Ukranian Txernobileko zentrala berriki ireki izanak eta Alemanian energia nuklearra bertan behera uzteari buruzko lege proiektu baten iragarpenak –ondoren atzeratua izan denak– berriro piztu du garapen jasangarriari eusteko energia mota egokienari buruzko eztabaida. Euskal Herriko hiritarrek ezin dute eztabaida horretatik kanpo geratu, energia nuklearreko ingurune batean sarturik gauden heinean. Hegoaldean, batetik, ez dago batere garbi zein izango den Lemoizko Basordas Kalan (Bizkaian) gerarazitako instalazioen etorkizuna –oraindik ez daude erabat deseginda– eta, bestetik, nahiz Burgoseko lurretan egon, gugandik oso hurbil dagoen Santa Maria de Garoñako zentrala dugu, jardunean 28 urtetik gora egin arren, oraindik lanean ari dena. Eta Iparraldea, berriz, Estatu frantsesaren barruan dagoenez, Europan energia nuklearraren erabilerarik handiena egiten duen ingurunean sarturik dago. Gure irakurleek eztabaida horren ikuspegi orokor bat izan dezaten, gaiari buruzko ikuspuntu ezberdineko bi pertsonaren iritzia jaso nahi dugu, duela gutxi «El Pais» egunkarian ezagutzera emandakoak.
IKATZA ETA ENERGIA NUKLEARRA.
Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluko lehendakari Juan Manuel Kindelanek dioenez, gasaren erreserbak huts egiten hasten direnean ikatza eta energia nuklearra izango dira erreserba eskuragarriak. Energia nuklearraren erabilera oso hedatua dago munduan zehar, 30 urtetik gorako esperientzia dago, eta «
segurtasun maila handi batez garatu da». Hala ere, onartzen du bi istripu larri izan direla. Horietako batek kanpoan inolako kalterik ez zuen eragin (EEBBetako Tree Mille Islanden 1979an) eta besteak, urte batzuk beranduago, ondorio guztiz larriak eragin zituen Ukraniako Txernobilen.
1998an 437 erreaktore zeuden munduan; hauek erabiltzen den energia guztiaren % 18 sortzen dute (Lituania, Frantzia eta Belgikan % 60tik gora, eta Ukrania, Suedia, Suitza, Eslovenia, Hungaria eta Bulgarian % 40tik gora). Gas turbinen arloan aurrerapen teknologiko handiak izan dira eta elektrizitatea modu merkean sortzeko aukera ematen du. Ez dago, gainera, energia nuklearrak eskatzen dituen inbertsio erraldoiak egin beharrik. «
Beraz –dio Kindelanek
– onuragarriagoa izango da dirua epe nahiko laburrean berreskuratzeko aukera ematen duten teknologietan inbertitzea (gas naturalaren bidezko ziklo konbinatua, kasu), 10 edo 20 urte behar dituzten energia nuklearraren moduko teknologietan baino».
Horretan oinarriturik, Kindelanen ustetan, datozen urteetan ez da proiektu nuklear berri handirik izango, Asiako salbuespenen bat izan ezik. Baina, bestalde, ez du uste jardunean ari den zentralik itxiko denik, baldin eta bere jarraipenerako inbertsio ikaragarriren bat behar ez bada.
Zer nolako etorkizuna izan dezake energia nuklearrak epe luzera? Kindelanek gogorarazten du, Lopez Bravok, bere garaian, fuel-oliozko zentraletan erruz inbertitzeko bidetik jo zuela, eta gero programa nuklearraren eromena etorri zela; ondoren, PSOEk ikatzezko zentralak eraikitzeari ekin ziola, eta azkenik, gas naturalaren garaian gaudela eta ikusi beharko dela zein izango den 2020. urtean nagusitzen den lehengaia. Bere ustez, «
hala ere, ez da alternatiba handirik geratzen. Epe luzera, ikatza eta energia nuklearra izango dira erreserba eskuragarriak, gasaren erreserbak huts egiten hasten direnean (oraindik, oso luze iraun badezakete ere)».
