argia.eus
INPRIMATU
UTZI PASATZEN BIZIKLETARI
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 27a
Bizikleta da mundu osoan gehien erabiltzen den ibilgailua. 1.000 milioi lagunek baino gehiagok erabiltzen du egunero. Txinan, urtero mundu osoan erosten diren kotxe guztiak baino txirrindu gehiago erosten dira. Holanda eta Danimarkan bizikleta da garraiobide nagusia hiri askotan. Hauekin alderatuz, Espainiako datuak xumeak dira. 12 milioi bizikleta inguru daude, hau da, Espainiak Europa mailan bizikleta zentsu baxuenetako bat du: azkenaurrekoa, Greziaren aurretik.
Bi ezaugarri dituzte Espainiako bizikleta bideek: geografikoki oso sakabanatuak eta komunitate gutxi batzutan daudela kokaturik. Hauen artean, bizikleta bide gehien dituen komunitatea Valentzia da, bigarrena Katalunia eta azkenik Hego Euskal Herria (77 kilometro).
Mota ezberdineko bizikleta bideak daude: bizikleta-karrilak, errepidearen gainetik doazenak; bidegorriak, errepidetik bereizita daudenak, maiz gorriz mar- gotuak; eta azkenik, espaloiaren gainetik doazenak, bizikleta-espaloiak. Horrez gain, egun koesistentzia kaleak ere badaude, hauetatik oinezkoak eta txirrindulariak ibil daitezkeelarik. Euskal Herrian, ugarienak bidegorriak dira. Hiriburuen artean, Gasteizek ditu kilometro gehien, guztira 26 kilometro bidegorri baitago bertan. Baina Donostiako 20 kilometroak jende kopuru handiagoak erabiltzen ditu.
Hala ere, bidegorriek arazo handiak dituzte: motzak dira, ez daude ondo seinalizatuak, mantendu gabe daude (zikinak, hostoz beteak...), oinezkoak sarri ibiltzen dira bertan, atsedenaldirako edo pasiorako soilik daude pentsatuak, eta garrantzitsuena, ez dira inondik inora joaten, ez dituzte interesgarriak diren lekuak elkarrekin komunikatzen. Hauek dira, Kalapie, Hiriko Txirrindularien Elkarteko kide Edorta Berguak aipatutako problema nagusiak. Arazoak arazo, bidegorriak bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin jaioak dira. Egun txirrinduz ibiltzeak arrisku handia du. Ez berez, inguruko faktoreek eraginda baizik. Kotxe kopurua eta hauek darabilten abiadura handia da bizikleta erabiltzen ez duen jende askoren arrazoi nagusia. Konponbidea aurkitzeko edo, hainbat proiektu martxan daude Euskal Herrian. Baina Edorta Berguaren esanetan, egiten dena batzutan «

itxura soila da
». Azkenean ziklo amaigabe bat sortzen da, «

Administrazioak ez du ezer egiten, jendeak bizikleta ez duela ibiltzen uste duelako. Eta jendeak gutxi erabiltzen du txirrindua Administrazioak ez duelako ezer egiten
».


BIZIKLETA SUSTATZEKO URRATSA.

Kalapiek, beste txirrindulari elkarteen modura, bizikleta defendatzen du, bidegorrien aurretik. Bidegorriak bizikletaren erabilera bultzatzeko ardatza dira, baina inolaz ere ez elementu bakarra. Zenbaitetan egokiagoa izan liteke koesistentziako bideak sortzea, bizikletak beste trafikoarengandik bereizi gabe. Gainera, merkeagoa da konpartitzea gauza espezifikoak egitea baino. Azken finean, martxan dauden proiektuek, eta dagoeneko burutu direnek arazo bat agertzen dute: bidegorriek ez badute txirrinda uzteko leku aproposik, ez badaude garraio kolektibo egokiekin komunikaturik, ez badoaz hiriaren barrualderaino, eta ez badago jendea kontzientziatzeko kanpainarik, ez dute ezertarako balio. Gaizki diseinatutako bidegorri batek kaltea besterik ez dakarkio txirrinduaren erabilerari: jendeak ez badu hura erabiltzen, gobernuak aitzakia badu besterik ez egiteko. Egun Espainian bizikleta bide sarea duten hiriburu bakarrak Gasteiz eta Bartzelona dira.


