"ESPETXE POLITIKA EDO BARNE MINISTROA ALDATU BEHAR DA"


2021eko uztailaren 21ean
Hauteskundeen emaitzei so egin ondoren, denbora luze batean behintzat ez dirudi erraza izango denik berriro EAJ-EA koalizioa ikustea.
Koalizioa hauteskunde hauetarako zen eta egoera berezi batendako neurri berezi gisa aurreikusi genuen. Toki guztietan bezala, normalena da alderdiak bakoitza bere aldetik aurkeztea, baina hauetan prozesu politikoa eta bake prozesua bultzatzeko, koalizioa egitea pentsatu genuen. Emaitza ez da izan guk espero genuena, batez ere Ibar Ezkerrean, hiriburuetan –Donostia eta Gasteiz–... Etorkizunera begira, gure asmoa Eusko Alkartasuna moduan aurkeztea da, beti bezala, eta salbuespen egoera baten aurrean, bada, aztertu egin beharko litzateke zer egin. Gurea proiektu abertzalea eta sozialdemokrata da eta hori defendatzera abiatuko gara hurrengo hauteskundeetara.

Egin al duzue hauteskundeen emaitzen balorazio bateraturik EAJrekin?
Publikoki ez, baina gure artean bai. Hauteskunde aurretik bilduta egon gara, hauteskundeetan ere bai eta berdin ondoren. Bai, argi ikusi dugu ez dugula bakoitzak bere aldetik lortutakoa batu.

Arzalluz eta Garaikoetxea elkarrekin agertu izan ziren hauteskundeen aurretik behin baino gehiagotan; ondoren, ordea, ezer ez.
Beno, alderdi bakoitzak hauteskunde gauean egin zuen bere balorazio publikoa eta, beraz, handik bi egunera berdina esanaz ateratzeak ez zuen zentzu handirik.

Emaitzak onak izan balira, publikoki ere egingo zen zerbait elkarrekin.
Agian bai, ez dakit. Kontua da gauzak egin diren bezala egin direla eta kitto.

ARGIAn duela hilabete batzuk egindako elkarrizketa batean, Sabin Intxaurragak zioen EArentzat errazago izan behar zuela akordioak EHrekin lortzea, EAJrekin baino.
Ikuspegi ideologikotik begiratuta, EH esparru ideologikoaren ezkerraldean dago; alabaina, zehaztu egin beharko dute proiektu hori gobernatzean zer eratako ezkerra den. Jakina, ezkerrean daudenekin akordioak lortzeko aukera handiagoak dauzkagu. Teorian, EAJ moduko alderdi demokristau batekin baino errazago lortu beharko genuke akordioa EHrekin. Baina ezin da ahantzi bizi dugun abagune historikoa eta bakoitza nondik datorren. Urtebetera arte biolentziaren estrategiak oztopatu egin du euskal nazionalismoaren egituratzea eta, zehazkiago esanda, zentru-ezkerra eta ezkerreko sektoreen artikulazioa. Aspalditik esana genuen, biolentziaren estrategia desagertuz gero, guk era horretako bilguneak bilatzeari ekingo geniola; hori da iragan irailetik hona egiten ari garena. Egoera normaldu ahala, era horretako akordioak emango dira eta, esate batera, agian hemendik lau urtera ateratzen den Gasteizko Gobernua herrialde ikuspuntutik baino ikuspuntu ideologikotik egiten da; bake prozesua bideratuta jada, EH, EA eta PSEren arteko gobernu bat atera daiteke.

Eta posible litzateke horrelakorik?
Nik uste dut baietz, horretarako ari gara lanean orain. Etorkizunean, eta euskal erabaki esparruarekiko behar den begirunearekin, itunak oso desberdinak izan daitezke; hau da, eremu ideologikoan izatea eta ez nazional ikuspegian oinarritutakoak.

EAn bi sektore handi behintzat badira; batzuk EHrekin lan gehiago egitearen aldekoak eta besteak EAJrekiko harremanak estutzearen aldekoak. Azaroan duzuen EAko kongresuan hori izango al da eztabaidagai nagusienetakoa?
Ez du horrela izan beharrik. Egia esanda, nik bi sektore baino, hiru sektore behintzat ikusten ditut: EAJrantz begiratzen dutenak, begia EHn jarria dutenak eta, azkenik, begia EAn bertan jarria dutenak, eta nire ustez sektore nagusia hau da. Hiru sektore horiek elkarrekin amankomunean dutena EA da eta, beraz, gurean oinarrituko garela uste dut. Duela 13 urte esaten ari garenarekin koherente izanez, egungo etapa politiko berria bultzatzen ari gara orain.