Energia berriztagarrien bidea, Kindelanen ustez, «
bultzatu beharreko aukera da, I+G arloko ahaleginak indartuz, baina ez zait iruditzen 20 edo 30 urteko epean egongo den eskaera bete ahal izango duenik, eskaera horrek, mundu ez garatuko biztanleriaren eta bizitza mailaren gorakadaren ondorioz, ezinbestean oso gora egingo baitu». Amaitzeko dio, «
txarrena hemendik 30 urte ingurura berriro energia nuklearreko inbertsioak egiten hasi beharra izango dela, eta bitarte horretan lortua dugun teknologi gaitasun sofistikatua galdu izana, arlo horretan proiektu berririk ez garatzeagatik».
Ramon Folch Biologian doktorea da eta hainbat kargu ditu garapen jasangarriarekin eta ingurugiroaren kudeaketarekin zerikusia duten gaietan. Energia nuklearra ez erabiltzearen aldeko ageri da «
duen kostua, duen balioa baino handiagoa delako». Folchek dio, egindako inbertsioa izugarria eta energia eskaeraren igoera etengabea izan arren, une honetako indar nuklearra, mundu mailan, iazkoa baino murritzagoa dela, eta dirudienez behera egiten jarraituko duela. Oraintxe bertan, World Information Service on Energy-ren (WISE) datu ofizialen arabera, une honetan 28 erreaktore daude eraikuntza aktiboan munduan, honela banaturik: 1 Argentina, Brasil, Eslovakia, Iran, Japonia eta Pakistanen; 2 Txekia, Taiwan eta Ukranian; eta 4 Hego Korea, Txina, Frantzia eta Indian. Hau da, 5 bakarrik Lehen Mundu industrializatuan.
Gauzak horrela, Folchek zera dio: «
Frantzian izan ezik, erreaktore bat bera ere ez dira eraikitzen ari Europako Batasunean, EEBBetan, Kanadan edo Errusian. Bestalde, egun jardunean ari diren erreaktore gehienak 70eko eta 80ko hamarkadetan eraiki ziren eta, beraz, 2010 eta 2020 inguruan utziko diote erabilgarri izateari. Itxura denez ez dira ordezkatuak izango». Eta honako galdera egiten du: «
Hogei urte barru zertan geldituko da fisio bidezko energia nuklearraren industria indartsua?». Erantzuna: «
Ezer gutxitan. Hobeto esanda, bai, hondakinen oinordekotza astuna utziko du, kudeatzen zaila izango dena eta, beraz, beldur naiz ez ote duen madarikazio ugari eragingo».
Folchen ustetan, energia nuklearraren aldekoen okerra, berak zalantzan jartzen dituen bi irizpideren ondorio da: fakturazioaren igoera ezinbestekoa da garapenerako eta nuklearizazio masiboaren ondorioak teknikoki eramangarriak dira. Irakasle honen ustez, bi irizpide horietako batek berak ere ez du zentzuzko azterketarik gainditzen. Biek akats sakon batean huts egiten dute, hain zuzen ere gaur egungo eredu sozioekonomikoa kolokan jartzen duen berberan, hau da, disfuntzioak, eraginkortasun ezak, arriskuak eta bidegabekeriak betiko eta sistematikoki kanporatzeko «
atzealdeko patioren bat» beti eskura izango dela pentsatzean.
Folchek dio
«eskaintza energetikoa ziurtatzen saiatu ordez, haren eskaera kudeatzen ahaleginduz gero, premiak orain ezinbestekotzat jotzen direnak baino txikiagoak izango liratekeela. Ongizate gizarte gaizki hezia da eskaerari gora eragiten diona, baina bera da baita ere arriskuak okerren eramaten dituena. Azken batean, irizpide ekonomikoak beraiek dira energia nuklearra zalantzan jartzen duten lehenengoak. Eta horrek min ematen die industri garapenzale amorratuei, izan ere, hain ondo ateratzen zaizkie beren kontuak disfuntzioak kanporatuz, kostuen erdiak bere gain hartu gabe...»