EUSKARAREN MALDA FRANTZIAN
Maiatzaren 7an Frantziako Gobernuak sinatutako Hizkuntz Gutxituen Eurokarta Parlamentuan eztabaidatzea falta da sinadura erabat baieztatua geratzeko. Tartean, ordea, oztopo bat aurkitu du; Jacques Chiracek, Eurokartaren zenbait klausula Konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeela-eta, Konstituzio Kontseilura igorri zuen eta honek klausulak Oinarrizko Legearen aurka doazela azaldu du. Ikusi beharko da azalpen honek Asanblea Nazionaleko eztabaida oztopatzen duenentz. Bestalde, Akitaniako Eskualde Kontseiluko lehendakariorde Alain Anzianik eskualdeko hizkuntzak, hots, euskara eta okzitaniera, garatu beharrekoak direla adierazi du berriki. Hitzok egi bihurtzen diren ere ikusteke dago. Iparraldeko AEK-k, behinik behin, bertan euskara normalizatzeko borrokarekin darrai; iragan astean Postaren auzian errekurtsoa aurkeztea erabaki zuen.
IKA-K HAMAR URTE
Aurki beteko da IKAren hamargarren urtemuga. AEKren barruko haustura batetik sortutako euskaltegiak bide luzea egin du dagoeneko eta egunotan ospakizunetan dabiltza, bai Arabako zein Nafarroako IKA. Bertan eskolak jasotzen dituzten ikasleen kopurua ere ez da nolanahikoa; 2.500 inguru Araban, 1.200 Nafarroan.
EUSKALDUNEN GIDA
Sasiburu elkarteak «Sarea-Barakaldoko Euskaldunen Gida»ren bigarren edizioa kaleratu du. Iazkoari segida emanez, aurtengoak ere Ibar Ezkerreko udalerrian zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresa, profesional, saltoki eta abarren inguruko datuak biltzen ditu. Saltokietan bertan izango da eskuragai.
"BUZTANIKARA" ALDIZKARI BERRIA
Azpeitia eta Azkoitiako gazteek aldizkari berria sortu dute: «Buztanikara». Euskara hutsezkoa izango da eta hainbat gai jorratuko ditu, ironiaz eta umorez. 100 pezetan egongo da salgai eta hala aurkeztu dute: «Buztanikara, gaizki egindako paper mordoxka ona».