Euskaltelek 2008 urtera bitartean 127.000 milioi pezeta (5.080 milioi libera) inbertitzea aurreikusten du. Inbertsio horren helburua lau urteko epean etxebizitza eta enpresen % 80ra eta 5.000 biztanletik beherako herrietara iristea da. Une honetan, urtebeteko jardueraren ondoren, euskal konpainia honek merkatuaren % 25 lortu du.
Euskal operadoreak, urtebeteko epe horretan, erabat gainditu ditu bere lehen ekitaldirako aurreikusitako kopuruak. Ekitaldiaren itxieran 986 milioi pezetako galera izan zuen, hau da, hasiera batean aurreikusitakoaren erdia. Emaitza on hori fakturazioaren gorakadaren ondorioz lortu da, konpainiak merkatuan izan duen barneratze indartsuari esker 4.100 milioi pezetako fakturazioa izan baitu. Ekitaldi horretan Euskaltelek 5.000 milioi pezetako gastuak izan zituen eta 8.000 milioi pezetako inbertsioa egin zuen.
1998aren amaieran Euskaltelek 050 bidezko urrunerako deien % 25ko merkatu kuota lortu zuen, 225.084 linea kontratatu zituen eta 160.410 bezero aktibo erdietsi. Internetera sartzeko zerbitzuak (iazko maiatzean martxan jarriak) 21.123 bezero bereganatu ditu dagoeneko, Espainiako laugarren hornitzailea bihurtuz. EAEko operadore honen dei trafikoa abenduaren 31an 165 milioi minutukoa zen. Gorakadak aurrera jarraitzen du 1999an eta 050 bidezko 254.694 linea lortu dituzte jada. 184.052 bezero aktibo eta Interneten 32.245 erabiltzaile izan dituzte, guztira 264 milioi minututara iritsiz.
Aurtengo urtarrilaz geroztik euskal operadore honek telefonia mugikorrari ekin dio, eta % 5eko merkatu kuota lortzea espero du bere lehen urtean. Halaber, datozen hilabeteotan kable bidezko telebista digitalari ekiteko asmoa du, beste zerbitzu batzuk ere eskainiz. Herri barruko deiak egiteko aukera ematen duen zuzeneko telefonia ere hedatua du 20 udaletako hainbat auzotan: Getxo, Leioa, Basauri, Sestao, Durango, Santurtzi, Portugalete, Bilbo, Barakaldo, Laudio, Gasteiz, Amurrio, Irun, Donostia, Beasain, Errenteria, Zumarraga, Urnieta, Hondarribia eta Tolosa.
KAPITAL SOZIALA GEHITUKO DU.
Euskaltelek 5.000 milioi pezetatan gehituko du bere kapital soziala urte honetan zehar. Beraz, bere gaur egungo kapital soziala 19.000 milioitik 24.000 milioitara igaroko da. Euskal konpainia honen gaur egungo kapitala honela dago osaturik: BBK (% 23), Kutxa (% 18,5), Telecom Italia (% 18), Endesa Taldea (% 10), Iberdrola Taldea (% 10), Caja Vital (% 5), EITB (% 5), Eusko Jaurlaritza (% 2), Retevisión (% 2), MCC Taldea (%2), EVE (% 2).
Egia da Euskaltel telekomunikaziotako operadore orokor txikia dela. Nolanahi ere, bere arduradunek ez diote etorkizunean beren eragin esparrua zabaltzeari uko egiten. Oraingoz, beren funtsezko merkatua EAEren barruan daukate. Ez da, ordea, kasualitate hutsa Telecom Italia edukitzea kide estrategiko gisa. Hirugarren akzionistarik indartsuena den talde hau munduko bosgarrena da, Telefónicaren aurretik. Nazioarte mailako merkatura zabaltzeko goizegi baldin bada ere, Telecom Italiarekin –Deutsche Telekomekin bat egitekotan dabil– duen lotura horrek erraztu egin diezaioke jauzi hori. Gaur egun, Euskaltelen lehentasuna EAEn bere sare propioa eratzea da, bezero partikularrak eta enpresarialak lortzeko Telefónicarekin duen lehiari gogor eutsiz.
Orain arteko historia laburrean Euskaltelen bidea ez da guztiz erraza gertatu. Arazoak ez dira gutxi izan. Horietako bat, garrantzitsuenetakoa, Retevisión (telefonia finkoko bigarren operadorea) eta Amena (Airtel eta Telefónicarekin lehian ari den mugikorren operadorea) kideekiko harremana izan da. Harreman hori nahiko gatazkatsua izan da. Euskal operadorearen kudeatzaileek hasiera-hasieratik gogor eutsi diote EAEn marka propioa izateari. Bi talde horiekin tentsio handiak egon badira ere, azkenerako badirudi adostasunera iritsi direla, eta datozen egunetan akordioa erabat biribilduta uzteko moduan direla.
Euskaltelek beti uste izan du kudeaketa independente batek azkarrago handitzeko aukera emango ziola. Eta, egia esan, gaur egun Euskaltel finkoak eta mugikorrak faktura bateratua eta bakarra eskaintzen die bere bezeroei. Aldiz, Retevisiónek eta Amenak oraindik ez dute aukera hori eskaintzen