HEZKUNTZAN KALITATE TOTALA LORTZEKO URRATSAK


2021eko uztailaren 19an
Kalitatea lortzeak lana eta esfortzua eskatzen du. Gauza asko aldatu behar dira kalitatea lortu nahi bada eta nola aldatu ere jakin behar da. Dena dela, informazioa biltzen hasiz gero, berehala topatuko ditugu kalitatea gestionatzeko dauden ereduak, eta baita nork lagundua ere. Ezagunenak diren sistemak bi dira: EFQM eta ISO 9002.
EFQM (European Fundation of Quality Management) hainbat europar adituk egindako eredua da eta gero eta zabalkunde handiagoa du Europako Komunitatean. Eredu hau autoebaluaketan oinarritzen da, hots, ereduan bertan zehazten diren arloak autoebaluatzen ditu ikastetxeak eta bakoitzean zein egoeratan dagoen ikusten du. Autoebaluaketa honen ondoren puntuaketa bat egiten da eta hortik aurrerako lana akatsak konponduz puntuaketa hori igotzea izaten da. Hurrengo autoebaluaketan akats horiek desagertu diren ala ez ikusiko da, eta hobetu behar diren arlo berriak ere agertuko dira.
Autoebaluaketa honetan ikastetxe osoa ebaluatzen da, hau da, zentroaren gestio osoa aztertzen da: ikastetxeko prozesuak, langileak, bezeroa, emaitza akademikoak, emaitza ekonomikoak eta oro har, antolaketa osoa hartzen du aintzat. Gestioaren kalitatea garatzea da bere egitekoa eta etengabeko hobekuntza bultzatzen du. Berez 1.000 puntu ditu eredu honek, baina errealitatean inor ez da iristen maila horretara. Ondoen ibiltzen direnak 650 puntura iristen dira eta 400 puntu edukitzea oso ongi dago.
Zer eskaintzen die eredu honek ikastetxeei? Euren puntu indartsuak eta ahulak ikusten dituzte eta horrela ekintzak planifika ditzakete, bezeroen asetze maila zein den jakiten dute guraso eta ikasleen artean sistematikoki egiten diren inkesten bidez, zentroko langileen asetze maila ikusten dute eta emaitzak aurrez ezarritako norabidean dauden ala ez behatzen dute.
Eredu honek ez dauka ziurtagiririk, hots, autoebaluaketa egin eta akatsak zuzendu ondoren puntuaketa igo arren, ez da ziurtagiririk lortzen. Hala ere, ikastetxeek kanpoko ebaluatzaileak eska ditzakete zentroak daukan maila baloratu nahi badute. Ebaluatzaile hauek zentroa ikusi eta aztertzen dute eta ondoren txosten bat egiten dute gestio aurreratua duen ala ez idatziz eta egin duten ebaluaketa pasa duen ala ez esanez.


ISO 9002 ZIURTAGIRIA.

