argia.eus
INPRIMATU
ABERTZALEEN ELKARLANA ERRONKA EUROPAKO LEGEBILTZARREAN
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 23a
Zortzi euskal eurodiputatu izango dira Europako Legebiltzarrean datozen bost urteetan eta horietatik hiru abertzaleak, alderdi abertzale bakoitzetik bana: EAJ-EA-ERCk osatutako koaliziotik Josu Ortuondo jeltzalea eta Gorka Knör EAkoa izango dira eurodiputatuak (Knör bi urtez, beste bi ERCko ordezkaria izango baita); eta EHtik Koldo Gorostiaga. PSOEko hiru ordezkari joango dira, Rosa Diez, Jose Maria Mendiluze eta Barbara Duhrkop; UPNko bat, Javier Pomez (PPko zerrendatik), eta Jaime Valdivieso, PPkoa.
Batek ezik, gainerako guztiek argi samar zuten hautatuak aterako zirela. Ezustekoa, beraz, EHko Koldo Gorostiagaren aldetik etorri da. Udal eta diputazioetan moduan, EHk emaitza arrakastatsuak izan ditu Europakoetan ere. Hego Euskal Herrian lortutako 270.000 botoei, espainiar Estatuan lortutako 33. 000 boto gehitu behar baitzaizkio (18.000 Katalunian, ia 4.000 Valentzian eta, besteak beste, 2.500 Madrilen). Boto asko, inongo zalantza barik, baina 87an Estatuan HBk lortu zituen 100.000 inguru haietatik urruti, horietatik 40.000 Katalunian.
Euskal Herriko datuetan azpimarratzekoa da, Espainian legez, Europako hauteskundeetan izandako partehartze handia, %60 tik gora oro har (hemen ere seguruenik izango du zerikusirik udal eta foruetako hauteskundeak aldi berean izatea). Iparraldean, ordea, Frantziako abstentzio joera (% 36koa) nagusitu zen eta Pirinio Atlantiarretan partehartzea ez zen hauteslegoaren erdira iritsi. Galdetu beharko dena da, ea zer legitimazio maila duen horrelako legebiltzar batek, legerik egiten ez duenean eta gero eta herritar gutxiagok bozkatzen duenean.
Hego Euskal Herriari dagokionez, ez da makala alderdi abertzaleek Espainiako barruti bakarrean ordezkaritza lortzeko egin behar dutena. EAJ, adibidez, ERCrekin (eta biak EArekin) joan da biak eremu ideologiko arras desberdinekoak izan arren. 95ean HB ordezkaritza barik geratu zen –87an eta 89an lortu ondoren– 95erako barruti bakarra jarri zelako Espainian. Europari dagokionez, beraz, emaitza arrakastatsuak dira alderdi abertzaleek lortutakoak. Neurri batean, eta beste bide batetik bada ere, Abertzaleen Batasunak proposatutakoa –hautagaitza bateratua– gauza daiteke Europako Batasunean. EAJ eta EHk talde ideologiko desberdinetan egon beharko lukete Legebiltzarrean baina orain ikusiko da Europako herri txikiek eta hautetsi desberdinak zein neurritaraino diren biltzeko gai. Lizarra-Garaziko akordioa eta Euskal Herrian bizi den garai berria nazioarte mailan saltzea oso gauza garrantzitsutzat jo izan da azken urte honetan. Eta egia da mundu zabal honetan konponbidean jarri den edozein gatazkan izan dutela bere lekutxoa nazioarteko agenteek. Hara aukera Euskal Herrian hasi zaion elkarlanari Europan segida emateko