Euskal enpresak dira (BBV, Iberdrola eta Kutxa) Repsol multinazionalaren akzioen zati nagusia kontrolatzen dutenak. Repsolek, gainera, Yacimientos Petrolíferos Fiscales (YPF) izeneko petrolio konpainia argentinarra erosi berri du, horretarako Espainian inoiz egindako kapital zabaltze handiena burutzen ari delarik. Eragiketa horrek handienen artean kokatu du Repsol, munduko bederatzigarren petrolio konpainia baita.
Orain abian den kapital zabaltzearen aurretik, aipatutako hiru enpreson kapitalak (BBVk % 9,8 du, Iberdrolak % 3,5 eta Kutxak % 1,6), 400.000 milioi pezetakoa (16.000 milioi libera) inbertsioa egina zuen, akziodun garrantzitsuena izanik. Bere atzetik La Caixa legoke 233.000 milioirekin (% 9), eta ondoren Pemex (137.000 milioi, % 5), Endesa (100.000 milioi, % 3,68), Vanguard (97.150 milioi, % 3,5) Invesco (71.368 milioi % 2,57) eta Vellington (69.425 milioi, % 2,25). Gainontzekoa, % 58,64, milaka akziodun txikiren esku dago. Akziodun txiki hauek, gehiengoa badira ere, ez dute enpresaren erabakietan indarrik, bata bestearengandik isolatuta daudelako.
Ia bilioi pezetako kapital zabaltzearen ondoren, euskal kapitalaren partaidetzak gora egingo du zalantzarik gabe, energia sektoreko enpresa honetan inbertituta duen zenbatekoak bilioi erdia aise gaindituko duelarik.
MUNDUKO BEDERATZIGARRENA.
YPF argentinarra erosi ondoren, Repsol munduko hamar petrolio konpainia garrantzitsuenen artean kokatu da. Goiko tauletako batean hamar garrantzitsuenei buruzko datuak ikus daitezke. Petrolio gordinari dagokionez, Repsol/YPF enpresa taldea zortzigarren postuan dago mundu mailan, bosgarrenean gasari dagokionez. Produkzioari begira, Repsol/YPF bederatzigarrena da, zazpigarrena errefinatze ahalmenari begira.
Zer dela eta sartu dira Repsoleko arduradunak eragiketa handi bezain arriskutsu honetan YPF argentinarraren kontrola izateko? Zalantzarik gabe, arrazoi dute tamainagatik ari direla diotenek. Izan ere, Repsolek bere tamaina handitu nahi du sektoreko enpresa handiago batek erosi baino lehen. Hori litzateke YPF erosteko arrazoia.
Sektore honen nazioarteko testuinguruak izan du zeresanik Repsolen zabaltze erabakiaren inguruan. Azkenaldian izandako bategiteak direla eta, ez zeukan beste irtenbiderik; aliantza, fusioa edo AEPa (Akzio Eskaintza Publikoa) ziren irtenbide posible bakarrak. Salmentei dagokienez Espainiako lehen enpresa bada ere, bosgarren postuan dago Repsol burtsa kapitalizazioari begira, Telefonica, BBV, BSCH eta Endesaren atzetik. Exxon & Mobil estatubatuarra, bategite prozesuan dena, burtsan dauden munduko petrolio konpainia erraldoien artean handiena da. 22,7 bilioi inguru pezetako salmentak ditu, hau da, Repsolek baino 7,5 aldiz gehiago fakturatzen du. Horrez gain, Chevron konpainiak Texaco 42.000 milioi dolarren truke erosteko egin beharreko negoziazioetan dihardu.
Repsoleko lehendakari Alfonso Cortinaren hitzetan «
hau bezalako merkatu ireki batean edozein enpresa errentagarrik erakar dezake beste enpresa bat. Gure burtsa kapitalizazioak erakusten duen errentagarritasunaren areagotzearen eta inbertitzaileen onespenaren bidez soilik lor dezakegu gure akziodunek eskatzen diguten lekuan mantentzea». Petrolioaren merkatuan, adituek diotenez, ez da nahikoa norberaren merkatuan lehiakorra izatea. Beharrezkoa da, horrez gain, erasokorra izatea eta petrolioaren prezio igoerak eta kimika zikloak arintzeko moduko banaketa sarea izatea. Gainera, beharrezkoa litzateke erreserba batzuen jabe izatea eta beste energia iturri batzuekiko (elektrizitatea edo gasa, adibidez) jarrera irekia izatea.
Testuinguru horretan tamainaren gaia ageri da. Gauzak horrela, Repsolek «
konpainia bien arteko elkarlanagatik» aukeratu zuen YPF, Cortinaren esanetan. «
Repsolen lau oinarri estrategikoetan aurrera egin ahal izango dugu: ustiaketa eta ekoizpenari begira tamaina handitzea, gure nazioartekotasuna areagotu eta finkatzea –bereziki Latinoamerikan–, gas katea osotuaren eraikuntza sustatzea eta Espainian –eta momentu honetatik aurrera Argentinan ere– nagusitasuna mantentzea» dio Cortinak. Orain arte, adituen esanetan, Repsol ez zen petrolio askoren jabe, petrolio enpresa izaki. Hau da, bere kontsumoaren % 28,3 baino ez zuen asetzen. YPFk berriz, bere beharren bikoitza baino petrolio gordin gehiago ere ekoizten du. Beraz, upelaren prezioa altua izatekotan –eta orain 17 dolarretan dago, 1998ko batez bestekoa baino 4 gehiago–, Repsolek arazoak izango lituzke petrolio gordin asko erosteko. Eta baita alderantziz ere. Prezioa baxua zenean, YPFren irabaziek behera egiten zuten soberakin handia zutelako, artean Repsolek Argentinako gasolindegi merkatuaren % 16 kontrolatzen zuelarik.
Repsolek YPF erosi ondoren sortutako erraldoi berriak, 1998ko abenduaren 31ko datuen arabera, 24.203 milioi euroko diru-sarrera operatiboa izango du, 2.735 milioi euroko mozkin operatiboa, 1.416 milioi euroko irabazi garbiak eta 12.816 milioi euroko fondo propioak. Gasolindegiak 7.180ra iritsiko dira. Burtsan bost bilioi pezetako balioa izango du, bertako konpainien artean 9. izango delarik. Alta, 31 bilioi dituen Exxon-Mobilengandik oso urrun dago