argia.eus
INPRIMATU
Santa Engraziko baseliza kare-harriaren behatoki
Lierni Arrieta 2017ko azaroaren 28a
Ibilbideari hasiera San Joango ermitan emango diogu, Zestoako herriaren irteeran. Akuako bideari ekiterakoan, Zaharren Egoitza alboan dago San Joango ermita. Ibilbidean zehar dagoen maldarik gogorrenarekin hasiz ondorengo guztiak arinagoak irudituko zaizkigu. (500 m) Akuako haranean sartzean, kare-harriaren hondoraketaren ondorioz sorturiko haranari ere ermita batek ematen dio ongi etorria. Bidegurutzean ezkerreko galtzada jarraituko dugu. Kare-harria euriak disolbatzen duenean karst egiturak sortzen dira eta ezkerrean dugun Ertxinako mendian uraren arrastoak beha daitezke. Landareek ere, ezkaia (

Thymus praecox
), endalahar (

Smilax aspera
), aihen zuri (

Clematis vitalba
) eta abarrek, kare-harritan agertu ohi den baso motaren berri ematen digute: artadia. Lurzoru urritasunak eta etxabereen presioak baso honen garapena eragozten du. Hala ere aurrerago, arte (

Quercus ilex
), erramu (

Laurus nobilis
), txorbeltz (

Rhamnus alaternus
) eta gurbitz (

Arbutus unedo
) batzuk bidea estutzen dute, baso nimino bat osatuz. Berehala, Kontzezioko ermita aurkituko dugu, garai batean Aizarnatik joan-etorrian zebiltzanen atsedenleku. Maldan gora jarraituz, bidea estutu egiten da, oroilore (

Myosotis lamotiana
) eta apomahatsen (

Tamus communis
) artean bidegurutzera helduz. Hemen ezkerreko bidea jarraituz pagadian barrena Aginako gainera iristen gara (2 km). Ikuskizunak paradatxo bat merezi du. Eginiko bidea ikusteaz gain, inguruko mendien artean Izarraizko gailurra altxatzen da eta iparraldera Zestoako herria.
Aurrera jarraitu eta porlanezko bidean gora egingo dugu baserri artean. Hurrengo bidegurutzera helduko gara eta bertan, zutoin adierazgailuen bidez, nabarmena da zein den Santa Engrazirako bidea. Zelai, larre eta sega larreen artean Ipintza baserriarekin egingo dugu topo, zakur etxezain zaratatsuen mehatxupean, beti ere bide nagusia jarraituz, Santa Engrazi tarteka agertuko zaigu, tinko, bere muinoan. Martxoaren bukaeraz geroztik enarek (

Hirundo rustica
) gure zeruak apaintzen dituzte beraien hegalaldi akrobatikoekin. Afrikatik datozte kumatzera baina beste batzuk Siberiaraino joaten dira. Hiru kumaldi izatera heldu daitezke, katilu moduko habian. Helduek buru, papar, hego eta bizkarraldea beltza dute eta sabela zuria, baina gaztetxoek moko inguruan ezpainak ere zuriz margotuak izaten dituzte.
Ondoren pinudi kaotikoaren ertzean ametz bakan batzuk igaro ondoren, errepidea hartu eta laugarren ermitaren ezkerraldean dagoen bidea jarraituz, Santa Engrazira igoko gara (5 km). Hemendik ezin hobeki ikusten dira kare-harria disolbatzean sortu zen depresioaren ondorioak. Depresio honek Ertxinako mendixka eta Akua eta Aizarnako haranak hartzen ditu, Aizarnatik igarotzen den errepidea ardatz moduan duelarik. Hondoraketa behe kretazeoan gertatu zen eta ondoren beste hondoraketa txiki batzuk ere gertatu izan dira. Ermitaren atzealdetik ikus daitekeena ere ez da muzin egiteko modukoa, Pagoetako natur parkea ikus baitaiteke. Hemen ere milaka altxor eta bitxikeri ditugu. Gipuzkoaren erdian honelako pagaditzarra mantentzeak badu bere meritua, batez ere inguru hauetan betidanik izan dugun lur ustiaketa bortitza kontuan harturik.
Paisajea miatu ondoren, lehenengo bidetik Santa Engraziko Benitaren bentara jaitsiko gara eta bertatik zutoin adierazgailuei jarraiturik, Aizarnako bideari ekingo diogu. Ezkerrera doazen bi bidezidorrak alde batera utzi eta garo eta sasi artean behera egingo dugu. Etxabere eta basoko animaliek egokitu dutenez, ahuntzen moduan ibiliko gara, baina bat-batean amaitzen da gure basabizitza eta, errepidera itzuliz, Aizarnako plazara abiatuko gara (6 km). Bideak, erreka ertzean, platanadipean azeribuztan larreak zeharkatzen ditu, ondoren plazara iristeko. Plazak, auzoko bihotz dotoreak, pilotaleku zaharraren pareta mantentzen du. Gaur egun pilotaleku berria dute aizarnarrek. Mende honetan 100 ikasle izan zituen eskola ere plazan dago, baina ez ditu 20 ikasle baino gehiago izango orain. Hau guztia plazan ezezik zelai eta basoen ustiaketan ere nabaritzen da, eskulana murriztu eta makinaria sartu baita, pinudiak ere ugalduz.
Elizaren atarian ezkerraldetik doan bidezidorra jarraitu eta berriro ere galtzadarekin topo egiteko asmoz malda igoko dugu. Pinudia zeharkatuz, jada ezaguna dugun harbidean behera (8 km), sastraka artean, kaskabeltz, txantxangorri eta txontak ikusteko aukera izango dugu, isilik itxaronez gero. Txontek, bere kantu monotonoaz eta arraren janzkera lerdenaz, urte osoan zehar koloreztatzen dituzte basoak, baina neguan ugaldu egiten dira, iparraldetik, neguko hotzetatik ihesi, inguratzen baitira. Emeak ez du kolore deigarririk eta luma arreen bidez landareen artean ezkutatzea nahiago izaten du. Bati zein besteari begira gabiltzala Kontzezioko ermitara iritsiko gara eta maldan behera, hasierako puntura itzuliko gara