbuespenak Mixel Etxekoparrek moldatutako «Gernikako Arbola», «Ume eder bat» eta «Hara non diren» abestiak izango dira. Etxakopar izan da baita ere, kantu irakasle. Dantzei dagokionez, ez da aldaketa handirik izango 80ko antzezlana ikusita. Dena dela, herriko dantza eskolakoek Jean-Charles Sainzek moldatutako Sotila koreografia dantzatuko dute.
Etxahun-Iruri 1979ko urriaren 1ean zendu zela gogoan izanik irailaren 26rako eta urriaren 2rako prestatu dituzte urdiñarbetarrek «Iparragirre» pastoralaren bi agerraldiak. Urdinak, gorriak, artzainak, marinelak eta errejentak, beste pertsonaia askoren artean, arratsaldeko 15:00etan estreinatuko dira taula gainean eta bigarren saioa 20:30etan hasiko da. Lehen aldiz pastoral bat aterpean egingo da aurten. Landetatik ekarri dute 2.000 metro karratuko gunea eskainiko duen oihal aterpea. 60 metro ditu luzeran eta 35 metro zabalean