BABELGO MADARIKAZIOA

  • Leninek herrien homogeneizazioa defendatu eta langileriak garaipena lortuta, errusierak nagusitasuna eskuratu behar zuela aldarrikatu zuen.Agustin Xaho atharratzearrak euskara gomendatu zuen 1856an mintzaira komun gisa. Proposamenak asko dira, baina elkar ulertzeko hizkuntza bakarra hautatu behar al da? Ala gizateriak eleaniztuna behar du izan?

2021eko uztailaren 27an
Gaur egun lau mila bat hizkuntza mintzatzen dira munduan. Batzuen batzuek baizik ez dakite, baina, lau mila horietatik aparte badirela beste laurehun mintzaira artifizial, ameslariek laboratorioetan asmatu dituztenak. Izan ere, Yahweh-k gizateriaren hizkuntz batasuna Babelen txikitu zuenetik laurehun saio egin ditugu gizakiok batasun hori berreskuratzeko asmoz, horrekin batean galduriko paradisua ere berreskura litekeelako esperantzan agian. Esperantza horiexetatik doakio izena esperantoari, dudarik gabe, laurehun horietarik ezagunena denari.
Europan ehun mintzaira inguru ditugu bizirik. Europako Batasunean hamabi hizkuntza dira ofizial: aleman garaia, frantsesa, ingelesa, italiera, gaztelania, aleman beherea (neerlandera), galego-portugesa, grekoa, suediera, daniera, suomiera eta gaelikoa. 1980an Europako Parlamentuko aurrekontuetako ehun pezetatik berrogeita hamabost itzulpenetan erabiltzen ziren. Pentsatzekoa da ehuneko hori nabarmenki gehituko zela, 1999an Europako Batasunak sei kide gehiago baititu 1980an baino. Nazio Batuen Erakundean, bestalde, sei lan hizkuntza daude: txinera (mandarina), ingelesa, gaztelania, errusiera, frantsesa eta arabiera.
XVI. mendea arte erlijio bezainbat «kultur hizkuntza» eduki genituen Ama Lurreko seme-alabok. Izan ere, ordurarte, gizakiak erlijioaren arabera antolatzen ziren eta batzuk besteengandik bereizten. Nazionalitateak ez zuen soberako garrantzirik. Analfabetoak gehien-gehienak ziren gizarte guztietan eta gizon-emakume ikasiek kultur hizkuntza horietan izkiriatzen zuten, ez nork bere ama hizkuntzan. Esaterako, latina katolikoen kultur hizkuntza zen, grekoa eta eslavonikoa ortodoxoenak ziren bezala. Sanskritoa hinduisten mintzaira sakratua zen (jainistek, budistek eta sikhek haren adar bana jauresten dute) eta txinera klasikoa (wenyan) konfuzianistena, taoistena eta, nolabait, sintoistena ere bai. Zer esanik ez, arabiera, persiera (pahlavia) eta hebreera musulmanen, mazdeisten eta juduen jainkozko hizkuntza ziren, hurrenez hurren. Hori horrela, Euskal Herrian sorturiko judu bat, dirudienez ama hizkuntza Nafarroako erdara zuena, Binyamin bar Yonah (Benjamin Tuterakoa), Mesopotamiaraino ailegatu zen eta israeldarrak bizi zireneko toki guztietan egon, haiekin hebreeraz,

