argia.eus
INPRIMATU
MARRAZO TXIKIA AIREAN
2021eko uztailaren 19a
Antzinatik, arrantza portu nagusia dugu Bermeo. Urte osoan, antxoa, atuna, txitxarroa eta berdel fresko-freskoa tonaka sartzen dute kaian. Halaber, bada arrantzaleen sareetan maiz trabaturik geratzen den arrain bitxi bat: itsuki, kantauri itsasoan bizi den marrazo txikia alegia, irratiari izena eman ziona. Izen polita beraz, duela 14 urte Bermeoko koadrila batek aukeratu zuena irratiaren sortzeko. Orain, horietako inor geratu ez eta lantalde berri batek hartu du lemaren ardura. Urteen poderioz, aldaketa franko egon da, albisteen sendotze aldera batik bat. Goizekoaren ondotik, eguerdian Bermeoko berrien txanda iristen da. Arratsaldean bada beste bat, non agenda ere egiten duten. Gainontzean, irrati formula lantzen da, musika iragarkiekin tartekatuz. Ondoren, 5etatik aurrera, musika saio bereziak hasten dira gauera arte. Eguaztenean kasu, uhinak heavy eta hard rockez blaitzen dira «La hora H» saioari esker. Entzuleen parte hartzea altua da oso,

«zapatu goizean, zorion agurren tartean jende mordoak deitzen du, neguan 200dik gora dei egon izan dira; lehiaketak ere badira, horregaz konforme gaude»
azaltzen digu Ibon Etxebarria zuzendarietako batek.
Gaztelera erabiltzen badute ere, gehienbat euskalduna da Itsuki, % 80 edo. Nagusiki bermeotarrez baina bizkaiera ere pixka bat sartuz; Ibonen irudiko

«Kanpoko batek, Hernaniko batek adibidez, nahiz eta hasieran lanak izan, ulertuko luke, ondo egiten baita berba»
. Hedadurari dagokionez, Mundaka, Sukarrieta, Laida, Laga eta Lekeitiora ere iristen da Itsuki.

«Antena bat jartzeko asmoa dago, gutxienez Gernikaraino ailegatu ahal izateko»
diosku Etxebarriak. Beste irrati komertzialen gisan, oztoporik handiena, jakina, dirua dute,

«Bermeoko udalak emandako 500.000 pezetako subentzioagaz gutxi dakunez, publizitatetik ateratzen dugu ia dena»MONICA DEL VALLE