GASTEIZ: BIDEGORRIEN HIRIBURU.

Espainian lehenengo bizikleta bidea Gasteizen egin zen, 50eko hamarkadan. Ordutik hainbat proiektu martxan jarri da, eta dagoeneko 26 kilometro bidegorri dago bertan. Azken hiru urtetan kilometro bakarra egin da, Parke Lineal Sur delakoan.
Bidegorri kilometro gehienak hiriaren iparraldean, Lakua aldean, eta hegoaldean daude, Unibertsitate eta Mendizorrotza aldean. Erdialdean dagoen mendixkatik ez da batere pasatzen. Horregatik, Ruben Ziordiak, Gasteizko Bizikleteroak taldeko kideak, benetako sare baten beharra salatzen du. Orain arte Gasteizen egin dena txalotzekoa da bere ustez, baina ez nahikoa. Plan orokor bat eskatzen du. Hala ere, Gasteizen bizikletaren erabilerak gora egin du. Bidegorriei esker, jendea igerilekura eta unibertsitatera bizikletaz joaten da. Ruben Ziordia bera ere, beste bost lagunekin batera honela joan ohi da lanera, Legebiltzarrera, egunero. 1996an egin zen Gasteizen bidegorrien sare handi bat aurreikusten zuen plana. Europako dirulaguntzaren zain, ez da martxan jarri.
Bestelakoan, Araban bidegorri bakarra dago Gasteiztik kanpo. Gasteiz eta Landa elkar lotzen dituen 20 kilometrotakoa, 1991ean Diputazioak egina da. Baina ez da Gasteiz bertatik ateratzen, eta beste garraiobide bat hartu behar da bidegorrira iritsi ahal izateko.


DONOSTIAKO BIDEGORRI SAREAREN ZAIN.

Donostia da Euskal Herrian zentzu honetan bigarren hiriburua: 20 kilometro inguru dago. Hainbat puska daude eginak: Anoetatik Bilboko Plazaraino, Loiolatik Amara Berriraino, Altzatik Intxaurrondora, Ibaetatik Ondarretara, Sagüesetik Boulevardera eta Paseo Berriko zatia. Azken hirurak aurten eginak dira. Donostiako Hirigintza Plan Orokorrak bidegorri sarea aurreikusten du; Plana martxan dago une honetan. Gipuzkoako zenbait herritan ere badago bidegorririk: Irunen, Oiartzunen, Hondarribian, Arrasaten, Zarautzen, Urretxu-Zumarragan eta Ormaiztegin hain zuzen. 1995. urtean aztertu zen Diputatuen Batzordean Gipuzkoako Bizikletarentzako Bidesare bat egiteko Plan Gidaria. Baina ez zen onartu, garestia zelako.
Bestalde, Gipuzkoan bidegorrien sarea sor zedin, Kalapiek eta Lurrats, Arrasateko Bizikletari eta oinezkoen elkarteak, «LehendaBIZI Egitasmoa» aurkeztu zuten 1998ko azaroan. Finantziazio arazoak zirela eta ez zen onartua izan. Egun ekimen honek 67 erakunderen atxekimendua du. Legegintzaldi berriaren aurrean, ikusi egin beharko da egitasmoa onartzen den.


BI IKERLAN MARTXAN BIZKAIAN.

