argia.eus
INPRIMATU
EUSKAL JAZZLARIRIK INTERNAZIONALENA GUREAN
  • den honetan gurean izango dugu Donibane Lohizuneko gitarrajole eta konpositorearen taldea, baina ez Donostia, Gasteiz, Getxo edo Baionan, Jazz Hernani Jardunaldietan baizik.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 23a
Ostegun honetan, hilak 29, gaueko hamarretan Hernaniko Tilosetara hurbiltzen denak Jean Mari Ecay Group entzuteko aukera izango du. Donostia, Gasteiz, Getxo eta Baionako jazzaldi handietatik at, jazzaren inguruko beste ekimenik bai baitago Euskal Herrian. Aurten Jazz Hernani jaialdia hamabosgarrenez antolatu du izen bereko Koordinadorak. 1985ean ekitaldi bakarra antolatu zuen, Hungariako Atila Malecz Bop Art Orchestrarekin. Hiru urte geroago bi ekitaldik osatu zuen egitaraua eta lehenengoz euskaldun batek, Iñaki Salvadorrek, jo zuen bertan. Ordutik, euskal jazz musikariak izan dira nagusi: Blues Stop, Kaleidoband, Dixiekleta Jazz Band...
Jean Marie Ecay Group ere, sortu berri zenean, Hernanin aritu zen. JMEGek ez zuen disko propiorik orduan; orain, bigarrenaren prestaketan ari direla, aurrerapen gisara har daiteke Hernaniko kontzertua. Taldeari izena ematen dion Jean Marie bera izango da gitarran, baterian Loïc Pontieux, baxuan Laurent Vernerey eta teklatuetan Jean Pierre Como lagun dituela.
Atzerrian lan gehien egin eta entzute handien duen euskal jazz musikaria da Ecay, etxean baino atzerrian ezagunagoa seguruenik. Izan ere, bere karreraren hastapenetan gurean aritu bazen ere, berehala hasi zen lanean Euskal Herriko mugez gaindi. Donibane-Lohizunen jaio zen 1962an. Hamabi urte zituela hasi zen gitarra jotzen eta hogei urterekin erabaki zuen bere bizibidea horixe izango zela. Horretarako Hego Euskal Herrira etorri zen. Itoiz taldearen bi diskotan eskuhartu zuen, «Musiklaz blai» eta «Espaloian» ezagunetan. Orquestra Mondragonekin ere jardun zuen garai batean, «Rock'n'roll Circus» diskoaren garaietan hain zuzen. Bere eremua Espainiara zabaldu zuen orduan, besteak beste Jorge Pardo eta Carlos Benaventerekin batera aritu zelarik. Joan Baez ezagunaren kolaboratzaile ere izan zen bere «Diamond and rust in the bullring» lanean. 80ko hamarkada horretan, gainera, Ray Gomez ezagutu zuen, gerora Ecayren lanean eragin handia izan duen musikari eta ekoizlea. Musikari handien kolaboratzaile izateaz gain, bere bide propioa ere jorratu zuen, estudio-sesioetan eta jazz clubetan arituz eta bere inguruan, La Noche izeneko taldera, hainbat musikari bilduz.
Hamarkadaren amaierak aldaketa ekarri zion Ecayri; 1989an Didier Lockwood frantziarrak bere banda berrian parte hartzeko deia luzatu zion. Handik aurrera Parisera bizitzera joan, bandarekin bi disko grabatu eta mundu osoan ibili zen Lockwoodekin batera. Alain Caron ezagutu zutenean, Caron-Ecay-Lockwood hirukotea osatu zuten, izen bereko diskoa kalean jarriz.
1994an, Laurent Vernerey eta Loic Pontieuxekin batera, Hernanin entzungai izango den JMEG sortu zuen, urtebete geroago «Atlantic Blues» diskoa –Pariseko Hot Brass Clubean zuzenean grabatua– argitara emateko. Talde propioa izateak, dena den, ez du Ecayrentzat beste musikariekin kolaboratzeari uko egitea esan nahi. 1994tik Claude Nougaroren bandarekin aritu izan da zuzenean. Lockwoodekiko lankidetza harremana ere ez du eten euskal gitarrajoleak.
Ecayren bideari errepasoa eginda, ezin ukatu euskal jazzlaririk internazionalena dena. Edo, hobe esanda, euskal jazz-blues jolerik internazionalena, berak konposatu eta jotzen dituenak blues kutsu handia baitute. Eta ostegunean Hernanira hurbiltzen denak ere rockaren eragina nabarituko du Donibane-Lohizunekoaren gitarran