Bilbotik Plentziara bidean, metroa lur gainera igotzen den tokian, Algorta dago eta bertan udako musika jaialdien antolatzaile den Getxoko Kultur Etxea. Udan Bilbo tropikala bilakatzen da, baina Getxo ez da atzera gelditzen! Ekainean Nazioarteko Blues Jaialdia Erromon, uztailean Europar Jazzaldia Algortan, abuztu eta irailean Nazioarteko Folk Jaialdia Areeta eta Erromon... Udan Getxo jendez betetzen da eta kaleak musikaz janzten dira. Hau eskualde honen alderik ezagunena dugu, baina bertako elkarteak egunez eguneko lana egiten du urte osoan. Bertara hurbildu eta Getxoko Kultur Etxeko zuzendari Eugenio Gandiaga eta kultur teknikari Iñaki Saituarekin jardun dugu, elkartearen 25 urteen inguruan.
Kultur eskaintza bideratzeko, Getxo Antzokiaz gain, Algorta, Areeta, Erromo eta Andra Mari Kultur Etxea eta areto txikiak dituzte Getxoko Kultur Etxekoek. Getxo Antzokian batez ere antzerkia, filmak, bertso saioak eta kontzertuak antolatzen dituzte eta bestelako aretoetan hitzaldiak, ikastaroak eta erakusketak, beste elkarteekin batera. Guztira 600 milioi pezeta inguruko (24 milioi libera) aurrekontua dute urtean eta «
hortik 100 milioi inguru kultur etxearen zerbitzuen barnean sartzen den euskaltegira doa», azaltzen digu Iñaki Saituak. Elkartearen ardurapean daude baita ere herri liburutegiak. Dirulaguntza nagusia udaletik dator: 400 milioi pezeta inguru urtero. Honez gain, dirusarrera garrantzitsuak dituzte Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldunditik, besteak beste. 42 miloi pezeta leihatilako sarreretan eskuratzen dute.
Aurrekontuaren % 50 langileei soldata ordaintzeko erabiltzen dute, gainontzekoa 4 esparrutan bananduz: euskaltegia (100 milioi pezeta inguru), liburutegiak, euskara zerbitzua eta kultur arloa (163 milioi). Eraikinen mantenuak 14 milioiko gastua esan nahi du. Gastuen barruan sartzen da baita ere liburuen erosketa, autoreen eskubideen ordainketa (3 milioi pezeta inguru) eta ekitaldien berri ematen duten buletinen argitalpen eta hedapena. Getxoko Kultur Etxetik hedabideetara iristen diren prentsa dosierrak argazkiz eta informazioz beteak egon ohi dira, ekitaldi bakoitzaren berri xeheki emanez.
Elkartea Urgull etorbidean dago. Eraikin berean elkartea bera, liburutegia, erakustaretoa eta irratia daude. Goiko solairuan, berriz, 120 pertsonentzako areto txikia, piano batekin. Duela 25 bat urte hemen antolatzen zituzten antzezlanak, hitzaldiak eta kontzertu txikiak. 1984tik aitzina, aurrekontua handitu ahala, beste kultur etxeak sortuz joan ziren Getxoko gainontzeko auzoetan. Duela 7-8 urte Getxo Antzokia alokatu zuten. Gaur egun, Euskal Herriko antzokien sarean sartuta daude. 60 lagun ari dira lanean kultur etxean eta Iñaki Saituaren esanetan, «
ahalik eta eskaintza orokorrena ematen saiatzen gara».
Kontzertuak antolatzerakoan baina, toki arazoak izaten dituzte. «
Azkenean kirol ekitaldiak egiten diren tokietan egokitu behar izaten ditugu eta kontzertu hauek bestelako ekipamendua eskatzen dute. Getxo Antzokia zaharkitua gelditu zaigu eta eraberritu beharra dugu». San Nikolas enparantza inguruan dago Getxo Antzokia, hare kolorezko horma eta more kolorezko hizkiekin. Bertako arduradunen arabera, gauzak ongi bideratuz gero, 3-4 urte barru antzoki berria izango dute kultur ekitaldiak antolatzeko.
HERRITARREN AISIALDIA BETETZEKO LANEAN.
