"TXIMELETEN KULTURAN GABILTZA"


2021eko uztailaren 19an
X

albadorren bat-bateko bertsoekin egindako muntaia izan da azken aldiko kontuetako bat. Zertan da hori guztia?
Hegoaldean askorik ere ez dugu egin, emanaldi batzuk bai, Zaldibian, Usurbilen, udan UEUn egingo dut, baina oraingoz arrakasta handirik ez du izan. Nik ere, ez dut presarik zabaltzen. Zinta bat grabatzeko esperantza badaukat, eta hori egiten denean ikusiko dugu. Xalbadorrena entzun gura duenak entzungo du, hor dago, baina ni ez noa bururik apurtzen. Hor beharra eginda dago, eta iragarrita ere badago, baina ez du oraindik dei handirik.

Zabalpen kontua ote da?
Ez, beharbada izango da hemen gauzek oso astiro eta efektu atzeratuekin funtzionatzen dutela. Kultura landu edo sakonagoaren baliabideak oso astiro dabiltza hemen, bizkorra behar da, bat-bateko halako zerbait egiten bada, Euskal Herri guztian berehala zabaltzen da, baina alde horretatik Xalbadorrenak, gainera Iparraldekoa izanik, ez du arrakasta handiegirik izan. Gertatzen dena da, jendeak interesik ez duen gauzetan enteratu ere ez dela egiten, badaki, baina ahora eman arte edo zinta bat atera arte ez da mugitzen. Bitxikeria bat zabaltzen bada, erraz kontsumitzen dena, aurrera. Apur bat sakonagoaz edo arreta pixka bat gehiago daukanagaz jendea ez da enteratzen.

Ideia hutsetik hartu duzu ala beste nonbaiten daukazu iturria?
Nik ikusten dut bertsolaritzan bertso jarrien tradizioa badagoela, jendeari helarazten zaizkiola, baina bat-batekotasunean sortzen den gauza onari ez zaio jarraipenik ematen. Azken batean adibiderik argiena da, oso azalekoa dela bat-bateko bertsogintzako altxorrari buruzko lotura. Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalean egon diren gehienek Xalbadorren bat-bateko bertso bakar bat ere ez dakite. Horrek zer esan gura du? Bada, ez dugula mantentzen bat-bateko bertsotan sortzen diren kalitatezko gauzen hautapenik, hori haizeak eroaten du.
Hau da, nahiz eta oraingo kultura honetan esan memoriari ez zaiola hainbeste garrantzi ematen, eta lehenagokoek memoria gordetzen zutela, ez da hori analfabetoen eta alfabetatuen arteko kontua. Tradizio batean sortzen den kalitateari ez bazaio jarraipen eta biltze bat ematen, eta hori nonbait jasotzeko modurik ez badago, alferrik egin dugu.
Ez da sakontzen, Xalbadorren kasuan jendeak dakiena da, txistuak jo zizkiotela. Eta? Anekdota horrek zertarako balio du? Ezertarako ere ez. Hori ez da kultura. Balio du bertsozaleen jarrera nahiko brutal baten ezaugarri legez, baina bat-bateko tradizio edo kalitate baten gorabeherarako, txistuak jo zizkioten ala ez, ez du balio. Zerk balio du? Txistuak jo zizkioten egun horretan kantatu zituenak. Eta horiek nork dakizki? Inork ere ez.

