Oiartzunen, Manuel Lekuona liburutegian, dago turismo bulegoa, eta bertatik bideratuko zaituzte ondoen eskualde hau ezagutzeko. Dena den, hemendik pista batzuk ematen saiatuko gara. Industrializazioak ez zituen bailara honetako harizti eta pagadiak desagertarazi. Orain dela gutxi arte turismoak ez du ukitu zonalde hau, Pasai Donibane ezik. Jatetxe ezagunez betetako herri dotore hau da salbuespena. Euskal Herriko paisajea, kultura eta tradizioen aniztasunaren adierazgarri dela konturatuta, Oarsoaldea S.A. garapen agentzia turismoa sustatzen hasi da.
Naturan murgiltzeko
Aiako Harria
(Arditurriko meategiarekin): Oiartzundik abiatuta, Elurretxe eta Aritxulegitik, Irumugarrieta, Txurrumurru eta Errolbide mendietara igo daiteke. Atsedenleku ugari dago gainera.
Jaizkibel:
Lezoko herria zeharkatu ondoren, aldapa igoz Jaizkibelera iristen da. Dorreen ibilbidea, paradorea eta Guadalupe ermita bisita daitezke, mendi honen balio geologiko eta biologikoa ezagutzen den bitartean.
Listorreta-Landarbaso gunea:
Aizbitarteko kobazuloak ikus daitezke hemen, goi Paleolitiko garaikoak. Jose Migel Barandiaran eta beste arkeologo, historiagile eta paleontologo ospetsuak ibili dira inguru hau aztertzen, Euskal Herrian aurkitu ziren Paleolitiko garaiko lehen leizeak.
San Markos eta Txoritokietako atsedenlekuak:
1888ko gotorleku militarra dago bertan, oraintsu berritua. Kantauri itsasoa ikusteko behatokia. Taberna, jatetxea eta erakusketa aretoa ere baditu. Eskalada, mendia, mendiko bizikleta eta zaldi zeharkaldia praktikatzeko toki egokia da Errenteriako txoko hau.
Kultur ibilbideak
Pasaiako badia:
Erdigune historikoan jauregi eta etxe armarridun ugari bisita daiteke. Gipuzkoako porturik handienak marinel giro bereziz kutsatzen du herria. Santiago enparantzatik abiatuta, Bonantzako pasealekuan zehar portuaren bokalera eta Santa Isabeleko gaztelura joatea proposatzen du ibilbide honek.
Ibilbide erlijiosoa:
Eskualdeko eliza eta ermita garrantzitsuenak hartzen ditu ibilbide honek: Donibaneko San Juan Bataiatzailearen parrokia, Bonantza basilika eta Santa Ana ermita; Lezoko Kristo Sainduaren basilika eta irudia; Errenteriako Santa Maria parrokia, Madalena baseliza eta Agustindarren komentua; eta Oiartzungo San Esteban eliza, San Juan Bataiatzailearen basilika eta Ozenzioko ermita. Euskal Herriko desberdintasun artistikoak nabari daitezke ibilbide honetan.
Ibilbide historikoa, alde zaharrak:
Errenteriako alde zaharrean udaletxea, Torrekua eta Morrontxo, Zubiaurre jauregia, Iturriza oinetxea eta abar bisita daitezke. Oiartzunen berriz, San Esteban plazako iturria, udaletxea, Iturriozko dorretxea, Makutso dorretxea, Isasea... daude bisitagai.
Historiaurreko ibilbidea:
Bertako basoetan barrena sakabanaturik dauden ondare megalitikoak bisitatzea eskaintzen digu aukera honek. Abentura antzekoa izan daiteke hauen aurkikuntza.
Euskal kultura ibilbidea.
Baserri, itsaso eta arrantzaren inguruko ohiturak gordetzen saiatu dira, inguruko euskalkiekin batera. Pagoarte arte ederretako zentroa eta euskal musika tresnen txokoa ezagutzeko aukera dago.
Bisita gidatuak
Udari begira Oarsoaldeko turismo bulegoak zenbait ekintza prestatu du. Pasai Donibaneko Victor Hugoren etxean bulegoa irekiko du lehen solairuan eta hirugarrenean zenbait erakusketa izango da Pasaiako badiaz. Gainera, bisita gidatuak ere izango dira:
Bateleren ibilbidea
(ordu eta erdikoa): Darsena arrantzalea, kai komertzialak, Pasaiako untzigintza (Erdi Aroko itsasontzi eraikuntzak mantentzen dira), Real Compañía de Caracas zegoen Bizkaia auzoa, Platani, Arizabala, Miranda, Victor Hugo, Villaviciosaren etxeak... San Juan Bataiatzailearen eliza, Santa Ana ermita, Santiago plaza eta Bonantza basilika bisitatuko dira. Eliza honen ondoko kaian itsasontzia hartuta, kanal makurra zeharkatu eta puntetara iritsi ondoren, San Pedro kaira itzuliko da untzia.
La Fayetten ibilbidea
hiru ordukoa): La Fayette markesa Pasaiako kaian untziratu zen Ipar Ameriketako kolonoei bere independentzia lortzen laguntzeko eta itzuleran Frantziako iraultzaren bultzatzaileetako bat izan zen. Lurra eta itsasoa bisitatuko dira ibilbide honetan: Pasaiako untzigintza, Donibaneko alde zahar historikoa eta San Pedro Pasaiako alde zahar historikoa.
Victor Hugoren ibilbidea
(ordu erdikoa): Poeta erromantiko frantses hau 1843ko udan Pasaian izan zen, badiaren edertasunak liluratuta, bere lan batzuetan islatu zuen lilura hori, «Alpes et Pyrenées»en adibidez. Idazle honek ezagutu zuen Pasai Donibanez gozatzeko prestatu da ibilbide hau.
Beraz, proposatutako ibilbideez gozatu edo informazio gehiago nahi duenak 984 49 45 21 telefono zenbakian edo 943 49 46 14 fax zenbakian lor dezake