Hau da egun Bizkaian dagoen bidegorri eremua: Bilbon, hiriko kalerik handiena izatea espero den Trenbide Etorbidean, kalearekin batera bidegorria ipintzen ari dira. Dagoeneko 50 metro inguru egin dituzte. Horrez gain, 500 metroko bidegorria dago Kanpo Bolantin-en, Deustuko Unibertsitate parean. Azkenik, Portugaletetik Las Arenas hondartzararteko 17 kilometroko bidegorria dago.
Aurrera begira, bi ikerlan martxan daude: bata Bilboko Udalak, eta bestea Bizkaiko Diputazioak prestatua. Biak aldi berean. Bilbokoa EHUko hainbat pertsonak egina da, eta une honetan udaletxeak zer erabakiko zain dago. Besteak beste, Elorrieta eta La Casilla arteko bidegorria egitea dago pentsatua. Baina tramu honen kontra azaldu dira beste batzuren artean Biziz Bizi, Bizkaiako txirrindularien elkarteetako bat, eta baita proiektua egin zuen Paco Corral ingeniaria bera ere.
Bizkaiko Diputazioak egin duen ikerlanak berriz 2015.urterako plan integrala du helburu. Proiektu honek Portugaleten dagoena Barakaldorekin lotu nahi du, lauzpabost kilometro luzatuz. Biziz Bizi-ren ustez honek Portugaleten eginiko akatsa handituko luke. Han dagoen bidegorria, zona turistiko-ludiko hutsa delako, eta ez garraiorako bidea.


NAFARROAKO EGOERA TAMALA.

Nafarroan ez dago egun bidegorri kilometro bat bera ere. Baina Iruñean Pío XII etorbidean gelditzen da orain hamar urte baino gehiago bertan zegoen bidegorriaren aztarnarik: semaforoak, zebra bideetako seinaleak... CCCPko (Ciudadanos Ciclistas de la Comarca de Pamplona) kide Eneko Astigarragak dioenez, gaizki egindako bidea zen hura: geldoa, zikina, interes handiko puntuak ez zituen komunikatzen eta arriskutsua txirrindulari, oinezko eta kotxeentzat, hauek begiratu gabe gurutzatzen baitzuten 2 kilometrotako bidegorria. «

Porrotak moztu zizkion hegoak gerora bizikletarentzako azpiegitura egiteko asmoari
», Enekoren ustez.
Kontuan hartu behar da, Iruñean dagoen txirrindaren erabilera eskasa. Erdialdean, Gasteizen legez, mendixka bat dago. Horregatik inguruko auzoetatik erdialdera iristeko aldapak igo behar izaten dira. Arriskuaz gain, fisikoki egin beharreko ahaleginak jendea bizikleta ez erabiltzera bultzatzen du. Hala ere, Iruñeako Hirigintza Plan Orokorrak, bizikletari buruzko atal berezi bat du. Lehenengo hiriaren erdialdeko parketatik pasatzen den zirkuito bat egitea da asmoa eta gero, erdialdera iristeko bide seguru eta azkarrak. CCCPren ustez bide horrek aisialdirako balio lezake, baina ez leku nagusiak lotzeko. Dirudienez zirkuitu nagusi horrek du lehentasuna. Plana ez da derrigorrezkoa, eta ez du gauzatzeko zehaztutako eperik. Nafarroan, bestalde, bizikleta eta oinezkoen bideak biltzen dituzten eskualdeetako arauak daude. Iruñeko Eskualdean, Aranguren bailaran, horrelako bide bat dago: Tajonarretik Labiora doana. Babestutako bazterbide honek 6 kilometrotako luzera du eta errepidearen alde batean dago kokaturik. Baina arriskua handia da bidegurutzetan bizikletek eman behar dietelako txanda kotxeei, eta ez dagoelako seinalizaturik. Horrez gain, CCCPk salatzen du bide hau Labioko birziklapen lantegira dihoazen kamioientzat zabaldu zela, eta ez bizikletek erabil zezaten.


PISTA ZIKLATUAK IPARRALDEAN.

