Paulo Agirrebaltzategi idazlea honela mintzatu zen «Euskaldunon Egunkaria»n Bernardo Estornes Lasa, euskal entziklopedigileari buruz:
«Gizon erraldoia hil berria zaigu: Bernardo Estornes Lasa. Berak fundatu eta gidatu zuen obra bezain erraldoia: Euskal Herriaren Entziklopedia,
Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (...)
Bati baino gehiagori burura etorri zitzaion seguruenik Espainiako Gerra Zibilaren aurretiko euskal kulturaren loraldi hartan Euskal Herriari buruzko entziklopedia sendoren bat egitea. Baina zinez «bururatu», (...) berak bakarrik egin zuen: asmatu, buruan sortu, batetik (abiaburua), eta amaitu, buru eman, bestetik (helburua). Asmatzea (proiektua egitea) ez zen seguruenik zailena, nahiz eta irudimen zoila, ikusmen zabala eta jakinduria eskatu horrek; besterik izan zen, ordea, obrari ekitea 60. hamarraldiko garai «ezinezko» haietan, eta horri eustea garai berriago ez errazetan; baina ausardia eta tema ipiniz, batetik, eta metodoa eta jakintza, bestetik: «Ezina ekinez egina». Burutu, ez da erabat burutu oraindik Bernardok bururatu eta zuzendutako obra. Baina esku onetan dago, Idoia alabarenetan. Aita izan da argitaratua duten azken tomorarte zuzendaria, eta alaba, argitalpen-arduradun nagusia aspaldiko urtetan. Bernardo betirako geratuko da obra erraldoiaren fundatzaile(...) ».