lingua franca
moduan, harremanak izateko sobera oztopo handirik eduki ez zuelarik, antza.
Hain garrantzi handia ematen zitzaion kultur hizkuntzari ezen populu bakoitzak segitzen baitzuen bere alfabetoan izkiriatzen, batzuetan jatorrizko mintzaira inork hitz egiten ez bazuen ere: Asia Txikiko «grekoek» (ortodoxoek, alegia) iraun zuten beren idazkera ibiltzen aspaldidanik turkiera hitz egiteko gai ziren berbeta bakarra zen arren. Halaber, Kretako «turkiarren» (irakur bedi «musulmanen») hizkuntza grekoa izaten zen, arabiarren letrekin izkiriatzen zutena. Juduen mintzaira guztiak (judu-espainola, judu-alemana, judu-arabiera...) hebrear alfabetoan idatzi dira beti. Bestaldetik, mende luzeetan barrena, «persiarra» Zarathustraren erlijioari zerraiona zen, haren nazionalitatea zein zen inolako muntarik ez zuelarik. (Derradan, orobat, «hindua» Krishnaren erlijoari darraiona dela, delarik indiarra, nepaldarra edo singaliarra).
Europari dagokionez, Erreforma protestanteak, Printzeen Erromarekiko menpekotasunaren akabera izan zenak, batetik, eta jendearen alfabetatzeak bestetik, emeki-emeki hizkuntz nazionalismoak piztu zituzten XVI. mendetik aurrera. Horrek latinak Mendebaldeko eta Erdialdeko Europari 1.500 urtez eman zion batasunaren haustura ekarriko zuen. Dena dela, egitez, latinaren dialekto bat, frantsesa, jarraiki zitzaion hari Hizkuntzen Tronoan. Ia-ia Lehen Mundu Gerra arte erreinatu zuen Molière-n hizkuntzak.


LEHEN HIZKUNTZA ARTIFIZIALA.

Ez ziren gutti altxatu latindarren nagusigoaren aurka. Jadanik 1641ean, Txekiako seme batek, Jan Amos Komensky-k (Comenius-ek) dazagudan lehenbiziko hizkuntza artifiziala lantzeari ekin zion. Mintzaira filosofikoa izanen zen, arras sinplea, berezko hizkuntzekin inolako harremanik ez zuena. Ustekabean, Comenius-ek hizkuntza asmatuen leinuaren bidea urratu zuen, seniderik ospetsuena esperantoa izanen zuena.
Ingelesa «latin berria» izateko lehenbiziko saioak XVIII. mendeko irlandar ospetsu baten baitan agertu dira, Jonathan Swift, «Gulliverren bidaiak» liburuaren egilea izan zenaren baitan hain zuzen ere (1711). Ingeles hori, baina, ez zen gaur darabilguna izanen, haren moldaketa erraztua baizik. Zena zela, Swift-en gogoetak Charles Kay Ogden-enei zuzenean loturik daude. Ogden 850 hitz besterik ez zeuzkan «Basic English»-aren sustatzailea izan zen (1935). Beste hizkuntza batzuk errazteko antzeko saioak ere izan ziren, inolako arrakastarik gabe, XIX. mendean, hala nola: frantsesa (Schipfer, 1839), alemana (Lichtenstein, 1853), italiera (Bernhard, 1888) eta gaztelania (Puchner, 1897).
Atharratzeko seme bikainak, Agosti Xahok, adierazi zuen, 1856an, euskarak izan beharko lukeela gizateriaren hizkuntza komuna. Ez zuen argudiorik falta zuberotar gureak Aitorren eta Amagoiaren mintzaira maila horretara jasotzeko: haren logika, maileguak beretzeko gaitasun handia, haren zahartasuna eta haren noblezia eta, ingelesa ez bezala, izkiriatzen den moduan irakurtzen dela.
Poloniako judu batek, Lejzer Ludwik (Lazaro Ludoviko) Zamenhof-ek, asmatu zuen esperantoa, 1887an. Dirudienez, Zamenhof gai zen Europako hamabi bat hizkuntzatan hitz egiteko. Guttik dakite, baina, gaztaroan Hibbat Zion erakunde sionistako kidea izan zela eta esperantoz mintzatuko ziren mundu osoko juduez beterik imajinatu zuela bere Palestina. Beste judu askenazi batek, Eliezer (Perelman) Ben Yehuda-k, suntsitu zuen haren ametsa, hebreeraren pizkundea bultzatu zuelarik (1890az geroztik). Egile batzuen arabera, oso nabarmena da yiddish edo judu-alemanaren eragina esperantoan, baina, egia esan, Zamenhof-en ama hizkuntza errusiera zen.
Zamenhof, lehenengo eta behin, bakezalea zen: uste osoa zuen gudak gizakiek elkar gaizki entelagatzen dutelako sortzen direla eta, hortakotz, hizkuntza eta erlijio komunak haien konponbidea izan litezkeela. Homaranismoa (1901), haren gogoan, erlijio deista bat izan zen, erriturik gabea,

