argia.eus
INPRIMATU
ZURIGORRIEN ENTZIERROA TXUPINAZOAREN ZAIN
  • Eta berriz konbinazio xelebre horren garaia iritsi da, hilaren 6tik 14a arte (azken egunetan koloreak bere arrastoak galduko baditu ere).Korbata eta blusa garaiak ere bizi izan dituzte ordea, Sanferminek. Jaietako programa frantsesez argitaratzen zeneko urteak ere bai. Mende bateko Sanfermin ezagutu nahiz gero, programak begiratu besterik ez dago.
2021eko uztailaren 19a
Iruñeko populazioak 200.000 biztanle eskas ditu eta lau bider eginen du uztailaren 6tik aitzina, eta zortzi egunez (zortzi gauez ere, noski). Atzerritarren kasuan gainera, Ernest Hemingway idazlearen izpirituaren lorratzetan etortzen direnen sokak ez du etenik. Idazleak 1923 urtean bisitatu zuen aurrenekoz Iruñea, «Toronto Star» egunkarirako idazlan batzuen aitzakian. 1926 urtean «Fiesta» elaberri entzutetsua izkribatu zuen Iruñea eta bere jaiak izanik protagonista nagusiak. Aurten, gainera, bere sorreraren urteurrena ospatzen delarik, beldur dago gehiegizkoa ez ote den izanen australiar, kanadiar eta amerikarren uholdea, garagardo merke eta sangriakoa gehienbat. Euren jarduera izendatu dute: zikina eta merkea. Horrenbertzez, turismo bulegoetan egin galdetegi baten arabera, 30 urte izan ohi dute batez bertzekoan eta 5.000 pezeta inguru gastatzen omen dituzte eguneko. Ostatuaren preziorik ez dute hemen sartzeko joerarik, bisitarien erdiak baino gehiagok hiria bera baitu goatze mesanotxetzat. Bisitaren zergatiaz galdegiten duen itaunak hitz bakarra izaten du erantzun modura hiru kasutatik bitan: «

Fiesta
». Hortaz euren agertzea.
Baina, zer izanen lirateke Sanferminak zezenen ezean? Deus ez. Ezer gutti izanen zirela erran nahi baita goizaldeko entzierrorik gabeko jaiak, edota zezenketak faltan dituztenak arratsalderako. Horrela, aunitzek kulunka berdinean paratzen dute Fermin saindua bera eta animalia hauen iluna.
Aurtengo jai egunei begira zortzi dira atonduriko zezenketak. Uztailak 8, asteazkena, Marques de Domec etxearen sei zezen izanen dira bada lasterka ibiliko direnak lehendabiziko entzierroan. Arratsaldean, berriz, hauek hilko dituzten toreatzaileak Emilio Muñoz, Morante de la Puebla eta Miguel Abellan izanen dira. Horrelakoa da behintzat ahalegina, hots, toreroak akabatu dezan animalia.
Hurrengorako Guardiola Fantoniren zezenak Pepin Liria, Vicente Bejarano eta Eugenio de Mora toreatzaileendako ekarriko dituzte. Ortziralari dagokionez, Cebada Gagoren animaliak eta Manuel Caballero, Pepin Liria eta Eduardo Davila egonen dira aurrez aurre. Larunbatean gero, Adolfo Martin etxeko zezenak agertuko dituzte Tomas Campuzano, Miguel Rodriguez eta Javier Vazquez toreatzaileen mesedetan. Eduardo Miura semeen abeltzainen animaliak ekarriko dituzte igandean, hauen aitzinean ausartzeko Sergio Sanchez, Juan Jose Padilla eta Antonio Ferrera.
Astelehenerako, uztailak 12, Jandilla etxeko zezenen eta Enrique Ponce, Francisco Rivera Ordoñez eta Jose Tomasen arteko lehia iragarrita dago. Azkenaurreko egunean jada Guadalest etxeko animaliak eta Juan Antonio Ruiz Espartaco, Francisco Rivera Ordoñez eta Morante de la Pueblak jardunen dute nor baino nor. Eta azkenekoz, Gutierrez Lorenzo eta San Pelayo de Guareña etxeko zezenak ekarriko dituzte Cesar Rincon, Enrique Ponce eta Jose Tomasen aurka ibiltzeko.


