EUSKALDUNTZE KANPAINAK
Euskalduntze-alfabetatzean diharduten elkarte eta taldeek matrikulazio kanpainak abiatu dituzte azken asteotan. Azkenekoak udal euskaltegiak izan dira. Iragan ostiralean EUDELek (Euskadiko Udalen Elkarteak), HABEko zuzendari nagusiarekin eta Udal Euskaltegietako arduradunekin batera, eskaintza eta publizitate kanpaina aurkeztu zuen. Urria aldera hasiko dira eskolak eta ordurako jakin ahal izango da zer-nolakoa harrera izan duten kanpainok.
GELA ELEBIDUNETAN SALTSA
Mendiben (Nafarroa Beherea) Ergarai auzoko eskola okupatzeak ondorio positiboak ekarri ditu: gela elebidunerako irakasle postua onartu egin zuen inspekzio akademikoak. Hendaiako Joncauz auzoko eskola egoera berean zegoen eta honentzat ere irakasle postu bat onartu da elebitasuna ziurtatzeko. Bidarraiko eskola elebidunean haatik, ez dute irakasle berririk onartu oraino.
"HIK HASI"-REN GIDA
«Hik Hasi» euskal heziketarako aldizkariak «Euskal Herriko Baliabide Pedagogikoen Gida»ren bigarren edizioa kaleratu du. Duela bi urteko lehen edizioak irakasleen artean izan duen harrera ona ikusirik, berriro argitaratzea erabaki dute, «berritu, egokitu eta osatua». Orotara 148 orrialde dauzka eta zazpi ataletan banatuta dago: Historia eta Artea, Zientzia eta Ingurugiroa, Kirolak, Nekazaritza Prozesuak eta Aterpetxeak, Zerbitzuak, Irakaskuntzako Erakundeak eta Ikasmaterialak.
D EREDUAK GORA NAFARROAN
Urtero errepikatzen den kontua da. Berriki eman dituzte ezagutzera 1999-2000 ikasturteko hiru urteko haur nafarren matrikulazio datuak eta D ereduak nabarmen egin du gora. Haurron % 28,8k eredu honetan ikasiko du (% 1,6ko hazkundea) eta % 28,5ak A ereduan (% 0,7ko hazkundea). Beraz, hezkuntza sisteman lehenengoz sartuko diren haurron % 57,3k euskaraz ikasiko du.