Esperantujo
-ko, alegia, «esperantodunen herriko» gizaki guztien haurridetasuna aldarrikatu zuena.

Esperantujo
, zer esanik ez, Ama Lur osoa zen. Lydia Zamenhof-ek, Lejzer Ludwik-en alabak, geroago naziek Treblinkan hilen zutenak, bahaismoarekin identifikatu zuen bere aitaren fedea. Izan ere, Mirza Husayn-ek 1863an sorturiko erlijioak, herri guztien arteko adiskidetzea predikatzen duenak, esperantoaren aldeko jarrera izan du ia hasieratik.
Harrigarria bada ere, britainiar batek, George Henderson-ek, proposatu zuen, 1890ean, latina izan zedila, berriro ere, nazioarteko hizkuntza, ingelesaren gainetik. Ahalegin handiak egin zituen Henderson-ek latina gaurko bizitzara egokitzeko, hitz berri anitz asmatu zituelarik. Giuseppe Peano, Italiako matematikari ospetsuak, «Latino sine flexione» (1903) prestatu zuen. Latin erraztua zen hori, deklinaziorik gabea eta aditz joko bakarrekoa. Gaur egun, latina, oraindik ere, adituen nazioarteko bileretan lagungarri izaten da (pentsa bedi animalien eta landareen zientzi izenez) eta Vatikanoko Hiriko hizkuntza ofiziala da. Berriki jakin dugu Vatikanok 15.000 neologismo onartu dituela ofizialki bere latinean, Carlo Egger abadeak zuzendurik (1997) eta Antonio Peral-ek Cervantesen «Kixote» latineratu duela (1998). Hildakotzat jotzen ziren hizkuntza batzuen «birpizteak» (manxarenak, kornikoarenak, koptoarenak eta, batik bat, hebreerarenak) arrazoi ematen die latinak hamabost mendez eduki zuen eragina berreskuratu beharko lukeela diotenei.
Latina ez da nazioartean jaun (edo andre) eta jabe izateko birpiztu nahi izan den hizkuntza klasiko bakarra. Lorrenako etnologo batek, Gustave d'Eichthal-ek, adierazi zuen, 1854an, grekoak izan beharko lukeela herriarteko mintzaira. Greko klasikoa Estatu Batuetako hizkuntza ofiziala izendatu izan balute, independentziaren guraso batzuek nahi zuten bezala, d'Eichthal-en asmoak gauzatuko ziratekeen seguraski. Hale ere, d'Eichthal-en aldekoak guttienez ere, bi eragozpenekin topatuko ziratekeen. Izan ere, alde batetik, grekoak zailtasun handiak ditu atzerriko hitzak transkribatzeko, ez baita erromatarren idazkeran gauzatzen. Bestaldetik, greko modernoa bi estatutan (Grezian eta Txipren) ez bestetan mintzatzen da nagusiki, latinetiko hizkuntzak hamaika estatutan mintzatzen diren bizkitartean. Gaineratuko dut, uste denaren aurka, «Europa» ez dela, dirudienez, grekozko hitza, semitikozkoa baizik ('ereb, «mendebaldea», «Magreb»-ekin zerikusia duena).
Ez da sobera ezaguna Lenin-ek nazioarteko hizkuntzaz zuen jarrera. Teorikoki beti nazioen autodeterminazio eskubidearen alde agertu bazen ere, 1912an egin lan batean argi eta garbi adierazi zuen sozialismoak herrien homogenizaziorantz jotzen zuela eta, langileriak mundu osoan garaipena lortu eta gero, hizkuntza bakarra izanen zela beharrezkoa. Zer esanik ez, errusiera izanen zen hizkuntza hori. Hasiera batean, Stalin-ek oso gogor salatu zuen hizkuntza bakarraren aldeko jarrera, baina, 30eko hamarkadaz geroztik iritziz aldatu zen. Nahiko aldaketa bitxia, zeren eta, denok dakigun bezala, Stalin-en ama hizkuntza ez baitzen errusiera, georgiera baizik.
Ia atzo goizean (1978an) Letoniako ijito batek, Vania de Gila-Kochanowski-k, hizkuntzalari ezaguna denak, proposatu du