MIKEL MARKEZ, RUPER ORDORIKA ETA FERMIN MUGURUZA.

Berdina erran genezake musikari dagokionez, musikaren zalapartarik gabe balio murritzeko jaiak ukanen genituela, alegia. Horrela, eskaintza zabala egituratu dute jai egunetarako eta izen handien zerrendan Tahures Zurdos ibiliko da uztailaren 7an, Ruper Ordorika 8an, La Decada Prodigiosa 10ean eta Serafin Zubiri 11an. Modu berdintsuan Fermin Muguruza 10ean edota Drogasen gidaritzapean osatu duten La Venganza de la Abuela uztailaren 11an ahaleginduko dira, bertzeak bertze, hiriko zokoak harrotzen.
Bertzalde, euskal giroko Euskoplaza atondu zuten joan den urtean estreinako aldiz Iturrama auzoaren inguruan. Aurtengoan egitasmoaren bigarren edizioari ekinen zaio, baina Medialuna inguruan zutituko dute eskenatokia, Alde Zaharretik bada gertuago.
Taldeen zerrendari dagokionez Behin Betiko eta Betagarri egonen dira uztailaren 9an, ortzirala. Larunbatean, uztailak 10, Gozategi eta Ihetza taldea agertuko dira. Eta azkenik igandean, uztailak 11, Mikel Markezen emanaldia batetik eta Gaueko taldearen agerpena bertzetik izanen dira Euskoplaza delako honetan. Guztiak, hori bai, gauerdiko 12etan hasiko dira, goizalderaino euskal giro aparta ziurtatuta. Halaber, eta modu orokorrean aipatuta, erromeri giroko berbenak Gurutze Enparantzan kokatu dituzte urterokoa lez. Rodezno Kontearen Plazan berriz, gaztetxoendako musikaldiak eta Antoniutti pasealekuan orkestra handiko emanaldiak, azkenekoz.
Baina beti izan ohi dira berrikuntzak eta aurtengoak zinetoki erraldoi baten itxura dauka: zortzi metrotako luzera duen pantaila paratuko dute San Frantzisko plazaren inguruan, honen oinetara 80 metro karratutako eskena hedatuz. Guztiari so egoteko, azkenik, 600 aulki. Guztiak zinetoki erraldoi baten planta hartuko du, bertan egonen baitira ikusgai gainontzeko hiri zokoetan gertatzen diren kontu eta kantuak. Noski, txupinazoaren tenorean murritza izaten da hagitz udaletxearen ingurua eta zuzenean eskainiko dute pantaila honetan horrelako momentua. San Fermin irudiaren prozesioa eta «Pobre de Mi»aren azkeneko uneak ere ikusgai izanen dira bertan. Horrela, jaiaren bertze topalekua izan nahi du inguruak.


FESTEN ARIMA: PEÑAK.

Sanferminetan peñak festen arima direla erran duenik egon badago. Guztira hamabortz dira eta Alde Zaharreko karriketan barrena dituzte barreiatuta euren egoitzak, gehiengo batek Jarauta karrika luze estuan. Hauek taberna moduan zabaltzen dituzte urteroko funtzionamenduari aurre egiteko eta zezenketaren inguruan izaten da nabarmenen euren presentzia: aurretik, bitartean eta gero. Hartara, bazkalburuan txaranga fanfarre baten laguntzaz bakoitzak bere bidetik zezen plazaren norantza hartuko du. Hemen, toreatzaile eta zezenak aurrez aurre daudela, plaza iraultzen saiatuko dira musika eta iskanbilaz. Ziudade guztia irauliko dute gero, peñen irteerarekin.
Zortzi egun izanen dira bada, festaren erreinurako. Ondoren, urte batez lozorroratuko da Sanferminetako iskanbila eta honen adierazgarri gertatuko dira dendetako erakusleihoak: plastikozko gizon emakumeen manikiak lepoko zapi eta gerriko gorriaz erantziko baitituzte