argia.eus
INPRIMATU
EUSKARAZKO ESKAINTZA NUP-EN
2021eko uztailaren 19a
EUSKARAZKO ESKAINTZA NUP-EN
Ikasleendako oporrak iritsi dira jada, baina datorren ikasturtea hasten denerako Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek euskaraz ikasteko aukera gehiago izango dute. 180 ikasgai eskainiko ditu gure hizkuntzan, pasa den ikasturtean baino 32 gehiago. 15 titulaziotan izango da euskaraz zenbait ikasgai ikasteko abagunea, eta horietako bitan, Ingeniaritza Industrialean eta Telekomunikazio Ingeniaritzan, lehenbiziko aldiz. Iragan ikasturtean 563 izan dira euskarazko ikasgaiak aukeratu dituzten ikasleak eta gehienak Nekazari Ingeniaritza Teknikoan eta Nekazari Ingeniaritzan.

HB-REN PROPOSAMENA
Herri Batasunak lurralde, eskualde eta udalerri orotan euskara berreskuratzeko plangintzak proposatu ditu. Plangintzok hamabi urteren buruan aurrera eraman beharrekoak dira, gizartearen partehartzea bultzatuko dutenak eta behetik gora egin beharko direnak. Honekin batera, Herri Batasunak erakunde guztien aurrekontuen % 2 euskarari eskaintzea eskatzen du.

UDAL AGIRIAK EUSKARAZ
Herritarrek udal administrazioarekin euskaraz modu naturalean aritzeko bitartekoa eskaintzea du helburu Joxe Ramon Zubimendik eginiko «Udal agiriak» liburuak. Udaletan gehien erabiltzen diren 80 agiri ereduak bildu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bultzatu eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) diruz lagundu eta argitaratu duen lanean. Euskarazko agiri ofizialetan «euskara naturalaren estiloa bilatu behar da», Zubimendiren esanetan.

EUSKARAZ FUNTZIONATZEA ILEGALA?
Udal agiri eta idatzi guztiak, hots, udalak euskaraz funtzionatzea, ilegala dela adierazi du berriki Espainiako Auzitegi Gorenak. Aizarnazabaleko Udalak 1992an onartutako ordenantza dago auzi honen oinarrian. UEMAk euskaraz lan egiteko aurkeztu mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak, eta horrek, UEMAko lehendakari Mikel Illaregiren hitzetan, «ez du inor diskriminatzen».