argia.eus
INPRIMATU
EGOERA BERRIA, GOBERNU BERTSUA
  • abertzaletasuna hobeto islatuta dagoelako. Behera egin dute PSNk eta IU-EBk. CDNrena porrota da. UPNren nagusitasunak, ordea, gobernu berdintsua iragartzen du.
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 19a
Nafarroako Foru Legebiltzarraren egoera arras alda daiteke aurrerantzean. Edo berdintsu jarraitu, hori ere posible baita, nahiz eta emaitzek ez duten zerikusirik aurrekoekin. Azken hamar urteetan behin baino gehiagotan ikusi ditugu UPN eta PSN eskutik helduta, eta operazio hau berriz errepika daiteke datorren legealdi honetan. CDNren laguntza ere izan dezake alderdi erregionalistak, iragan legealdi amaieran bezala. «Guztiok UPNren aurka!» ere izan daiteke, kanpainan zehar guztiek errepikatu baitute etengabe UPN gobernutik aldentzeko garaia dela.
EHkoek ere etengabe errepikatu dute garaia dela, eta oraingoan behintzat asmatu dute, ezker abertzaleak bere historiako emaitzarik onena lortu du 50.000 botora hurbilduz, Nafarroako hirugarren indarra bihurtuz eta Iruñeko bigarrena. Herri Batasunak beti egin du indar botoetan, baina oraingoan botoez gain ordezkarietan egindako jauzia izugarria izan da, Nafarroako Legebiltzarrean hiru gehiago lortuz (bostetik zortzira) eta Iruñeko udalean bikoiztuz (hirutik seira). Pernando Barrena EHko hautagaiak EH erabakiorra izango dela errepikatu du behin eta berriro eta, oraingoan, asmatu ere bai.
Baina hauteskunde hauetako irabazlerik nabarmenenak UPNkoak izan dira, bai irabazi dutelako eta baita 22 eserlekutara iritsiz beren historiako emaitza gorenak lortu dituztelako (bost eserleku gehiago eta botoetan ere 125.000tik gora, 95ean 93.163 lortu zituenean). Noren bizkar? Hau hauteskunde guztietako ariketa zaila izanik ere, hona datu interesgarri bat: UPNk 32.000tik gora boto irabazi ditu 95arekiko eta CDNk 34.000 galdu.
Galtzaileen artean, CDN, PSN eta IU-EB, hirurak galtzaile handiak, Alliren alderdia galtzaileen arteko txapelduna bada ere: 10 parlamentariotik 3ra. Nola altxa burua? Juan Cruz Allik bere berriketaldi dotore eta zentzuzkoaz gain beste zerbait ere beharko du. PSNren porrota ez dator horrenbeste 95 eta 99ko hauteskundeen konparaketatik, 600 boto besterik ez baitituzte galdu (gainera oraingoan partehartzea 3 puntu txikiagoa izan da). Beste erabateko larrialdiak ditu azken urteetan

ugetetutako
PSNk. Legebiltzarrean 11 parlamentario ditu, lehen bezala, baina Iruñean zinegotzi bat galdu du (5etik 4ra), eta akaso larriagoa dena, EH da orain bigarren indar politikoa Iruñean. 11 parlamentariotan berdindu izanak ezin du ezkutatu 96ko Espainiarako hauteskunde orokorretatik oraingoetara ia 38.000 boto galdu dituela. Baina erronkarik gaitzena PSNren baitan du Juan Jose Lizarbe idazkari nagusiak, gizarteko botoak lortzeko lehenago barne arazoak bideratu behar direlako eta Lizarbe, dirudienez, horretatik urruti dagoelako.
Felix Tabernak gidatzen duen IU-EBk ere gogotik ekin beharko dio hausnarketari; ez dira EAEko kideak bezain atzera joan baina 95eko galeraz gain (7.000 boto), 96ko Espainiako orokorretatik (40.354) erdian geratu da. Azterketa sakonagoa beharko litzateke baina EHra behintzat joan bide zaio boto mordoxka. Hala ere, UPNrekiko alternantzia kontuetarako, garrantzitsua izaten jarraitzen du. EA-EAJ bezala, beren hiru parlamentariekin, indar txiki garrantzitsua bihurtzen da Legebiltzarrean. EA eta EAJ espero izandakoarekin bototan motz samar geratu dira baina, hala ere, 95ean baino ia 3.000 boto gehiago eta parlamentario bat gehiago ere lortu dituzte. Hala ere, Iruñeko udalerako emaitzek barne mailan zer konpondu badutela adierazten dute. Edozein modutan, indar abertzaleek Nafarroan 60.000 botoko hesia gainditu dute eta 11 parlamentariorekin jauzi polita eman dute. Bat baino gehiago ikaratzeko modukoa.


NAFARROA PLURALA.

Nafarroaren pluraltasuna ageriago geratu da oraingoan, oraindik abertzaletasunak ei dagokion bere heren soziologikoa hautesontzietan islatu ez badu ere. UPN da indarrik nagusiena sei merindadeetan eta abertzaletasuna Iruñeko merindadea eta hiriburuan dago bildua batez ere. Nafarroaren hegoaldeko erdialdeak, aldiz, erronka gogorra izaten jarraitzen du abertzaletasunarentzat.
Legebiltzar berriak ordezkatzen duen pluraltasun zabal horretatik elikatu beharko litzateke Gobernu berria. Eskuinak, ordea, ez dirudi euskal kulturari dagokionez modu desberdinez jokatzeko asmorik izango duenik. Areago ikusita bere hurrengo aurkaria hari bertsukoa dela euskal kulturari dagokionez.
Ez da ezinezkorik baina belardiko orratzarekin zauria egitea bezain gaitza dirudi UPNri gobernu alternatibo bat eratzea. Sozialistek esana dute EHrekin ez dutela ezer hitzartuko. Beraz, nola egingo die leku bere gobernuan Sanzek sozialistei, legealdi itunaren bidez edo gobernuan kontseilariren batekin lekua eginez? EHren emaitzak bati baino gehiagori joan zaizkio kontrako eztarritik Nafarroan baina EHk badu ziria non sartu oraindik. Posible litzateke EHk kanpotik lagundutako PSN, IU-EB, CDN eta EA-EAJren gobernu alternatiboa? Normalean ez. UPN eta PSN, beraz, elkar ulertzera behartuta daude