argia.eus
INPRIMATU
UR AZALETIK SAKONERA
2021eko uztailaren 19a
Dani Arizalak 1987-88 denboraldian hasi zuen gauerdiko «Ordu txikitan» gogoangarri hura. Gauero, gure belaunaldiko franko egoten ginen itsasoak sortzen dituen olatu ezberdinak entzuten, ezberdin bizi eta pentsatzen zutenen txokoan ostatua hartuta. Inoiz entzun ez genituen adierazpen ausartak, gauaren anonimatoan babesturik. Gisa horretan zortzi urte eman ondoren, «Hi, bizi haiz hi!» emankizuna abiarazi zuen Arizalak, beste gazte belaunaldi bati bide emanez. Daniren ustez

«bi saioek dute bere xarma. Besteak, berandu hastean, beste aukera bat ematen zuen. Oraingoan berriz, arratsaldeko zazpietan izanda, entzuleria ere bestelakoa da, pixka bat egokitu beharra dago»
. Nahiz eta gazteriaren pentsamoldea eta kezkak anitzak diren, urte hauen poderioz gazte jendearen izaera nolakoa den ongi ikasi du Danik,

«ez dakit alderik dagoen orduko gazte eta oraingoen artean baina nik dakidana da gaur egungo gazteei ikaragarri kostatzen zaiela komunikatzea. Bi saioetan nabaritu izan dut hori. Ez dute beraiei buruz hitz egiten; bizi dutena, harreman pertsonaletan sentitzen dutena, amesten dutena».
Kontuak kontu, oraingo formulak entzuleen onespena jasotzen du egunero. Bi orduko emankizuna bi zatitan banatzen dute;

«lehena musika jarri eta entzuleekin mintzatu eta jokatzeko. Bigarrenean aldiz, ur sakonagoetan murgiltzen gara. Adibidez: Amaia Vazquez sexologoaren aholkuak entzuleek bidalitako eskutitzei erantzunez, ezberdin bizi eta pentsatzen dutenen txokoa, Dani eta hiru gaztek pertsonaia ezagun bati elkarrizketa egiten diote, ostiraletan porrak, eta abar»
diosku Ainhoa Urkiak. Urteko anekdoten errepasoa eginez, bat aipatzen digu Ainhoak

«entzule batek txokolatezko palmera bat agindu zigun. Iritsi zen bai, baina kadukatuta».
Uztailaren 9an oporrak hartuko dituzte irailaren 13an bueltatzeko