Ipar Euskal Herrian ez dute bidegorria hitza ezagutzen. Baina bereziki txirrinduarentzat eginiko pista ziklatuak leku hauetan daude, Lapurdin bederen: Hendaiatik Txingudirako bidean 2 kilometro daude , beste 10 Baionatik Ustaritzera eta beste tramu bat Getaritik Baionaraino, tartean, Donibane-Lohizunetik igaroz. Baiona-Angelu-Miarritze distrituan berriz, 2 kilometro daude errepidetik bereiziak, eta Baiona eta Angeluko hondartzak lotuko lituzkeen beste hiru egiteko asmoa dago 2000. urtetik aurrera.
Errepidean bertan, txirrinduentzat karril berezia dago hainbat lekutan. Honela gertatzen da adibidez, Baiona eta Donibane Garaziren arteko zatian, Baiona eta Donibane Lohizunerako bidean eta Donibane Lohizune eta Kanbo arteko tramuan. Urruñan ere, handik Hendaiara zihoan errepidea berritzean, eskuinera metro bateko bide bat egin zuten txirrindularientzat, kilometro bakar batean. Beste 5 falta dira Hendaiaraino. Bide honek egoera kaxkarra du, kamioi ugari dabiltza eta zuloak daude zoruan. Baionari dagokionez, bertan ia 6 kilometrotako bizikleta pista dago guztira, eta errepidearen 20 kilometrotan txirrindarentzat karril berezi bat dago. Gobernu frantsesak gerora Paris eta Hendaia lotu nahi ditu. Baina «Direction Departamentale D'Equipement»ek beste 40 kilometro bide eskatzen ditu txirrindaz ibili ahal izateko. Arazo nagusia lurraren salneurri garestia da.


EUROVELO: 12 BIDE EUROPAN.

Europan egoera bestelakoa da. Holandak adibidez, 18.000 kilometro bidegorri ditu, eta Euskal Herriaren zabalera berdina. Suitzak 2.500, Alemaniak 25.000, Finlandiak, 10.000 eta Erresuma Batuak, 6.000 kilometroko sarea egiteko plana du. Honez gain, Europa osoan zehar Eurovelo izena duen 12 bide egiteko proiektua du Europako Txirrindularien Federazioak. Lehena, 2.000.urtean egin nahi da, eta hortik aurrera urtero beste bat burutuko dute 2.011.urterarte. Hauek estatu bakoitzean dauden bidegorriak aprobetxatuko dituzte. Europako Batasunak proiektua onartu du. Orain, toki bakoitzean, partzuergo nazionalak sortu behar dira. Bide hauek egiteko, hainbat baldintza ezarrita dago: aldapa gutxikoak izan behar dute, herriak zeharkatu behar dituzte, zabalera nahikoa izan behar dute, garraio kolektiboekin komunikatuak... Espainiatik hiru adar igaroko omen dira: Erromesen Ibilbidea, Zilarrezkoa eta Mediterraniarra. Partzuergo bakoitza bertako administrazio, txirrindulari, udal eta bizikleta egileek osatuko dute. Eta hauek erabaki beharko dituzte bideen nondik norakoak eta bertan eskainiko diren zerbitzuak. Lehen Plan Teknikoak, Euskal Herrian Eurovelo Hen daiatik Irunerako bidean sartuko dela aurreikusten du. Baina handik zuzenean Nafarroara joango da. Kalapiek Maltzaga-Urbina autobidearekin batera egingo den bidegorria erabiltzea proposatzen du, Araban dagoen puskarekin lotuz. Honela, Gipuzkoa ez litzateke proiektutik baztertuko.
Europako Batasunaren egoerari erreparatuta, Euskal Herriko txirrindulari elkarteak bat datoz hemengoaren balorazio ezkorra egiterakoan. Txirrinduarenganako errespetu kultura baten beharra azaltzen dute. Ez bakarrik eraikiz, baita eraikinen arrazoiak azalduz ere. Azken finean, Eneko Astigarragak dioen moduan «

demokratikoa izan behar da. Ez da absolutista edo inpositista izan behar bizikletaren gai hauekin, kotxeekin izan garen bezala
»