argia.eus
INPRIMATU
Biteteko goi arana: bazter ezkutuak Ossauko bailaran
IƱigo Txintxurreta 2017ko azaroaren 28a
Ossau, hartzaren bailara, basatia eta bortitza irekiko zaigu Arudy iragan ondoren. Errepidetik Bilhères herriska mazelan eskegita, maldari itsatsirik begiztatuko dugu, Larunsera iritsi baino lehen. Kantonamendu-buru honetatik Gourette eta Aubisque alderako bidea baztertuko dugu eta Hourateko mendizintzur meharretan barna «Ur Beroetara» iritsiko gara; Les Eaux-Chaudes herriak, erreuma eta beste gaitzak sendatzeko leku aproposa izateaz gain, bertako ogi goxoa dastatzeko beta eskaintzen dizue.
Errepidetik amini bat aurrerago jarraituz eta Miegebateko elektra-zentrala iragan ondoren, Gorges du Bitet dioen panoa topatuko dugu. Pista hartuta, Biteteko mendizintzurren albotik, 16 Km egin ditzakegu kotxez, zubi bateraino iritsi arte. Hemen, aurrera jarraitzea debekatzen duten seinaleei kasu eginez, autoa utziko dugu. Aurrerago joaten ausartuko direnei 900 liberako isunarekin itzul daitezkela jakinarazten diegu. Beraz, denok naturarekin bat eginez, zubitik ekingo diogu martxari.
Ezkerreko pistatik, erreka emaritsuaren paretik eta 15 Km ibili ondoren, bukaerako parkinera iritsiko gara, artzainentzat prestatuta dagoena. Hemendik, proposatzen dizkizuegun hiru ibilbidetatik gustukoena hauta dezakezue. Errazenetik hasiko gara:

A. Characouko ordokia (Characou JE 8Km / 4 ordu, Iseyeko Lepoa JE 11Km / 6 ordu):
Bukaerako parkinetik, Bitet erreka zeharkatu gabe, eskuineko bidea hartuko dugu, Biteteko urtegi txikia saihesten duena. Leunki igoko gara bidezidorretik, Gujalateko bordaraino. Urrunean Isabeko urjauzi luzea begiztatuko dugu.
Gujalateko larreak igaro eta Mètourako basoan sartuko gara, hartza babesten duen basoa izanik, hesian loturiko koloretako plastikoek adierazten diguten bezala, hartza uxatzeko paratuak nonbait. Ezaguna da Pyren izeneko hartzak bazter lasai eta ezkutu hau aukeratu duela bere kumearekin bizitzeko.
Cotcharasko erreka gurutzatu eta gero, Characouko ordoki liluragarriekin eginen dugu topo. Behialako leku sakratua, Characouko ordokiak gutxienez historiaurreko 6 hilobi gordetzen ditu, tumuluak eta trikuharriak izanik, Piriniotako kultur neolitikoak bere adibide ederrenetarikoak eskaintzen zituen garai hartakoak. Sorpresa atsegina da oroitgarri hauek altuera handiko leku zoragarri honetan aurkitzea eta bide batez frogatzen digu bailaratxoa biziki garrantzitsua zela orain dela 3.000 edo 4.000 urte hemen bizi zirenentzako. Characouko trikuharri baten gaineko harlauzak 6 metro neurtzen du. Leku hau, beraz, sakratua eta behialakoentzat zinez majikotzat har daiteke.
Characoutik, Laiterineko bordatik pasatuz, Iseyeko leporaino igo gaitezke, bestaldean Aspe bailara deskubritzeko. Laiterineko bordak ur freskoko iturria eta aterpea eskaintzen digu, zati bat irekia baitu. Itzuleran, errekako eskuinaldetik jaitsi gaitezke, Isabeko lakurako bidearekin lotzeko.

B. Isabeko Lakua (8 Km/ 4 ordu):
Bukaerako parkinetik erreka iragan eta bidezidor garbia jarraituko dugu. Berehala hasiko gara brauki altuera irabazten, sigi-saga, basoan barna. Oihanetik ilkitzean urjauziaren burrunba entzungo dugu eta jarraian ur eroriaren apar zuriak marrazturiko isatsa begiztatuko dugu.
Patarra bortitza da benetan, baina Isabeko lakuak zinez merezi du esfortzua. Tenebre, Isabe eta Sesques gailurrek hertsiriko anfiteatroaren erdian kokatua, paregabeko ikusmira eskaintzen digu IE aldera.

C. Isabeko eta Permayouko Itzuli Handia (14 Km. / 9-10 ordu):
Isabeko lakutik Sesques eta Isabe arteko leporaino igoko gara. Bizkorrenek gandorreko zeharkaldia egin dezakete, Isabeko gailurra igaroz Permayouraino. Bestela, Aspe bailara aldera begira duen isurialdeko mazeletik gailur bortitz hauek zeharkatuko ditugu, Permayou eta Ourtasse arteko gandorra irabaziz. Hemendik, Liardeko bailaratxora jaitsiz, Iseye leporako bidea hartuko dugu. Itzuli handi hau osatuko dugu Characoutik iraganez