ISO 9002 ziurtagiria ere kalitatea neurtzeko sistema bat da. ISOren barruan ISO 9001, 9002, 9003... daude eta hezkuntzan erabiltzen dena ISO 9002 da. Mundu mailan erabiltzen den aseguramendu sistema bat da, funtzionamendu araudi bat. Hainbat estatutako ordezkari instituzionalek osatzen duten erakunde ofizial bat dago eta honek zehazten du araudi hori. Honek 20 betekizun zehazten ditu eta horiek bete behar dira ziurtagiria lortzeko: sarrera, zuzendaritzaren erantzukizunak, kalitatearen sistema, kontratuaren berrikuspena, diseinuaren kontrola, dokumentazioaren eta datuen kontrola, erosketak, bezeroek hornitutako produktuen kontrola, identifikazioa eta trazagarritasuna, prozesuen kontrola, ikuskapena eta egiaztapena, neurketa-baliabideen kontrola, ikuskapen eta egiaztapeneko egoera, adostu gabeko produktuen kontrola, zuzenketako eta prebentziozko ekintzak, artxibatze, gordetze eta eskuratzea, kalitate-erregistroen kontrola, kalitatearen barruko auditoretzak, formazioa, salmenta ondoko zerbitzua eta estatistika-teknikak. Betekizun hauek prozesuei dagozkienak dira (administratiboak, matrikulazio prozesua, ikasketa prozesua, klaseak nola ematen diren, tutoretzak nola bideratzen diren...) eta prozesu hauek guztiak dokumentu horretan idatzita dauden bezala egiten direla ziurtatzen du. Beraz, nork, zer, noiz eta nola egin behar duen definitzen laguntzen du.
Ziurtagiri hau lortzeko Aenor enpresako ikuskariak gerturatzen dira ikastetxeetara eta auditoria bat egiten dute dokumentuan idatzita dagoena egia dela frogatzeko. Auditoria horretan dena goitik behera aztertzen dute eta edozein dokumentu eska dezakete. Agiri hauetan idatzita dagoena egia den ala ez frogatzea da hauen lana. Akatsik aurkitzen ez badute, zentroari ISO 9902 ziurtagiria ematen diote, eta urtebetera berriz joaten dira bigarren auditoria egitera. Akatsik aurkitu badute, ordea, sei hilabete pasa ondoren berriro itzultzen dira. Handik aurrera urtero errepikatzen dira hiru urte igaro arte. Denbora hori pasa ondoren, ziurtagiria berritu edo kendu egiten diote ikastetxeari.
Produkzioa eta produkzio sistema garatzeko eredua da ISO, eta hezkuntzaren kasuan ikas-irakas prozesua. Baina ez da EFQM bezain zabala. Desberdinak dira, baina, era berean, osagarriak. ISO prozesuetan zentratzen da eta zentroa antolatzen hasteko balio du, baina ez da horretara mugatuta gelditu behar. EFQM ereduak biltzen dituen gainontzeko arloetara ere zabaldu behar da. Bestalde, ISO eredu egokia da EFQM ereduaren autoebaluaketaren ondorioz agertzen diren akatsak konpontzen hasteko.


NOLA BIDERATU SISTEMA HAUEK?

Kalitate gestioa martxan jartzea ez da erraza. Nahiz eta ereduak ezagutu, praktikan jartzeak bere zailtasunak ditu. Baina badira horretan laguntzen aritzen diren bi erakunde Euskal Autonomia Erkidegoan: Euskalit eta Foro XXI.
Euskalit, Kalitaterako Euskal Irakaskundea, 1992. urtean sortu zuten EAEko 18 enpresa eta erakundek kalitatearen kultura zabaltzeko asmoz. Helburutzat gizarteko arlo ezberdinetan garapena, konpetitibitatea eta ongizatea bultzatzea ditu. Kalitate Totala lortu nahi duten enpresa eta erakundeentzat laguntza programak egiten ditu, eta ikastetxeentzat ere bai.
Monika Ituarte Euskaliteko hezkuntza arloko arduradunak azaldutakoaren arabera, EFQM eredu europarrean oinarritzen dira. «

Eredu hori oinarritzat harturik programa bat prestaturik dugu eta hori da ikastetxeei eskaintzen dieguna».
Autoebaluaketa egin ondoren jartzen dute martxan programa hau eta lau puntutan oinarritzen da. Lehenengo, Euskalitek prestakuntza saioak eskaintzen dizkiete zentroetako zuzendariei eta zuzendaritzako ordezakari bati. Ondoren, hauek jaso dutena zuzendaritzako beste partaideei helarazten diete. Gero, zuzendaritza taldeak hainbat ekintza burutzen du ikastetxean saio hauetan ikasitakoa praktikan jarriz. Eta azkenik, zuzendari eta kolaboratzaile guztien bilera egiten da egindako esperientziak elkarbanatuz. «

