argia.eus
INPRIMATU
BERDEA = ZURIA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 15
Landareetako gaitza gehienak onttoek sortuak dira eta ugaltzeko eguraldi epela eta hezetasuna behar beharrezkoa dute onttoek. Uda-bihotzeko beroan lanbropeko eguarteetako eta ilunabarreko ekaitzetako hezetasunak apreta-azpiak zakartzen dituen bezela gaitzak zabaltzen dituzten onttoen esporak harrotzen ditu.
Uda parte honetan gaitz hauetan ikusgarrienetakoa haritza eta bere familia zabaleko kideek pairatzen duten zuriña edo oidioa da. Harizti batera hurbiltzen bazara, ontto bila edo dena dela, erraz bereiziko dituzu gaitzak jotakoak eta sanoak. Zuriña izaki gaitzak nabarmentzea gustokoa du. Berandu samar hazitako puja berde bizietan bezelaxe dagoenerako ia biziaren erdia zuhaitzean dirauten hosto berde-beltzetan hauts geruza edo lizun antzeko ilaje bat ikusiko duzu.
Haritzak zuriñarekin bizitzen jantzi dira eta kilimaren bat egingo badio ere ez dio aparteko buruhausterik eragingo. Hezetasunarekin harro azaldu eta bero lehorrarekin belarriak bildu eta ezkutatu, eguraldiaren antzera gaitza zuri bezela txoro ibiltzen den horietakoa dela bai bait daki zuhaitzak.
Berdea izan eta zuri ageri ; edo zuria izan eta berdea azaldu ohi dena zuritzen du zuriñak? Harro erakusten du bai haritzak zuriña. Satorrenak bezela euskaldun jatorrenak honexegatik aukeratua izango dute haritza bere bihotz-bihotzerreko zuhaitza. Ur gaineko bitsetako aldarean gurtutako zuhaitza. Zuhaitza ala arbola?