Herritarron gehiengoak oporrak hartzen dituenean lanean dihardute elkarteko 60 kideek. Bertako zuzendari Eugenio Gandiagak azaldutakoaren arabera, «
udako ekitaldiek erritmo bizia markatzen diote gure lanari». Izan ere, nahiz eta urte osoan lanean aritu, neguko programazioa udakoa baino egonkorragoa da. Urtero egitura berdintsua mantentzen dute neguan: asteko lehen egunetan programazioa antolatzen hasten dira, lana banatzen dute eta langile bakoitzak bere arloan sakontzen du. Hilaren 20rako programazioak zehaztua behar du, orduan bidaltzen baitira prentsa buletinak, kartelak eta abar inprimategira.
Elkartean guztira 50 liberatu dituzte. Lan esparru bakoitzak koordinatzaile finkoak ditu. Euskaltegian 22, liburutegietan 12, Euskara zerbitzuan bat eta kultur eskaintza bideratzen 5 kide aritzen dira. Gainontzeko langileek denetarik egiten dute. Ezin ahaztu atezainak eta 2 idazkariak.
Ohiko egun bat goizeko 9:00tan hasten dute eta bukatu, batzuk 19:00tan eta liburutegietan lanean dihardutenek 22:00etan. Elkartekoen lanak 2 zati ditu: kultur eskaintza antolatzea bata eta ekitaldien hedapena bestea. «
Garrantzi handia ematen diogu hedapenari. Astero dosierrak plazaratzen ditugu eta hedabideei bidaltzen, honela ekitaldien berri emateko asmoz», azaltzen du Eugenio Gandiagak. Ekitaldi bereziak daudenean prentsaurrekoak eskaintzen dituzte. Informazio hedapenaren zati dira baita ere herritarren artean banatzen dituzten buletinak eta kalean jartzen dituzten kartelak. Beraien lan tresna dira halaber internet (informazioa eskuratzeko) eta posta elektronikoa (artista eta publizistekin batik bat harremanetan jartzeko).
Udako kultur ekitaldien antolatzaileen esanetan, komunikabideen eta publikoaren erantzuna gero eta handiagoa da eta «
honek ahalbideratzen du zuzeneko emanaldietara jende famatua ekarri ahal izatea». Jazzaldia jai batzordearen ekimenez sortu zen 1975 urtean eta 1984an Getxoko Kultur Etxeak hartu zuen honen ardura, nahiz eta oraindik jai batzordearekin batera lan egin. 1985ean hasi ziren folk eta blues jaialdiak burutzen. «
Hasieran musika ikuskari hauetara herriko jendea bakarrik joaten zen», azaltzen du Iñaki Saituak «
baina publizitate eta talde mailan hobetuz joan garen neurrian, jaialdi hauek finkatuz joan dira». Askotan esaten da jazzaren tankerako musikak publiko txikia duela, baina bertako arduradunaren arabera, «
zorionez» musika mota hau kaleko jendearen artean gero eta gehiago zabaltzen ari da.
BAT-BATEKOTASUNA ERAKARGARRI.
Nahiz eta pop-rockak diru gehiago eman, badira jazzak txunditu dituen eta honetan jo eta ke dabiltzan taldeak. Urruti joan beharrik ez daukagu, Euskal Herrian ere baditugu eta musika
ez-komertzial hori jotzen duten taldeak: Algortan bertan Zubipeko Swing Band, Bilbo aldean Txatanuga Futz Band eta Donostian jazzetik abiatuz pianoaz doinu paregabeak jotzen dituen Iñaki Salvador, esaterako. Izan ere, Iñaki Saituak dion bezala, «
zaila da jazzetik bizitzea baina duen bat-batekotasun horrek erakargarri bilakatzen du. Entzuleen artean gero eta gehiago baloratzen da jazz musikariak egiten duen bat-batekotasun lana». Gai edo soinu estandar batetik abiatuz eta sentipenei jarraiki, abesti ezberdinak jotzen dituzte jazz taldeek. Musikariaren momentuko umoreak erabakiko du abestiaren tonua.
«
Ez da egia jazza ulertzeko entzuten jakin behar dela», azaltzen du Saituak. Jazz mota asko daude eta batzuk entzuteko zailagoak dira baina «
hau musika klasikoa edota garaikidearekin ere gertatzen da». Bilbon La Bilbaina Jazz Club dago eta Getxoz gain, Donostia, Baiona eta Gasteizen jazzaldiak burutzen dira. Saituaren esanetan, «
tamalez euskal musikariak kanpora joan behar izaten dute». Jazz eskola gutxi dago eta ikasteko Euskal Herritik kanpo irten beharra dute jazza ikasi nahi dutenek. Saituaren arabera honek bere alde on eta txarrak ditu: «
Kanpoan aukera gehiago dituzu baina, bestalde, lehiakortasuna ere handiagoa da»