argia.eus
INPRIMATU
KONTUZ GARAGARDOAREKIN
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Udarako solstizioa puri-puri deneko honetan tila-loreen usain ederra bezainbat zabaltzen da jai eta festena. Edozein ospakizunetarako osasuna behar eta jatena eta edatena neurtzen nahikoa lan izaten da maiz. Edate kontutan ardo- eta uxuala-zaletasuna izan da hemen beti nagusi. Ardotan mahatsarena eta sagarrarena garai batean, baina egun garagarrarena da jaun eta jabe.
Garagardoari mikatz-punttu gozoa itsasteko ezker-aihena edo lupulua erabiltzen da. Gure errioetako erribera zabaletan dezente lantzen zen lehen. Haietatik naturalizatutako landareak besterik ezin aurkitu dira egun errio, ibai eta errekatara begira.
Lupulua hamaika gaitzi aurre egin eta sendatzeko erabili izan da. Baita osasuna galduarazteko ere, adibidez antiafrodisiako gisa, hau da, sexurako grina hotziltzeko. Bada ez bada ere, itsasaldeko konbentu batean lupuluaren ordez intsusa-lore lehorraz mikazten dute bertan egiten duten garagardoa; bakoitzak bere punttua, bere aho-sabaia eta bere jakinduria.
Gizakia animalia naturalagoa zenean solstizio hau izaten omen zuen araldi edo susa-sasoia. Beraz kontuz jaiotan garagardoa edaten duenarekin, sasoia bai baina sasoiz pattal antzera igual ibiliko da eta asko uste gabe.
Garagardoaren egungo sustapen izugarriaren zioa hau izan daitekeela iruditzen al zaizu?