Horrela Kalitate Osoaren Gestioaren estrategia ezartzen laguntzen diegu ikastetxeei»
dio Ituartek.
Gaur egun Euskalitekin programa hau jarraitzen duten eskolak 135 dira. Hiru edo lau urteko iraupena du prozesuak eta hobekuntzak aurrera egin ahala ikusten dira. «

Adituek diotenez, gutxienez zazpi urte behar dira erakunde batek ohiko estrategietatik Kalitate Totaleko Gestioaren Estrategiarantz nabarmen eboluziona dezan».
Euskalit bezalaxe, Foro Gipuzkoa XXI erakundea ere kalitatea eta hobekuntza proiektuen inguruan aritzen da lanean. Esparru ezberdinetara zabaltzen da bere jarduera eta hezkuntzara ere bai. 1994. urtean hasi zen hezkuntzan kalitatearen gestio sistema jorratzen Lanbide Heziketako eskolekin. 94-95 ikasturtean zenbait prestakuntza saio eskaini zien Lanbide Heziketako 15 zentro publiko eta pribaturi.
Horietatik lauk aurrera jarraitzeko gogoa erakutsi zuten eta Foro Gipuzkoa XXIek koordinatzaile bat ezarri zuen hauei laguntzeko. Kike Intxausti izan zen koordinatzaile hori eta gaur egun ere lan horretan dihardu. Berak dioenez «

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari ongi iruditu zitzaion iniziatiba eta 96-97 ikasturtean konbenio bat sinatu zuen Foro Gipuzkoa XXIekin; Foro XXI: Kalitatea Lanbide Heziketa Publikoan».
Hasieran lau ikastetxe baldin baziren ere konbenio honen barruan hasi zirenak gaur egun 32 dira. «

Konbenio honen barruan dago guk ikastetxeekin praktikan jarri dugun proiektua»
dio Intxaustik. «

Bi arlotan egiten dugu lan: sarean eta zentroan».
Sarean dioenean, ikastetxeen artean muntatuta dauden sareak esan nahi du, hau da, zentroen artean eginda dauden taldeak. Sare hauetan ikastetxeetako zuzendariak eta kalitate arduradunak biltzen dira eta ikas-irakas prozesua lantzen dute. Bitartean, zentroan hobekuntza taldeak egiten dituzte gai bakoitzaren inguruan. «

Nahiz eta hasieran sareko eta zentroko lana banatuta egin, bigarren urtean uztartu egiten dira»
argitzen digu Intxaustik. «

Sareko informazioa zentrora iristen da eta zentroan informazio horrek garrantzia duela ikusten bada, aseguramendu sistema bat ezartzen da hori bideratzeko. Sistema hau garatu ahala, ISO 9002 ziurtagiria eskatzeko aukera dago».
Horrekin batera, autoebaluaketak ere egiten dituzte EFQM sisteman oinarrituz eta baita zentroaren planifikazio estrategikoa ere.


PROIEKTU HAUEN MUINA LANGILEENGAN DAGO.

Bai Ituarte eta bai Intxausti bat datoz hau guztia aurrera ateratzeko gauzarik garrantzitsuena langileria dela esatean. «

Euskaliten programak hiru edo lau urtekoak dira eta denbora horretan garrantzitsuena esfortzua da»
azpimarratzen du Ituartek. «

Ez dago esfortzurik gabeko ikasketarik eta hori argi eduki behar da. Gure programan parte hartu nahi duten guztiei beti argi uzten diegu esfortzu garrantzitsua eskatzen duela Kalitate Totalaren Gestioaren estrategia ezartzeak».
Gainera, horrelako proiektu bat martxan jartzeak eskolako gestio sistema osoa aldatzea dakar. Gauza asko aldatu beharrean aurkituko dira eskolak, eta besteak beste, pertsonala, honen kalitatea ere guztiz garrantzitsua baita. Intxaustik behin eta berriro dio horrelako proiektuak aurrera ateratzeko jendearen borondatea eta jarrera positiboa eta baikorra ezinbestekoak direla. «