rromanó
-a (Indiatik heldu den hizkuntza, munduko ijitorik gehienek darabiltena) har diezaiola lekukoa esperantoari. Izan ere, nazien garaiko judu sarraskien eta Israelen sorkuntzaren ondoren, errumantxelak dira munduko etnia herrigabe bakarra: mundutarrak ez badira, ezin uka paneuroparrak behintzat badirela.

Rromanestan
, ijitoen herrialdea,

Esperantujo
bezala, Lur osoa da.
Eskarmentuak erakutsi digu, Zamenhof-ek eta bestek uste ez bezala, hizkuntza komuna ez dela bakearen bermea: gogoan eduki Bosnia-Herzegovina, non lehiakide guztiek hizkuntza berean hitz egiten baitzuten (alfabeto ezberdinetan idazten badute ere: zirilikoan serbiarrek, ortodoxoak baitira, eta latindarrean kroaziarrek, katolikoak baitira, eta musulmanik gehienek ere bai). Bestalde, hizkuntz aniztasuna elkarrenganako errespetuaren eta elkarbizitzaren euskarri izan daiteke, Suitzan kasu.
Begi bistakoa da ingelesa nagusi dela munduan, baina ikusteke dago Europan ere nagusi izanen ote den, hemengo Estatu batzuek, neronek uste, behin ere ez baitute nagusigo hori onartuko. Engels-ek zioenez, kosmopolita batzuek mundu guztiak beren hizkuntzan hitz egin beharko lukeela pentsatzen dute. Europan ingelesak lehian aritu beharko du errusierarekin, alemanarekin eta frantsesarekin.
Neroni anitz interesatzen zaidan galdera da gure planetan gehien mintzatzen den hizkuntza, txinera alegia, inoiz izan litekeen nazioarteko mintzaira. Erantzuna, oraingoz behintzat, ezetz da. Lehenbizi, txinerak, Europako hizkuntza batzuek ez bezala, ohore hori inoiz eskatu ez duelako berarendako. Bigarren, txinerak ez darabilelako latindar idazkera eta horrek buru-hauste anitz ere anitz eragiten dizkio transliteratzerakoan. Eta hirugarren, mendebaldarrok «txinera» deritzogunak egitez zortzi hizkuntza biltzen dituelako (guoyu edo mandarina, wu, yue edo kantonera, minnan, xiang, kejia, gan eta minbei) tokian tokiko dialekto eta hizkeretatik aparte. Idazkera logografikoak ematen die batasuna denei. Latindar alfabetoan transliteratuko balira (saioak eginak dira: pinyin sistema, 1958), hizkera horiek denak, idaztean, ulertezin izanen litzaizkioke elkarri, jadanik mintzatzean zaizkion bezain ulertezin, hain zuzen ere.
Hizkuntza komuna lortzerik ez badago, neroni ez zait batere zentzugabe iruditzen Jesús Mosterín bizkaitar filosofo eta hizkuntzalariak berriki (1993) proposatu duena: hizkuntza guztiak ortografia berarekin idatz daitezela. Ortografia horrek bi baldintza bete behar lituzke: latindar alfabetoan gauzatzea eta hitz bakoitza ahoskatu bezala izkiriatzea. Horrek guztiz erraztuko luke hizkuntzen ikaskuntza (berez, ingelesa bi hizkuntza baitira, bata idaztekoa eta bestea hitz egitekoa). Horrela denok, sobera kezkatu gabe, dozena erdi bana hizkuntza ikas genitzake gure bizitzan. Horixe izan liteke konponbidea Babelgo madarikazioaren kontra: ez nazioarteko hizkuntza bat, gizateria eleaniztuna baizik