Hala ere, antzeko proiekturen bat baduzu.
Bai, Lazkao-Txikiren antologia eginda daukat. Xalbadorregaz bezala, Lazkao-Txikirekin ere ikusi dut hor balore inkonkretu bat dagoela, denok baloratzen dugu, baina azkenean zer dakigu berari buruz? Txikia zela... bada, ezer ez dakizu. Lazkao-Txiki edonork ezagutzen du. Baina bere bertsoak zenbatek ezagutzen ditu? Bai, haren pasadizoak, ironiak... baina zenbat bertso? Bat ere ez. Orduan ez du balio ezertarako Lazkao Txikiren irudia izateak. Obra jakin behar da eta bat-batekoan obra bertsoak dira. Ikusten nuen Lazkao-Txikirengan estilo, estetika eta arte handi bat dagoela eta bilduma batean ordu eta erdian entzuteko moduan jendeari helarazteko egin dut. Koño, hau zelan egon gaituk orain artean erabili barik eta jakin barik! Entzun eta erabiltzen bada, kalitatea eta estiloa ere, ez ezertarako balio ez duten ideia teoriko orokorrak, kalitatea gehitu egiten da, eta kalitateak kalitatea egiten du. Baina horretarako atera egin behar dira bat-batean irteten diren perlak. Bat-batekoan irtendako gehienak, haizeak eroatekoak dira, baina ez denak, eta gordetzekoak onenak izango dira. Gorde buruan egin behar da, kantatu eta jakin egin behar dira. Alfer-alferrik da liburuan egotea. Lazkao-Txikirenean aukeraketa eginda daukat, orain gidoia bakarrik egin behar dut.

Bizkaiko bertsoak aurkezteko ere jendaurreko emanaldiak egin dituzu.
Dena liburu batean jarrita egoteak ezertarako ez du balio. Antologia entzunarazi egin behar da. Zelan? Jendaurrean kantatzen, eta disko batean ere ipini, gaur gatxa baita disko baten bidez izan ezik jendeak buruz kantatzea. Orain arte nik bakarrik eta Joseba Tapia eta Leturiagaz pare bat jaialdi egin ditugu.

Eta jendearen harrera?
Ona, ona. Hor egonik, jendea harrituta gelditzen da. Zelan gagoz hau entzun barik? Alpujarretako eta Kubako bertsolariek buruz asko kantatzen zutela konturatu nintzen, eta horiek ere modernoak dira. Badute altxor bat, artxibo bat, euren erreferentzietan kalitate bat lortu zuten saioekin. Hori da guk galdu duguna.

Zelan izan da hori?
Bada, bat-batekoa azkarra izan beharra. Euskal kulturan apur bat tximeleten kulturan gabiltza. Tximeletak politak dira, hara eta hona arin ibiltzen dira. Baina arranoaren hegada ere ederra da. Ez da dena arineketa, eta hori egiteko ez bagara gai, oso azalekoa izango da.

Arranoaren hegada horrekin ez al duzu zure burua beti pauso bat aurrerago ikusi? Hau da, ez duzu sentitu beti pipermin ibili zarela?
Ez dakit ba... Ni garai batean gehiago ibili nintzen pipermin, orain apur bat utzita daukat. Orain nik badakit zer nahi dudan, Lazkao-Txiki, Xalbador... eta hori egiten dut. Beste batzuk konbentzitzen ibiltzea, hau egizue, bestea egizue... hortik apur bat erreta nabil. Gura duenak hartu dezala eta gura ez duenak hartu dezala popatik. Beste batzurekin kontatu beharreko gauzak, beste batzuri tiraka ibili beharreko gauzak, nekatu baino oker ibili naizela uste dut. Maila pertsonalean ideia asko dut, kolektiboan nituen erronkak ez dira hainbeste. Bertsolaritzarekin identifikatzen nau gehien jendeak, baina nire alderdietan bat da eta ez derrigor inportanteena. Gogaituta ere banago bertso kontu horrekin.

Zuk esandakoek eragina ere badute oraindik. Mendebalde Alkartean zabiltza eta zuk ere azken urteetan bizkaierarekiko arreta eskatu duzunetik egon da aldaketa.
Bai, bai. Urrunegi joan gara Bizkaian. Bai bertsotan eta bai euskaraz idazterakoan euskalkia ia-ia sasira bota dugu, eta beste gauza askotan legez, bagatoz zentzu batera. Ahozkoan dauka inon izatekotan lekua bizkaierak eta beraz, bertsolaritzan. Batua egiteke dago oraindik, arau minimo batzuk daude, asko dira, baina egiteko dago, batua batu egin behar da. Eta nondik batu behar da? Euskalkietatik noski. Eta horretan bizkaitarrok kokoloak izan gara.