Hori da erabakiorrena. Zentro batek ISO ziurtagiria eduki dezake eta gauzak gestionatzen ona izan, baina jendeak prest egon behar du hori ongi gara dadin. Zaila da eskola hobetzea langileak hobetu gabe».
Eta zer da langileria aldatzea edo hobetzea? «

Txip-a aldatzea da, hau da, gauzak beste era batera ikustea»
erantzuten du Itxaustik. «

Ikastetxea ikusteko modua aldatu behar da. Kalitateak ez du egiteko modu bat soilik izan behar, baizik eta zentroa ikusteko beste era bat. Ezin da lorategi onik eduki lorazaina ona ez bada».
Gaur egun jendearen jarrera irekia eta baikorra lortzea errazagoa da hasieran baino. Izan ere, hasieran mezuak baino ez zeuden, ez zegoen zehaztasunik, kalitatearen gestioa gauza berria zen hezkuntzan eta jarrera ezkorrak eta pasiboak egon ziren. Baina egun, metodoak asko zehaztu eta konkretatu dira eta praktikoagoa bilakatu da. Horrek eragina izan du jendearen jarrera aldatzeko orduan.
Zailtasun guztien gainetik, orain arte burutu diren esperientziak ikusita, arrakasta izan dutela esan daiteke. Bai Euskaliten eta Foro XXIen eta bai ikastetxeetan ere pozik daude. Ituarte ziur dago Estatu Espainiarreko Hezkuntza eta Kultura Ministeritzak ematen duen Hezkuntzako Kalitatearen Saria aurten hemengo ikastetxe batek irabaziko duela


Azkenak
2025-01-07 | Leire Ibar
Baztango Batzar Nagusiak elkartasuna adierazi die Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.


Ultraeskuinari proposatu diote gobernua osatzeko Austrian, hesia ezarri ziezaioketen arren

Irailean egin ziren hauteskundeak eta aise nagusitu zen FPÖ alderdia, botoen ia %30 eskuratuta. Bazen aukera ultraeskuinari hesia ipintzeko, baina ez dira ados ipini demokristauak eta sozialdemokratak.


Laborantza bozen usaina

Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz... [+]


2025-01-07 | Jon Torner Zabala
Autobus zerbitzua zabaldu dute Ipar Euskal Herrian, mugikortasuna hobetzea helburu

Urtarrilaren 6az geroztik autobus linea berriak daude Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Halaber, zerbitzuen maiztasuna ere hobetu da, Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak eta RATP konpainiak elkarlanean bultzatutako egitasmoari esker. Bestetik, 12 urtez... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Barakaldoko hilketa matxista salatzeko asteartean mobilizazioak antolatu dituzte

84 urteko andrea erail zuen bere semeak urtarrilaren 3an euren etxebizitzan. Kolpeka hil zuela azaldu dute zenbait iturrik. Astearte arratsaldean egingo dira elkarretaratzeak Barakaldon eta Euskal Herriko lau hiriburutan.


2025-01-07 | Gedar
Beste eraso arrazista bat Miarritzen

 Uber gidari batek jasan zuen erasoa: bortizki jo eta irain arrazistak egin zizkion bezero gazte batek. Baionan eta Arrigorriagan ere izan dira eraso arrazistak berriki.


2025-01-07 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Itsasontzigintzaren itzal luzea ageri da Hego Koreako krisian

Hego Koreako krisia autoktonoa ala inportatua ote zen galdetzen nion neure buruari duela hilabete hura sutu zenean. Baretu ez baizik mindu egin denez auzia, batere argi ez dudan erantzunaren bila jarraitu beharko dugu. Geografikoki urrutiko kontua bada ere, oso gertuko ondorioak... [+]


Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


Eguneraketa berriak daude