Aitor Arana: Ne plu pensu kaj... lernu! (Ez gehiago pentsatu eta ... ikasi!)

Horixe da zinez (izenburukoa) nire gogoeta laburbiltzen duena norbait nazio arteko hizkuntzaz berau ikasi gabe mintzatzen zaidanean. Denetik entzuten dut: oso jende gutxik hitz egiten duela, ez duela ezertarako balio, ingelesa hor dagoela jaun eta jabe eta abar. Berdin-berdin mintzatzen zaizkit Euskal Herrian bizi eta euskara ikasteko batere asmorik ez daukatenak: zertarako euskara, axola duena denok (gazteleraz edo frantsesez) elkar ulertzea bada? Gainera, %25ak soilik omen daki. Zertarako ikasi "beraiek diotenez" hilzorian dagoen zorioneko euskara?
Nazioarteko hizkuntzaren inguruko gogoeta zaharra da, Xabier Zabaltzak zuzen dioskun bezala, baina aspaldi dago konponduta eta Esperanto du izena. Mendeetan barrena saio anitz egin ondoren, esperantoa da mende bat baino gehiago irautea lortu duen hizkuntza artifizial, logiko eta ikasterraz bakarra. Ez zuten porrot egin bere aurreko ahaleginek bakarrik; beraren ondoren egin direnak ere hala moduz dabiltza. Esperantoak literatura originala du, klasiko ezagun gehienak esperantoz irakur daitezke, komikigintza txukuna du eta, nola ez, diskoak eta aldizkariak ere argitaratzen dira. Hiru hilabete nahikoa dira esperantoa ongi ikasteko eta hizkuntza hau dakigunok ulermen arazorik gabeko harremanak dauzkagu edozein naziotako lagunekin. Berriro diot, hortaz, ezer asmatu beharrik ez dagoela (aspaldi asmatu zen) eta esperantoak hamaika aldiz erakutsi duela zeregin honetarako duen gaitasuna.
Zein da orduan arazoa? Erantzunak luze joko luke arazo eta interes bat baino gehiago dagoelako, baina orohar esan daiteke historian zehar boterea (militarra, ekonomikoa...) izan duen nazio hedatzaile orok bere hizkuntza besteen gainetik jartzeko joera azaldu duela beti, lekuan lekuko jatorrizko kultura eta hizkuntza denak suntsituz edo kolokan ipiniz. Gizakion heldutasun eza ote?
Munduan nork bere hizkuntza (txiki nahiz handi) erabili eta denok esperantoa esaten digute esperantista sutsuek eta esperantoz ez dakitenek irri egin eta horiek ametsak direla diote. Neure ustez amets handiagoa da mundu mailarako arazo hau duintasunez konpondu nahi izatea herriek lauzpabost hizkuntza ikasiko dituztela pentsatuz. Gure ikastetxeetara joan eta galdetu ikasleei zer irizten dioten ingelesa ikasi beharrari. Munduko hizkuntza guztiak ortografia bateratuan jartzeak, berriz, agian hizkuntzak errazago irakurtzea ekarriko luke, baina horrek ez du ikasketa-erraztasuna inondik inora bermatzen: ama-hizkuntzaz gain alfabeto latinoan idazten den beste hizkuntzaren bat ikasi dugunok (are gehiago inguruko hizkuntza familietakoa ez bada), badakigu zein zaila den mintzaira hori ongi ikastea.Eta, azkenik, oso tipikoa izaten da nazioarterako nork bere hizkuntza proposatzea: greziarrak grekera, euskaldunak euskara eta ijitoak kaloa; hori norberaren alaba edo semea munduko ederrena dela esatea bezalakoxea da. Honek guztiak nahikoa arrazoi izan behar luke xumeki onartzeko hizkuntza naturalak ez direla jende denarentzat eta nazioarterako egokiak. Arestian esan dut: esperantoa da giltza

