argia.eus
INPRIMATU
IPAR-EKIALDEKO GURE BIZILAGUN EZEZAGUNAK
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 19a
Kalandretak orain hogei urte sortu ziren, Pauen (Akitania/Biarno) zabaldu zen lehen eskola, eta berehala Besiers-en (Proventza) bigarrena. Kalandreta txori baten izena da: Hegatxabala;

alondra/alouette.
`Ikastun tipia' zentzuaz ulertzen da ere. Okzitanera oso kinka larrian dago. Iparraldeko euskararen egoera larriarekiko alderatzean duen abantaila bere izate erromanikoa da. Frantses eta katalanaren arteko hizkuntzaz joa da. Okzitaniera, bere ahulezian, hainbat kultur eremuetan borrokatzen da. Literatur historia sendo baten jabea da eta heldu den milurtekoan irakaskuntzan eta hedabidetan leku izan dezan borrokatzen dute okzitandar militanteek. Euskal Herriko Iparraldean bezalatsu, okzitandar zintzoek alimaleko lana burutzen dute irakaskuntz eremuan, kalandreta eskolen baitatik. Okzitanieraz bizi nahi duten lagunok joan den maiatzean hogei urteko ahaleginak ospatu zituzten ekitaldi polit baten medio.


GUTTITUAK BATEAN.

Kalandreta federakuntza 31 eskolek osatua da; Haur Hezkuntza eta Lehen Mailan dihardute ikasle gehienek. Bigarren Mailako kolejio bat ere ireki du orain gutxi. 96 irakasle eta 1.550 ikasle ari dira. Eskola publiko eta laikoa da. Iparraldeko ikastolak (Seaska) bezala, kalandretak bere normalizazioa bilatzen du frantses hezkuntzaren barruan. Pedagogia irekia eta bizia landuz, gurasoen lan eskergari esker bizi izan da orain arte. Artean, askotxo dira gurasok frantses Hezkuntza Ministerioarekin libratzen dituzten batailak. Azkenekoa, iragan ekainaren 5ean, Bretainako Karaezeran (Carhaix) izan zen. Hiri horretan, Bretainiako diwan, Okzitaniako kalandreta, Kataluniako bressola, Alsaziako ABCM eta Euskal Herriko Seaska eskola elkarteak bildu ziren Hezkuntza Nazionalarekin eskola hauek eskatzen duten estatutua negoziatzeko. Negoziazioek aurrera darraite eta lekuan lekuko, eskola hauek, berezitasunez berezitasun, borroka tinko daramate elkarrekin normalizazioa lortzeko.


KALANDRETAK 20 URTE.

Bien bitartean, kalandreta eskolak hogei urte bete ditu, eta heldutasun gisako bat erakutsi ere. Bere tipian, zabalera handiko lurralde batean aritu behar dute eskola hauek eta erronka latzak jokatu egunero. Hala izanik ere, beste urtemuga bat ederki ospatu zuten lau egunetako ekitaldi oparo batean. Paueko Zenith antzokian eta bere inguruan mota guztietako ekimenak burutu ziren. Kalandretaren 20. urteurrenaren inaugurazio ofizial batek eman zion hasiera, eta haren bitartez, Okzitania, okzitaniera eta kalandretak berak ez duten giro ofizial gisako bat bizi ahal izan zuten. Paueko Udaletxean, bertako Andre Labarrere auzapeza izan zen, eta Orthezeko Rene Ricarrere ere bai. Haiekin batera, Okzitaniako beste hirietatik etorritako hautetsiak izan ziren, baita frantses Estatuko hizkuntz guttituez erakusten duten eskoletako ordezkariak ere. Protokolo ekitaldia oso izan zen jasoa, baina hurrengo egunetan prentsan eginiko adierazpenetan Andre Labarrere zentristak ezin zuen ezkutatu okzitanierarekiko bere aurkako jarrera. Paueko auzapezak kalandretako haurrak ez direla ondo heziak esan zuen. Barbaroak baliran portatu ziren, bere hitzetan. Kalandretako guraso batek ordea, zera esan zigun Labarrere jaunari buruz:

«Labarrere diputatua antiokzitanista da. Protokolo ekitaldian, prentsaren aurrean, kalandreta sostengatzen du hauteskunde interesengantik, baina funtsean ezin du okzitaniera jasan, eta are guttiago haurren ahotan entzutea. Kalandreta ez da errepresioaren pedagogia, eta berak bai izutu izan zituela haurrak».
Antza denez, bertako ekitaldian izaniko hitzak alegiazko hitzak baino ez ohi dira, eta lehen aukeran zas! egiten du kalandreten aurka Labarrere auzapezak.


FRANTZIAK EZ DU ETSITZEN.