Hogei urteren ondoren, Gasteizko alkatetza eta Arabako Diputazioa Alderdi Popularraren esku dira.
Tristeziarekin ikusten dugu hori eta nahiago genuke postu horiek abertzale baten eskuetan izatea. Alta, hori da demokrazia eta hor badaude, alderdiren batekin akordioren bat lortu dutelako da, kasu honetan PSOErekin. Lizarra deskarrilatu nahi zuten eta –hor dago beren kontraesan handia– ez dira konturatzen Lizarra indarrean jartzen ari direla: gobernatzen ari dira gehiengoa beraiek dutelako eta hori da Lizarran gaudenok esaten duguna, errespeta dadila gehiengoaren nahia.

Alderdi Sozialistarekin duzuen harremanagatik, zer aurreikusten duzue, legealdi osoa PPrekin aritzea edo PSE-EEk beste norabide bat hartzea?
PSE-EE orain PPrekin dago eta errealitatea hori da. Dena den, ezin da musean eta pokerrean karta-sorta berberarekin aritu eta PSOEk hori nahi du: PP jartzen du instituzioen buruan baina, aldi berean, EA, EH eta EAJrekin oposizioa egin nahi duela dio. Araban hori, eta gero Donostian, Ibar Ezkerrean eta beste hainbat lekutan gurekin gobernatu nahi du. Hori ez da posible. Etorkizunean zer egingo duten? Aldaketa batzuen aztarnak ikusten dira, baina ikusi beharko da zertan geratzen den. Ekinarekin irabazi beharko dute gure konfiantza eta ez berbekin. Ez ditugu boikoteatuko, baina oraingoz ez diegu sinesten.

«Alava como Navarra»: azkenean UAkoek izango al dute arrazoia?
Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi eta Zuberoa bezala, Araba ere Euskal Herria da; errealitatea hori da. Une zehatz batean indar batzuk Arabaren errealitate historikoa, kulturala eta soziologikoa ukatu nahi badute, bada, jarrai dezatela berean, baina lehenago edo geroago hondoratuko zaie ikuspegi hori. Hori egin nahi izan du UAk eta begira nola dauden. Sarritan esan dut, arabar bat bera ere euskaraz mintzatuko ez balitz, gure mendi, ibai, herri eta abizenek hitz egingo lukete euskaraz eta hori ezin da errege dekretuz ezabatu. Zorionez gainera, euskara gero eta gehiago da Arabako hizkuntza naturala.

Aurreikusita dagoen moduan, Udalerrien Biltzarra uztailean osatuko al da?
Hori espero dut, uztailean Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarra biltzea eta otsailean erabakitakoa zehazten hastea. Gu foro hau bultzatzearen aldekoak gara.

Udal Ordezkarien Biltzarra zen baina Udalerrien Biltzarra izango bide da.
Hori da erabaki behar dena, zer izango den. Nazio ikuspegitik, pertsonalki uste dut, eraginkorragoa dela hautetsien biltzarra eratzea, Euskal Herriko sei edo zazpi herrialdeak hobeto ordezkatuta izango direlako. Udalerrien biltzar batean, gaur egun, lurraldetasuna ukituta dago.

Orduan, oraindik badira eraketa horri buruzko irizpide desberdinak.
Hori da biltzarrak erabaki beharko duena. Guztiok gaude ados udal mailako erakunde bat behar dugula eta metodologia aldetik hautetsien batzorde bat egin beharko da, hauek proiektu bat landu dezaten eta gero biltzarrari aurkeztu, honek erabaki dezan.

Otsailean esan zen jarduera bateratuak bultzatu behar zirela. Zein eremutan eta nola?
Adibidez, arlo kulturala eta bereziki hizkuntzarena, edo ekimen politiko berrien eremukoa, arlo sozioekonomikoa, herrialde desberdinen egituratzeari begira, azpiegituren gaia... Politika sozialen eremua ere oso garrantzitsua da, eta ez bakarrik udal mailan, diputazioetan ere oso garrantzitsua da eta.

Ondo kudeatzen ari da Lizarra-Garaziko Akordioa?
Dena hobetu liteke. Garai politiko berriari bultzada garrantzitsua eman dio baina batzutan, agian, hauteskundeei gehiegi begiratu diegu eta Lizarra-Garaziko Akordioa ez da akordio elektorala. Euskal Herria eta Estatuaren arteko gatazka konpontzeko metodo bat da eta gainera klabe demokratikoan. Ez da partidismotik egin, herri ikuspegitik baizik eta akaso hori da gizarteari ondo helarazi ez dioguna, batez ere Estatuaren aldetik eraso mediatiko oso gogorra jaso dugulako. Klabe demokratikoan egina dago eta batzuentzat eta besteentzat ere balio behar du. Hauteskunde bakoitzean Lizarra deskarrilatu nahian ari dira eta hori ezinezkoa da, Lizarra ez delako plataforma elektoral bat. Bere potentzialtasuna beste eremu batean dago.