Akonplejatu berba ere erabili duzu zuk.
Euskaldunok erdaren aurrean beti izan dugu konplejua, baina euskaldunon barruan bizkaitarrok egin duguna ez du inork egin. Bertsotan indar gehiago ala gutxiago izan, esan nork utzi duen bere euskalkia? Guk bakarrik. Eta bagoaz apur bat buelta ematen, ez da hain gauza gatxa. Mentalitate batzuk ez dakit nora joan diren eta badirudi printzipio batzuren kontra gaudela. Eta ez da hori. Irakasleen artean ere ondo ez ote gabiltzan kontzientzia sortu da. Umea eskolara eroan eta etxeko hizkuntzatik zeharo klabe ezberdinetara ezin da aldatu. Amamagaz asteko egunei buruz eztabaidan. Eztabaida hori ezin da etxera ekarri, ze etxekoak egiten du atzera. Debatea piztu da, baina gauza elementalak dira azken finean.

«Gara» egunkarian egiten duzun idatzitik ilusio berezia antzematen dizut egoera berri honekin. Tentaziorik bai politikan gehiago murgiltzeko?
Ni betidanik militantea naiz, dudarik ez horretaz. Karguduna ere izan naiz, baina ez politiko profesionala. Ezker-abertzaleko militantea naiz buru eta bihotz, bestelako karguak gurago izan ditut saihestu eta orain ere ez dut tentaziorik. Gainera, ez dut uste nire beharra denik, horretarako badago beste jende bat, oso ona, baina Xalbadorrena egiteko agian ez, eta hori nik egin dezaket. Hortik aparte, militante bezala ere egingo dut lan.

Eta militante lan hori aldatu da azken hilabeteotan?
Bai, orain arteko politika erresistentziakoa izan da, eta geure burua eskaini dugu. Eta gaur aro berria dator, eta militanteak behar dira. Karguak baditugu eta oso onak. Ni ere hor nabil, militante edo bertsolari-militante. Ilusio honekin guztiarekin, daukaguna orain eman ezean noiz emango dugu ba? Sakatu egin behar zaio honi, harri handia da, mugitu egin behar dena. Orain arte erresistentzia izan da, orain agian ez da gogorragoa, baina gatxagoa bai. Orain asmatu egin behar da, erakutsi ez gabiltzala etekin baten bila, proiektu baten alde baizik. Beste marko batera joan arte, olatua gora dator eta sakatu egin behar zaio. Lehen «Egin»en eta orain «Gara»n asko idatzi dut gai politikoei buruz. Lehen gogorra zen, ez naiz atzo jaiotakoa, eta orain errazago egiten zait. Baina hil ala bizikoa da orain, orain artekoak denak galdu ditugu historian, baina orain huts egiten badugu ez dugu zereginik.

Luzera begira egon behar ote da?
Hau kontu luzea da. Arerioa, etsaia gogorra da, estatu bi dira, Europa, NATO... Ilusioak ez du esan gura gutxietsi egin behar denik aurkaria. Estatu sendo bi daude eta gure norabideaz guztiz bestera doan Europako egitura orokorra mugitu behar da. Esaten da Europako haizea herri txikien alde dagoela, baina neoliberalismoaren baitan, oso haize minoritarioa da hori. Kemena eta argitasuna behar dira, erresistentzi garaian kemena garrantzitsuagoa da, gogorragoa da, baina errazagoa, badakizu zeri eutsi, baina eraikuntzan biak behar dira. Pare bat-hiru urtetan definitiboa izan behar du honek, alde batek irabaziko du hau, eta irabazi ezean mende oso baterako gal genezake.

