argia.eus
INPRIMATU
ARRANOEN BALKOITIK BEGIRA
2021eko uztailaren 19a
Zuk sekula zapalduko ez dituzun tokiak ikusten ahalko dira. Mendiz nahiz itsasoz helezinak diren zoko ezkutuak; denak airez bistaraziko zaizkigu, haizeak bultzatua planeatzen doan arranoa bagina bezala. Hori da «Maite ditut gailurrak» dokumentalek («Entre el Cielo y la Tierra» gazteleraz) eskainiko digutena.
Duela lau urte «En el Cruce» izeneko dokumental sorta egin zuen Iñaki Panguak, Euskal Herriko hiriburuak xeheki irudikatzen zituena.

«Horren jarraipen gisa, Euskal Herri osoa airetik eta mugimenduan erakustea proposatu nuen, historia eta gaur egungo bizimodua ere jasoko zituena. Proiektua aurkeztu eta onartu egin zidaten»
azaltzen digu Panguak («La noche de» saioko errealizadorea ere bada).

«Halaxe, lanari ekin genion, irudien osagarri gisa zerbait berezia aurkitu behar genuen, ez zedila betiko testu betegarria izan. Ikuspegi epikoa erabiliz, antzina eta gaur egungo istorioak kontatu. Geografia, historia eta eguneroko bizimodua era dibertigarri batean uztartu behar ziren».
Horretarako pertsona egokia antzeman behar zuten. Izan ere, nahiz eta norbaitek historiaz asko jakin, ez da batere samurra jakituria hori telebistaren hizkuntzara eramatea, gaiak irudiekin batera mamitzea, alegia.

«Nor hobe horretarako Alberto Santana historialaria baino; Euskal Herriko paisaia eta historian izugarri jantzia dagoen gizona baita, baserrietan aditua. Beraz, Albertok egitura eta atal bakoitzaren haria taxutu du. Pedro Ugarte eta Iñaki Esteban gidoilariek berriz, idatzi dituzte testuak».
Euskal Herria bazterrik bazter orraztu ondoren, ordu erdiko 26 atal egingo dira nahiz eta oraingoz 9 atal baino ez diren ikusiko, kostaldea eta hiriburuei eskainitakoak. Hain zuzen, uda bilakatzen denez hiritar guztien aro jostagarria,

«Pello Sarasola ETBko programazio buruak pentsatu zuen aproposa litzatekeela hondartzak eta hirietako jaiak airetik ikustea»
diosku Panguak. Barnealdeko haran eta ordekak aldiz, udazken aldera grabatuko dira, zuhaitzen hostoak gorriz eta horiz janzten direnean.

«Garai horretan askoz politagoa egoten da barnealdea, baita neguan ere, mendiak elurtuak daudenean».

PLANO FINKORIK EZ.

Errealizazioari begira, estiloa biziki zaindu da, muntaia eta musikak bat egin dezaten. Horren haritik, harridura sortuko duten planoak landu dira, ikuslea une oro hegan eramanda, helikopteroa ez baita inoiz ikusten. Konparazioa egin: 30 segunduko harraldiak, kamera geldoan eta bi plano mota abiadura handian tartekatuz: aire zein lurretik. Mitxel Casado eta Iñaki bera dira errealizazioaz arduratu direnak.
Musikari gagozkiola, klasikoa hautatu dute, Debussy, Rachmaninov, Mahler, Wagner, eta abar.

«Kontraste polita izango da musika eta irudi labankorren arteko joku hori».
Arestian aipatu bezala, irudiez landa, giza alderdia ere bete betean ukituko da, hala nola: tokian tokiko pasadizo ezezagunak, arrantzaleak, algak jasotzen, petroleountzi batean. Uda aldean, Iruñea, Baiona, Donostia, Gasteiz eta Bilbo nolakoak diren erakutsiko zaigu. Hori gehi beste lau saio, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldeetara hurbilduko gaituztenak, itsasbazter eta hondartzen edertasuna bistaraziz. Esate batera, «Burdina eta itsasoa» izeneko lehen atalean Bizkaiko itsasertza agertuko zaigu. Muskizeko itsaslabarrak, MacLennan meatzea, Muñatones gaztelua, Zierbenako kaia, Serantes mendia, Santurtzi, Abra ibaia, Ereagako hondartza, Algortako portu zaharra edota Galeako itsasargia.


ARRISKU BIZIAN.

Irudiak helikoptero batetik hartzen dira, «Wescam» sistemaz hornitua dagoen kamera bat erabiliz. Kanadako armadak asmatu aparagailu honek irudia orekatu eta dardara guztiak saihesten ditu. «Steady-cam» delakoa baino hobea da; 200 kilometro orduko abailan ere, geldirik egonda bezainbateko zehaztasuna duena. «Joystick» batez erabiltzen da, zooma, argiztapena eta, kontrolatzeaz batera, aldi berean pilotuari aginduak ematen joaten zaio errealizadorea: jaitsi gehiago, abiadura gutxitu, 0 posiziora joan, eta abar. Muturrean joan daitekeen arren, helikopteroaren hegal batetik hartzen ditu irudiak. Batez beste bizpahiru plano egin behar izan dira ontzat eman diren planoak lortzeko.
Lehenbiziko 9 atalak burutzeko, 90 helikoptero irteera egin dira, 300 ordu hegan, alegia. Arriskua noski, lepotik zintzilik ukan dute.

«Itsasotik metro t' erdira 90 korapiloko abiaduran (160 kilometro orduko) hegan goazela, edozein ezusteko gertatu, eta gureak egin du. Esaterako, Muskizeko Cobaron haitzartetik gindoazela, helikopteroen isatsak arroka bat igurtzi izan balu, akabo fandango! Beroan zaudela plano batekin tematua, ez zara benetako arriskuaz ohartzen eta gidaria, azken hitza badu ere, kutsatu eta ausartu egiten da. Alde horretatik, orain hotzean konturatzen zara larregi arriskatu duzula. Baina emaitza ikusita, berriro egingo genuke, zalantzarik ez eduki».

EGURALDI GIZONEK KALE.

Eguraldia lagun badute, bost atal bukatu behar dituzte oraindik lehenengo bederatziak osatu arte. Hain zuzen, Euskal Herriko eguraldi malapartatua izan da lantaldearen arerio nagusia.

«Zailtasun handiena eguraldia izan da, zoratu egin gaitu. Barnealdeko eguraldia iragarterrazagoa den bitartean, kostaldekoa zeharo aldakorra da. Sei orduko iragarpena egin digute goizparte eta arratsetan grabatzera atera izan garenerako. Baina, alferrik izan da, ezustean mendebala, hegohaizea, lanbroa, enbata... sartzen delako. Eguneko produkzio-plana beti kolokan egon da. Ondorioz, ikasi dugu metereologiaren zientzia ez dela batere fidagarria. Lehen gutxi fidatzen banintzen, orain gutxiago. Jendeak esaten digu Euskal Herria euritsua izanda, hala erakutsi behar dela. Baina eguraldi txarrarekin, nahiz helikopteroak arazorik gabe hegaldatu, kamararekin ezin da deus grabatu, ezta xirimiri dagoenean ere»