Aurkezpen egunean, Frantziako Gobernuak Hizkuntzen Eurokarta sinatua berria zuen, eta eskolako ordezkarien deklarazio itxaropentsuak egin zituzten udaletxeko areto nagusian. Bakoitza bere hizkuntzan agurtuz lehenik eta frantsesez gero. Itxaro Borda Seaskako ordezkariak ele egin zuen lehena. Berarekin Pauen lehen ikastola ireki zuen Ospital jauna zegoen:

«Ospital jaunak sortu zuen lehen ikastola hemen, eta eredu berdina jarraikiz sortu zen kalandreta. Oloruen ere ikastola bat izan zen duela 15 urte, Iparraldeko euskaldunek eta errefuxiatuek zabaldurik».
Jarraian, Bretainiako Diwan eskolako Andrew Lincoln-ek Frantzia kultur anitzen adierazle dela esan zion Andre Labarrere-ri, eta horretarako Frantziako futbol selekzioan erreparatzea besterik ez zuela. Jean Louis Blenet, Besiers-ekoa, kalandretako koopresidenteak, okzitaniera humanitatearen ondasuna dela aditzera eman zuen, eta kritika eta eskerrak banatu zituen. Herri tipien duintasunaz mintzatu zen bizi-bizi:

«Gure eskualdean (Proventza) kalandretako ikasle erdiak daude; 300 inguru Montpelierren. Dinamika eta arazo handiak ditugu Hezkuntza Ministerioak ez baititu hitzartu zituen irakasle postuak finkatu oraindik ere. 4 miloi libera baino gehiago zor dio kalandretari, eta honen herena gure eskualdeko eskolei dagokie».
Anavari Chapalainek, hizkuntz guttituez Europa mailako arduradunak, Frantziak sinaturiko Eurokarta itun minimala bezala kontsideratu zuen:

«Har dezagun erabakia lehen pauso bat bezala, eta borroka dezagun 39tik 98ra falta diren gainontzeko artikuluak sinatu ditzan. Nik garaipentzat jotzen dut, baina hedabideetan, domeinu publikoan eta administrazioan ez badira pausuak ematen, garaipen sinbolikotzat jo beharko dugu».
Zuzenbidearen ikuspuntutik ezagupen gisako bat izan zen hura. Alta bada, oraindik orain, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak harturiko erabakiaren arabera, Eurokartan idatziak diren hizkuntz guttituen eskubideek Frantziako Konstituzioa urratzen dute.
Protokolo egunean bizitakoa, badaezpadako poza zela jakitun ziren okzitadandarzaleak. Haien hitzetan, interesgarria eta aldi berean arriskutsua. Andrew Lincoln bretainarrak ondo zioenez:

«Itunaren sinatze parte hau arriskutsua da, ze, Erregio eta Departamenduko kargudunek pentsa dezakete aurrerantzean dena etorriko dela estatuaren aldetik. Ordea, kartak eskaintzen dituen eskubideak praktikan jartzeko, tokian tokiko instituzioek lan handia egin beharko dute. Erregioko Kontseiluak ez dira uzkur aritu behar, aitzitik, aitzindari izan behar dute».
Hitz hauekin eta egun hauetan ikasitakoarekin, etorkizuna ez dela kolore arrosakoa antzemateko aski.


LO PASSEI EN GALIMACHIA.

Lau egunetan zehar, hitzaldiak, debateak eta jaialdiak burutu ziren. Musika kontzertuak, antzerkia eta pastoral bat jokatu ere. Pastorala, iazko abuztuan jokatua izan zen Accous herrian, Aspeko haranean, eta kalandreta festaren karietara errepikatua izan zen Zenith delako antzoki handian.

Despourrins d'Accous
izeneko pastorala berezia da; ez da Zuberokoa bezalakoa eta duela bost urte berpiztu zen berriz biarnesen artean. Nadauko (gabonak) misterioa kontatzen da berean. Bestalde, kalandretako haurrek Paueko udaletxearen antzokian eskaini zuten agerraldia izan zen kalandreta hobekien islatu zuena.

Lo Passei en Galimachia
izeneko antzezlanak herri imajinario baten barrena eginiko promenada agertu zuen; haurren irudimenean eraikitako herrialdea. Kalandretako 200 haurrek jokatua. Istorioa geografiari eginiko alegoria bat da; geografiari buruzko aipamena. Herrialde magiko batean, hitzak magikoak eta liluragarriak dira. Domenja Lekuona kalandretako guraso eta militanteak honela azaldu zigun agerraldia:

«Paueko Herriko etxean egitean, gure herrialdea ez dela existitzen agertu dute haurrek. Ez dugu gobernu bat, ez dugu estatu batek duen historia amankomuna. Espazio linguistiko bat dugu ordea, erreala. Haurrek erakutsi dutena utopikoa da beharbada, baina orain hogei urte pentsatzen ez genuen lurralde bat hasiak dira imajinatzen gure seme-alabak».