«Enaz Banaz» liburuaz (autobiografia aukeratu duzu) ez duzu berba askorik egin gura atera artean, baina galdetzea ere derrigorrezkoa da.
Pentsamenduak baditut, baina bizitza ere aurrera atera behar da, eta niri zirkunstantziak kontra etorri zaizkit bizitzan, ezker abertzalekooi maukarik ez zaigu etorri. Ni lan barik ere egon izan naiz, hemendik aurrera hobetu liteke, baina niretzat berandu da. Ez dut esan nahi damututa nagoenik. Denborarik ez, ideiak aportatu litezke, baina lana da, nobela batek denbora handia kentzen du eta hamar mila hogerleko lortzeko agian. «Enaz Banaz» liburuak denbora luzea eroan dit. Ez da autobiografia hutsa, bertsolaritzatik ikusi dudanaren hausnarketa da gehiago. Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta AEKrekin edizio pribatua izango da, baina horrekin bizitzerik ezin da pentsatu

Amuriza bertsolaria da, ezaguna, Euskal Herriko txapelduna birritan. Idazlea. Zutabelaria. Jende askok du bere ezagutua, eta denek aitortzen diote miresmena.
Xabier hurbilagoa da, bertso munduan bere proposamenak luzatzerakoan harritzen duena. Denek aitortzen diote jenio bat dela, bere proposamenak ez onartzeko aitzakia lez, jenioak ez baitira ulertuak. Baina aintzindaria da, eta zaila da dioena kontuan hartu gabe jarraitzea.
Jabier senarra eta aita da, Arantxaren senarra eta Mirenen aita. Etxeko gizona. Goxo eta atsegina izaten dakiena.
Amuriza ezagutzen nuen. Gai-jartzaile egitea ere tokatu zitzaidan berarekin. Ez du saioa aurrera atera bitarteko onik izaten.
Bertsozale Elkartean sartu ahala, Xabier ezagutzen joan nintzen. Geldiezina da. Zentzuduna. Hasieran harrigarria iruditzen zaizuna arrazoiz eta logikaz beteko du. Bertso munduan daukan esperientzia luzeaz konturatzen zara. Baina beti uzten du zure iritzirako tartea, eta ez du azken erabakia bakarrik hartzen. Gerora ezagutu nuen Jabier. Laguntza emateko prest, eta eman ere bai. Hurbila, arrazoizkoa, zertan dabilen dakiena. Diziplinatua. Duen lan kapazitatea ikaragarria da. Baina aldi berean hurbila da, etxekoa sentiarazten zaituena.
Harro esan dezaket jenio famatu gutxi horietakoa ezagutzen dudala. Harroago esan dezaket lagun egin dudala. Nire ingurukoak aspertu egin zaizkit nire bertso munduko aurkikuntza handiena Xabier Amuriza dela entzuten. Baina egia da

XALBADOR
«Bat-bateko mirakulua. Harrigarria»

UNAI ITURRIAGA
«Bertsolaria gainditu duen idazlea, hasi besterik egin ez dena»

JOSERRA ETXEBARRIA
«Inkonbustiblea. Zaila da bere moduko asko egotea, baina batzuk behar dira»

JOSEBA TAPIA
«Apoari edertasuna eman diona»

KEPA JUNKERA
«Trikitiari arrakasta unibertsala eman diona»

ANJE DUHALDE
«Nire bertsolaritzaren zati garrantzitsuenetako baten edertzailea»

ABEL MUNIATEGI
«Nire lehenengo bertso-eskola isilpekoaren erdia. Biok bakarrik ginen!»

LAZKAO TXIKI
«Bat-bateko sorgina. Inspirazio marka ezina»

JON IDIGORAS
«Neure `paisano' maitagarria. Ezker abertzaleak erakutsi duen aurpegirik karismatikoenetakoa»

ARNALDO OTEGI
«Irribarre konbintzente bat. Aro historiko bat markatu duen buruzagia»


Azkenak
2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


2024-10-18 | Hala Bedi
Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Gasteizen Araba Bizirik!-ek, urriaren 26rako

“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


Eguneraketa berriak daude