Maiatzeko ostiral gau ilun bat zen, Usurbilen. Uda hasierako iluntze epela. Berrehun eta berrogeitamar bat lagun izango ginen Udarregi ikastolako barne jolastoki bildu eta goxoan. Eta espreski Eskoziatik –Zuberoan barrena– Orialderaino etorriak ziren Mackenzie ahizpek kantatu zuten guretzako.
Ahots onak Eilidh, Gillian eta Fiona Mackenzierenak. Eztarri landuak. Afinazio harrigarria. Armonia ederren barruan, abots ongi enpastatuak.
Eta kantari beroak. Entzuleok nahiko genuen ingelesez abesti bakoitzaren atariko esaten zigutena konprenitzea, baina hura gabe ere laster jausi ginen ahizpen doinuen uztarripera. Samurrak, eta gero eta beroagoak. Eztarriak ez beste lanabesik gabe, behin eta berriro eraman gintuzten gure esku zartadaz erritmoa markatzera. Gorputzen atal guztiak zihoazkigun pittinka erritmoan sartuz. Gaelikoz ere kantari jarri gintuzten!
Alan Griffin irlandarra eta bere lagunak heldu ziren gero. «Grána & Dána». Itsusi eta bihurriak, omen. Hamahiru lagun, hamahiru musikari, Hebrida irletatik etorritako ahizpekin gaualdi berean musika egiteko plazer hutsez Usurbila hurbilduak. Gasofatarako izanik, eta afaria soziedadean, xanpion. Bilbotik, Bordeletik, Okzitaniako Tolosatik... eta Mediterranio bazterrean den Carcasonatik Gui adiskidea. Goizaldeko ordubata arte luzatu ziren Irlandako jiga, reel eta gainerakoak, oholtza gainean ia sartu ezin ziren hamahiru artistek joak. Esmeraldazko Eire urruneko musikak, eta tartean Alanen argibide eta aurkezpenak... euskaraz.
POPULUA, herria, jendea («publikoa» esaten dute orain musikari eta idazle iraultzaile gehienek ere), masa... oldeengana iristeaz kezkatu garelako izango da seguruenik. Baina asko gara holako ekitaldi edo ekintzaren aurrean lehen erreflexutzat etorri direnen kontaketara jotzen dugunok. Lastima hauek baino etorri ez izana. Non daude herri honetako musikazaleak, tresnaren bat ikasi dutenak, jende aurrerazalea...? Jakinmina, ezagutzeko grina, berri gosea, agortu ote zaizkigu europartu garen abiadura berean?
Kopuruaren obsesioan itsututa, komunikabideetako oihartzuna neurri bakar bihurturik, gauzak ongi egin izanaren satisfakzioa ukatzen dizkiogu gure buruari.
Gozatu dugun (eta zuzeneko ekitaldiak direnean, sekula berriro berdin dastatuko ez dugun) artelana disfrutatzea. Non da Ansorenak txistuan eta Zalduak oboean jo zuten «Xoxo Beltz bat banuen hura», Eltzegorrek Urruñako ikastola kasik amets hutsa zenean antolatutako kantaldietako batean eman zutena? Niretzako, hark bakarrik merezi izan zituen aurreko lanak. Edo artea dago ikusentzunezko ekitaldi batean, edo osterantzean artaldearentzako bazka da.
Eta, bigarrenik, ukatu diezaiokegu gure buruari geurean bizitzeko satisfakzioa. Espantuka ari diren elitistak gogaikarriak diren legez, minorian bizi beharra ez asumitzea frustrantea da. Baina inork demostratu ote du minoria izatea txarra denik? Aitzitik, minorian (edo bestela esanda, herri-biztanlego-merkatu-olde osoaren segmento batean) efikaziaz mugitu eta bizitze aldera doala dirudi alor guztietan etorkizuna. Globala eta lokala, Coca-cola eta harreman pertsonalizatuak.
KRISTO guztiak kontatzen du gaur diru instituzionalekin. Aipatzen dudan gaualdian ere Usurbilgo udalaren laguntza izan zen. Ekarriko diren edukiak eta horien garrantzia artistiko edo estrategikoa baloratzerakoan erakutsi behar dute politikariek (berdin sailburu batek edo herri bateko zinegotziak) beren kultur politikaren zorroztasuna. Gastuen kudeaketa zorrotza eta baliabideen erabilera ahalik eta efikazena, horra beste baldintza ezinbestekoa. Miloiak «aporrillo» xahutzen dira euskal kultur munduan ere. Zeren eta... Utz ezak bere horretan, Artaso, no jodas.
Eta ororen buru, zer eskatu dezakegu kultur eta herri militante garenez herria (herrien Europa) eraikitzen lagundu, herriak (eta tartean guk geuk) edertasuna sortzeko aukera izan eta ahalegin horretan dirurik ez galtzea baino? Gauza bakarra: zortea izan eta laguntza bila dabilen proiektu garrantzizkoren bati opari egiteko bi sos ateratzea.
Maitasunez ezer gutxi egiten omen da gaur. Menturaz beti izango zen horrela. Baina beti bezala, badira erromantikoak. Bestela, galdetu Alanez eta Usurbilgo Aitzaga Elkarteko kultur taldekoez Zuberoan, Urruñan... eta Hebrida ugarteetan