MASSARDA ENTRAU PAIS

. Duela hogei bat urte

Massarda entrau Pais
delako batasunaren inguruan hasi ziren biltzen eta gogoetatzen okzitandar milintanteak. Joan-Frances Tisner musikaria izan zen lehen eragiletako bat. Seaska ikastola hartu zuten erreferente gisa, eta urte baten ondoko jardunaren ondotik sortu zen lehen kalandreta. Beste hainbat tokitan bezala, lehen urteetan ekimen erabat militantea izan zen, Hezkuntza Nazionalarekiko inolako harremanik gabea. 1982. urtetik aurrera eskolak behar zituen edukin pedagogiko eta etikoak landu zituzten, baita lurralde hain zabalerako armonizazio komun bat gauzatu ere. 1994an sinatu zuten frantses Hezkuntzarekin lehen kontratua. Harrezkero, kalandreta eskolak Seaskak hamar urte lehenago urraturiko bide beretsutik egiten du aitzina. Hogei urteurreneko festa antolatzeko, Euskal Herria baino bost bider zabalago den Okzitania osoko 300 laguntzaile aritu ziren


Kalandreta eskola koopresidentzia batek kudeatua dago. Sergi Javaloyes biarnesa da kalandretako koopresidenteetako bat. Besierseko Jean Louis Blenet da bestea. Mendebaldetik batak eta ekialdetik besteak borroka gogorra daramate Parisko Hezkuntza Ministerioarekiko. Sergi Javaloyesekin mintzatu gara kalandretari buruz. Tarbeko Mankomunitatearen zerbitzu saileko zuzendari hau, literatur idazle ere bada. Eleberri bat idatzia du gaskoiez.

Kalandretaren urteurrena ospatzean zeintzuk ziren zuen xedeak? Zein da egin duzuen bilana?
20 urteurrena ospatzeaz batera, gure estrategia eta dinamika Parisen entzuna izatea xede genuen; une honetan Hezkuntza Nazionalarekin gure estatutua birnegoziatzen ari baikara. Gure bilana biziki baikorra da, sekula baino ozenkiago zabaldu baita kalandretaren proiektua hedabideetatik. Maleruski, orain arte iritzi publikoak oso ideia eskasa izan du kalandretez. Eskualdeka besterik ez, txokoka, Okzitanian barrena zabaldu gabe.

Urte zedarria kontsideratu behar da aurtengo ekitaldia, beraz?
Bai. Gure iragana erakustera eman dugu, eta aitzina egiteko indarra dugula erakutsi ere. Baikorrak gara gure izpirituari dagokionez, alta, Hezkuntza Ministerioarekiko harremanak kinka larrian dira.

Hitzemandako sos parte handia zor zaizue oraindik, ezta?
Estatu frantziarrak 6 milioi libera (150 bat milioi pezeta) zor dio kalandretari: 28 lanpostu eta erdiren kostua. 1994an sinaturiko akordiotik jasoa behar genukeen dirua. Protokoloan dena dira hitz xaloak, gero ordea, sosa eman orduan betiko estakuruak darabiltzate. Beren kontraesan juridiko-politikoei buru ezin eginik.

Nola antolatzen zarete frantses Gobernuaren jarrera honi aitzi egiteko?
Biltzar Nagusian gure estrategia finkatzen dugu, eta bat egiten dugu Frantziako gainontzeko eskola minorizatuekin. Seaska, Diwan, Bressola eta ABCM eskolen estrategiarekin lotzen saiatzen gara, eta gure asmoak eta xedeak koordinatzen ditugu eremu juridiko berean aritzeko.

Zertan dira kalandretak pedagogikoki?
Okzitaniera berreskuratu behar dugu, eta horretarako Okzitania kulturalki birkonkistatu. Orain arte ez da ekimen jarraikorra izan eta, ondorioz, kalandretak baliabide minimoekin segitzen du bizirik. Gu ez gara egokienak gure pedagogiaz deus esateko, baina frantses pedagogoek ontzat jotzen dute gure lana. Zuek euskaldunek esperientziaz badakizue elebitasuna onuragarria dela irakaskuntzan.

Arazoetako bat egoitzen eskasia da halakoetan. Borroka latzak izaten dira tokian tokiko instituzioekin. Politikoek lagunduak al zarete?
Andre Labarrerek gela publikoak hitzeman dizkigu, eta laguntzeko prest dela esan ere. Politikoek interes propio bat izan ezean ez dute laguntzen. Azken hogei urtetan ez bezala, politikoak, uzkur badira ere, hasi dira pixka bat interesatzen kalandretaz. Iritzi publikoaren sostengua gureganatzen dugun neurrian politikoen interesa handituko da, hori ziur