"Munduari latindar alfabetoa harreraztea, gehiegi deritzot"

Lan jakingarria eskaini digu Xabier Zabaltzak, hizkuntza internazionalari buruzko bere artikuluan. Harrigarria da jakitea xede horrekin asmaturiko hizkuntzen kopurua ia laurehunekoa dela eta izango da, berak hori dioenean. Ageri da bai, azterketa zabala egin duela arlo horretan.
Laurehun asmatizkera horien artean, Zamenhof-en esperantoa dugu gailentzen zaiguna. Xabierrek dioenez, esperantoaren aldeko jarrera izan du hasieratik Baha'i-tarren mugimenduak. Egia da baha'i-tarrek esperantoarenganako joera ona erakusten dutela, baina hizkuntz arazoez duten benetako xedea honako hau da: herri bakotxak bere hizkuntzan bizi behar luke, eta herri guztien (munduko herri guztien) arteko lotura egiteko, herri guzti horien artean egindako batzar batean aukeratu beharko litzateke hizkuntza bakar bat, esperantoa edo besteren bat.
Euskara ere ez dute arbuiatzen Baha'i-tarrek. Beraiek eskatuta, neuk ere itzuli diet zenbait liburuxka gure euskarara, eta gehiago egiten ez badute, dirurik ezagatik izaten da.
Erlijio bakotxari dagokion "Kultur hizkuntzari" buruz dioena egi santua da, baina orain arte horrela izan bada ere, dirudienez hemendik aurrerantz bide hori agortzen joan diteke. Baha'i-tarrek mirari bat lortuko balute, agian... Lortuko al dute.
Xaho atarraztarrak esaten zuena oso jakingarria dugu. Berak aipatzen zituen onurez gain, badu gure euskarak beste zelakotasun bitxi bat ere: ez dagoela kokatua inongo hizkuntz-familiatan, ez germaniar, latindar, eslabiar, altaiar... Europari dagokionez, geratzen zaion antzinako hizkuntza bakarra, beraz estatuen artean liskarrik sortarazi behar ez lukeena. Aspaldi egin nuen neronek ere eskaintza hori, Europako hizkuntza amankomuna izan zedinekoa, «Jakin»en edo, ahaztu xamarra dut non.
Baina ondo pentsatuz gero, arriskutsua deritzot bide horri. Zeregin hori emateko, hizkuntza sinple eta ahul bat egin beharko genuke gure euskara oinarri hartuz. Eta gero, geuk ere sinplekeria horixe erabiliko genuke, geure buruak arras pobretuz. Begira euskara batua egitean zelako larru zatiak galdu dituen gure hizkuntzak, batez ere mendebaldean.
Beraz, hobe dugu zuhur ibili eta esperantoari edo beste asmatizkera bati uztea herrien arteko lotura egite zeregin hori, eta geurea geure artean erabili, aberastu eta egokitu, oraingo zabarkeria moda hau noizbait atertuko duen esperantzan.
Eta ez dadila grekoa edo latina inoiz izan munduko hizkuntza loturagina, horiek "norbaitsuentzat" "kultur hizkuntzak" baitira. Honela izango balitz, ondo "jorratuak" izango ginake.
Mosterin bizkaitarrak dioenarekin ados bada Xabier Zabaltza, ni ere ez naiz aurka, iradokizunaren erdiari dagokionez: latindar alfabetoa darabiltenek erabaki dezatela ahotsizki egokidura bakarra. Aurreradura itzela izango litzateke. Baina mundu osoari latindar alfabetoa harreraztea, hori, gehiegitxo iruditzen zait


Azkenak
2025-04-08 | Euskal Irratiak
Manex Fuchs
“Aberri Egunak euskaldun guztiak biltzeko ospakizuna izan beharko luke”

Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.