Klabe demokratikoetan eginda dago, zalantzarik gabe, baina –IU-EB egon da ere– funtsean abertzaleen arteko akordio bat da.
Batez ere alderdi abertzaleek bultzatu dugu akordio hau, horrexegatik hain zuzen, herrialdearekiko dugun kezkagatik. Estatuak eta ETAk eutsi ziezaioketen gatazkari, baina euskal gizarteak ez, eta are gutxiago eraikuntza nazionalaren prozesuak. IU-EBz gain, CDN, PSOE eta, zergatik ez, PP ere balego, askoz hobeto guztientzat, horrek bake prozesuan aurrera egin dugula esan nahiko luke eta.

Lizarra-Garaziren kudeaketan EAJk eta EAk protagonismo handiagoa hartu beharko luketela dioten ahotsak entzun dira alderdi bietan.
Ez nago ados protagonismo gehiagoren kontu horrekin. Lanean jarraitu behar dugu, beharbada erabakikortasun handiagoarekin eta, zalantzarik gabe, prozesuaren aldeko apustu argia eginez. EAtik apustu horri gogor heldu diogu eta horretan jarraituko dugu. Hori bai, gure jendearen artean ere orduak pasatu behar izan ditugu sektore batzuk bide honen onuraz jabearazteko. Berdin EHk eta baita EAJk ere. Apurka gero eta garbiago dago prozesu hori sendoa dela eta etorkizuneko apustua dela.

Bake prozesua eta eraikuntza nazionala. Bateren bat lehenetsi behar da, elkarrekin doaz...
Ezin da eraikuntza nazionalik aurrera eraman bake prozesurik gabe. Eraikuntza nazionalean azkarrago abiatzeko bakea lortu behar da; orain, batez ere bake prozesuan jarri behar dira indarrak, hori bai, eraikuntza nazionala ahantzi gabe.

Hori argi al duzue Lizarra-Garazikoen artean?
Bai. Lizarra-Garazi, finean, gatazka bat konpontzeko metodo bat da, bake prozesu bat martxan jartzea eta amaitzea. Ez naiz debate horretan sartuko, ea bake prozesua hasi den ala ez; garrantzitsuena da denok argi izatea bake prozesua amaitu beharra dagoela.

Ahal zen leku batzuetan Lizarra-Garazikoek alkatetza ez hartzeagatik, EHk kritika gogorra egin zizuen EA eta EAJri.
EH ez da aproposena horrelako kritikak egiteko. Sopuertan eta Asparrenan, adibidez, EArena zerrenda bozkatuena izan arren, alkatetzak beste esku batzuetan geratu dira. Ez ditut ulertzen EHren kritika horiek eta alkatetzen inguruan gertatutakoengatik ezin ditugu alderdiek egindako apustu politiko orokorrak zalantzan jarri. Herri bakoitza mundu bat da eta apustu politikoak harreman pertsonalekin nahasten dira han. Zailtasun hauek kontuan hartu behar dira eta gainditzen saiatu behar dugu, beste indar politikoen aurkako arma gisa erabili beharrean.

Ia urtebete ETAk su-etena aldarrikatu zuela. Zer egiteko premia dago orain?
Batzuk hor ari gara lanean aspalditik; hor lanean ari ez direnak erakartzea lortu behar da. Presoen gaia ere oso garrantzitsua da, distentsio puntu garrantzitsua litzatekeelako. Baina Barne Ministerioak, lagundu beharrean, presoen egoera gogortu egin du prozesua lehertarazi nahian. Espainiako Gobernua eta Barne Ministerioaren artean mezu kontrajarriak entzuten ditugu sarri eta hori konpondu beharko du Gobernuko Lehendakaritzak. Bitik bat, edo Espainiako Barne Ministerioak espetxe politika aldatzen du, edo Gobernuko Lehendakariak barne ministroa alda dezala

ALTURAKO POLITIKOA
ALTURAKO POLITIKOA
Euskal politikagintzan azken urtean izan diren goi mailako gertakizunetan lehen eskutik parte hartu izan du. EAJn ia hamar urte egin ondoren, beste hamairu egin ditu EAn, alderdiko sektore desberdinen elkarrulertzea lagunduz. Gaur egun parlamentaria da Gasteizko Ganbaran. Mendizale porrokatua, Huescara arteko Pirinioak ondo ezagutzen ditu. Oporretara doa egunotan, Pirinioko mendietara, `hirumilakoak' egitera.


Azkenak
2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


2025-01-20 | dantzan.eus
Martxora arte kalez kale eta etxez etxe ibiliko dira kaskarotak Lapurdin

Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]


2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude