argia.eus
INPRIMATU
GAZTE GAZTETATIKAN...
Iñaki Murua 2021eko uztailaren 19a
Denok garamatzan itsasontzi honetan, egungo gazteek izan beharko dute biharko lemazain, baina, inkestek beste leku batzuetan diotena kontuan hartzen badugu, nora iritsiko ote da gure intsasontzia? Ba ote dugu beste leku horiekin zerikusirik?
Espainiako CIS eta Gazte Institutuak diotenez, gazte espainiarrek ez dute edaten, ez erretzen, ez dira drogatzen, ez gautxoriak dira, larrua bikotekide jakinarekin ezik ez dute jotzen (jotzen dutenean), ikasteko gogo bizia sentitzen dute eta karrera bat egitea dute helburu,... izenpetutako inkestak egiten zaizkienean honelako erantzunak jasotzen omen dira.

BESTERIK
da ordea anonimatoan, izenaren zama gainean ez dutela azaltzen omen dutena: hemeretzi urtez azpiko gazteen lautik hiruk sexu harremanak izan ditu; % 41ak mozkorren bat harrapatu du eta hauetatik erdiek arazoak izan dituzte alkoholaren eraginez; irakurtzea gustoko duenik aurkitzea oso zaila da, espezie hori galtzear dago; telebista ikustea dute gustokoen; politika bost axola zaie; solidaritatea edo elkartasuna auzoko agurearen ezaugarritzat daukate; lagunartean biziki kontent aurkitzen dira eta etxean zer esanik ez! % 95 inguru zoratzen dago bere etxean eta etxearekin; ikastea rollo nazkante bat da;...
Geuk, Bertsozale Elkarterako, eginiko inkestak ere ildo horri jarraitzen dio, neurri batean. Anonimoa zen eta galdera ireki hau egin zitzaien 16/18 urte bitarteko Hego Euskal Herriko 650 gazteri:

zeintzuk dira gehien kezkatzen, arduratzen edo erakartzen zaituzten gaiak?
Erantzunen hurrenkera honako hau: 1. sexua-maitasuna. 2. kirola. 3. alkohola-drogak. 4. azterketak-ikasketak. 5. parranda. 6. musika. 7. ekologia, ingurugiroa. 8. lagunak-koadrila. 9. gazteen etorkizuna. 10. Euskal Herriaren egoera. 11. familia. 12. euskera. 13. politika.
Lehenengo erantzuna 355 gaztek hautatu zuten eta hamahirugarrrena 51k. Gainera, argitu behar dugu, galdera erantzun duten gazteen erdia pasatxo hiri handietakoa dela eta gainontzekoak, hamar mila biztanle inguruko herrietako ikastetxeetakoak. Bestalde, langabezia, intsumisioa, gaztetxea,... eta tankerako gaiak hautatu zituztenen kopurua, hamarretik batera ez zen iritsi.
Gure garaian, Ramos liburudendara joan eta preziorik merkeenean eskuratutako Marx, Lenin, Hegel eta enparauen liburuak irakurtzen zituztenak ez ziren asko. Egiten zutela esaten zutenen hamarretik bat edo horrela. Seguru asko gazteen kezkak ere antzekoak izango ziren, guri ez iruditu arren. Oraintxe bezelaxe herri eta hiriko gazteek kezka desberdinak izango zituzten, nahiz eta hedabideak medio (komunikabideak?) estandarizazioa, ohituretan eta pentsakeran, terrenoa irabazten ari den.
Orain ere badaude

gazte gera gazte ta ez gaude konforme, Mundu berrigo bat...
oihukatzen dutenak; droga trafikoaren aurka neurrien eske ari direnak; Lanbide Heziketan D eredua exijitzen; Garoñako nuklear zentralaren itxiera; etxe hustuak okupatzen, sozializatzen; sexu harremanak normaltasunez bizitzen dituztenak; ETTen lan hitzarmenak onartzen ez dituztenak, ONGak barrutik ezagutzen dituztenak; berenkasa bizitzen hasten direnak aukera duten bezain pronto; ezkontza ponpoxoen, nahiz bestelakoen, aurkakoak; insumisoak; gastu militarrekiko objetoreak;...

FAMILIAN
gero eta urte gehiago pasatzen dutenak ugarituz badoaz ere (nolako konbibentzia garatzen duten ikusi beharko litzateke baina...), zenbait herritan, gazteek lokalak antolatu dituzten gurasoekin dituzten liskarraldietan beste erremediorik gabe haien menpeko izan beharra saihesteko: berandu datozela, ez daudela ados zenbait erabakirekin, pentsakera kontrajarriak,... nortasuna garatzen doan neurrian, ohizkoak diren arramaskak sortzen dira. Naturaren legea da, biologikoa. Gaztetan granoak ateratzea bezain normaltzat hartu behar genukena, baina...
Nik uste, guraso askok, haserre papera eginez, «

ez dakit zer pentsatzen duten gaurko gazteek, ia hogeitazortzi urte eta ez daukate etxetik aldegiteko asmorik»
dionean, ez diola egiarik. Barrutik pozik ari dela uste dut, harro, hain handiak bere seme-alabak eta oraindik gurasoekin pozik bizi direlako. Guraso onak diren seinale. Seme-alaben lagun izaten asmatu dutenak, e.a.
Garaian garaikoa, esan ohi da, eta hobe litzateke guraso soil izan eta ez gurasooo! Bultzatu behar ditugu gazteak erabakiak har ditzaten, berenkasa abia daitezen, kostata lortutakoa estimatzen dela gehiena dastatzeko aukera izan dezaten.
Ongizate gizartea omen den honek, haurtzaroa luzatzea eta gutxi batzuen buruek erabakitzea ditu ezaugarri. Buru horiek gehienean karratuak dira eta pantaila daukate betaurrekoen ordez. Ideien iturria eta guk jasotzen dugunaren arteko zila ebakita dago, hobeto esan, ez da ikusten.
Ideien arteko borroka beharrezkoa da, nortasuna garatzeko. Konfliktoan bizitzeak asko pentsarazten du eta pentsatzeak argitasun propioa damaigu. Haize borrokatik euria sortzen den bezala, ideien borrokatik nortasunak bizia hartzen du. Nola haize borroka hala ideiena naturalak dira, ez ordea ilezkorrak.
Gure herri ttiki honek gazteen nortasuna garatzeko bideak asmatu behar ditu, bere ttikitasunean bizitzeko. Azken urteetako gazteen kriminalizazioak, nortasuna itotzeko ahalegina dira, estandarizazioa, erremina, oxigeno gutxitzea, itolarria, betirako loa,

pakea.
... Mundu berrigo bat bizi nahi genuke