2025-04-08 | Enbata
Batera, Birsortze Biltzar Nagusirantz

Apirilaren 4an, ostiralarekin, Ipar Euskal Herriak Lurralde Kolektibitate baterantz bilakaera instituzional bat behar duela egiaztatuz, Batera plataformak herritarren mobilizazio dinamika baten abiatzea aurkeztu du. Hitzordua emana da maiatzaren 10ean, larunbatez, Ezpeletan,... [+]


2025-04-08 | Gedar
Greba mugagabera joko dute bihar Trapagarango MFSko langileek

Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.


FIFAri eskatu diote atzera botatzeko Donostiaren egoitza izendapena 2030eko munduko futbol txapelketan

Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Bada, Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera... [+]


2025-04-07 | ARGIA
Aita Mari ontziak 108 erreskatatuak gertuagoko portu batera eramatea ez utzi izana deitoratu du

108 pertsona erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan. Italiako Gobernuak ez die utzi gertuko portu batean lehorreratzen, eta Salernora bideratu dute Aita Mari ontzia. Litekeena da Europako Batasunak migrazio politikaren araudia gogortu aurreko azken misioa izatea. Aita... [+]


Loren Arkotxa ondarroarra zendu da, Ondarroako alkate ohia eta Udalbiltzako lehen presidente izandakoa

1999an sortu zuten Udalbiltzaren sortzaileetako bat izan zen, eta erakundeko lehen presidente izendatu zuten urte berean. Ondarroako alkate izan zen hiru agintalditan, eta hango udalak eman du albistearen berri.


Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


Ekainean 20. urteurrena ospatuko du preso politikoen elkartasunezko Hendaiako futbol 7 txapelketak

Hogeigarren edizioa ekainaren 14an egingo da eta futbol partida, bazkari eta kontzertuz josia egongo da. 20 urtez presoekin elkartasunez lelopean ospatuko dute eguna, eta ekintza "bereziak" iragarri dituzte.


Asiako eta Europako burtsek galera historikoak jasan dituzte, Trumpen gerra komertziala tarteko

Asian Hong Kong izan da galerarik handienak jasan dituena: %13,2 galdu du, 1997tik pairatu duen kolperik handiena. Europan, berriz, %6 eta %10 arteko galerekin abiatu dute astelehena burtsa nagusiek. Trumpek hartutako neurriak salatzeko mobilizazioak egin dituzte Europako eta... [+]


2025-04-07 | ARGIA
Euskararentzat justizia eskatu dute ehunka euskaltzalek Baionan

EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.


Milaka lagun, etxebizitzaren negozioaren aurka Donostian

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.


2025-04-07 | Ahotsa.info
Hego Euskal Herriko langile eta pentsiodunak kalera atera dira bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]


Gasteizko Korda espazio okupatua desalojo arriskuan dagoela salatu dute

Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.


“Aurrez aurre egin zidan tiro, barrabiletan apuntatuta, 30 metro baino gutxiagora”

Bilboko Etxarri II gaztetxearen hustuketan gertatutakoaz hitz egin du Ertzaintzaren jaurtigai baten ondorioz barrabila galdu duen 33 urteko bizilagun batek. Beste zenbait bizilagunekin zegoen han, gaztetxeko kideen elkartasunean, "modu baketsuan".


Eguneraketa berriak daude