argia.eus
INPRIMATU
LAN EGITEKO MODUAK
Andoni Egaña 2021eko uztailaren 19a
Bi era dira nagusi kultur eremuan lan egiterakoan. Bata, niri naturalena gertazten zaidana, zerbait eskatzen dizutenean egitean datza. Ideia gustatu, beharra antzeman, ezezkoa esaten asmatu ez... edo arrazoi guzti horiek pilan izan daitezke lana eragiten digutenean.
Beste era bat da, inoren eskerik gabe, norbere kabuz, zerbait sortzea erabaki eta aurrera jotzean datzana. Ekimena du erro lan egiteko era honek. Norbere ideia da ardagai. Bakoitzaren setaren neurriak ahalbideratuko du egitasmoa. Norbere ontasunean sinistea da oinarri ezinbestekoa.
Lehen taldekoa naiz ni ezbairik gabe, eta udak gogoetarako astia ematen duenez, bi jokatze moduen arteko azterketa apal hau nahi nuke argitara eman. Askotan harritzen bait naute, baita bekaitza sortzen ere, bigarren taldekoen zenbait ezaugarrik. Berea, bere berea, den lan hori prentsaurreko batean edo hedabideen aurrean aurkezterakoan, munduko gauzarik garrantzitsuena bailitz agertzeko adinako gaitasuna dute, esaterako. Antzezten ari direla otu zait inoiz edo behin. Baina ez. Egiatan ari dira.
Gai dira hedabideen aurreko mintzo isuri arras prestatu gabean, hitz jario suharrean, begietara begira eta begiak irten beharrean, «nerebiziko ahalegina», «emaitza ezin hobea», «maiteminez aritu naiz» eta horrelako potolokeriak aitortzeko. Eta sinistea beste aukerarik ez zaigu geratuko, hain ari dira egiatan! Gero, hori bai, eskerrak emango dizkiote urliari, sandiari eta arandiari.

INBIDIA
sentitzen dut, aitortu dizuet lehen ere, horrelakoen aurrean. Baina pasa egiten zait gero berehala. Ezagutzen bait ditut bigarren taldekoak ere asko. Eta badakit, ekimena sarritan asperrak sortua dela, beste ezer ez eskuen artean eta zerbait egin beharrak. Badakit, setosoa pelma bihurtzen dela askotan. Badakit, bere asmoa burutzeko hilabeteetan deitu behar izan dutela telefonoz hona eta hara. Kutxako arduradunaren atzetik ibili dela ia egunero, hogeitaka aldiz hotsegin diola eta hiru-lau bider bisita egin. Jaurlaritzara joan zela bi aldiz Gasteizera eta gero Foru Aldundian ere egin dituela hainbat bisitaldi, berak funtzionariak eta funtzionariak bera elkar zorabiatu duten arte. Jo behar izan du telebistara ere. Eta prentsara. Eta irratietara. Eta dena tapaki dotorez eta urrezko letra larrutan kalkeaz hornitutriko liburua argitaratzeko! Edo ez dakit zein klasiukoren berrargitalpena. Edo... edozein jenialitate bezala edozein kutizia txoro.
Telefono harremanez, bisitaldiz, pelmada emateaz, inprentaren hautuaz, frogen zuzenketaz, hedabideei kadu egiteaz... arduratzen den sortzailea ez dabil ongi. Promozioaz arduratu beharko du produkzioaz baino gehiago. Paperak egiten emango du eguna (proiektua aurkezteko, diru-laguntza eskatzeko, fakturak prestatzeko) eta garrantzia duten papereri, sormenaren emaitza diren haiei, ezin izango die behar hainbat arreta eskeini. Denbora faltako zaio azkenean. Askatasuna murriztuko diote. Eta paradoxikoki, berea zena nahia eta ideia aurrera atera nahi zuen harixe gehien.

LEHEN
taldekoon lan egiteko erak ere baditu ardea bere ajeak. Besteek aginduriko trostan ibiltzen nazkatu egiten da pertsona. Zail da enkarguak eginez soilik asebetetzen. Harrapatuak sentitu garelako zerbait egin beharrak, txarrenean gauzak gaizki eginaren ondorengo errealdira garamatza eta onenera ere, larrialdia nolabait salbatu izanaren harrotasun epelera.
Oreka handiagoa behar genuke batzuok eta besteek. Batzuok, aldian behin nahi dugun huraxe baino ez egitera behartu behar dugu geure burua. Besteek, ikasi behar lukete gutizia denak ez direla abian jarzeko modukoak, eta direnean ere, auzokoari pelmada ematea bekatua dela, larria, norberaren lanarekiko asmo eta uste handiak ez bait du zuritzen telefono dei bakar batek.
Azken asteotan, lehen taldeko partaide zintzo, prentsaurreko pare bat ematea egokitu zait. Nire lana eginda eraman dut. Eta kazetari batek aspaldian itxarondako galdera egin zidan. «Nola moldatzen zara hainbeste lanetan sartzeko?». Erantzuna samur kanporatu zitzaidan «Nagusiki beste askori denbora gehien kentzen dieten lanez ez arduratuz. Ez diot inori telefonoz deitzen. Ez diot minutu bakar bat eskeintzen promozioari. Ez-eta kobratzeko fakturak egiteari ere»