argia.eus
INPRIMATU
Oiartzungo bidegorrian urrezko piritaren atzetik
Lierni Arrieta 2017ko azaroaren 28a
Bide honek ingurune aberats eta ederrak erakusteaz gain jatorri geologiko zeharo desberdinetako sustratoak zeharkatzen ditu. Buztin, igeltsu, granito, hareharri eta kare-harrien barrena plutoi baten aurrean utziz. Plutoia Aiako Harriek osatzen dute, garai batean lur azpian kristalizaturiko magma orain azaleratua ikus dezakegularik.
Aste honetako txangoan, garai batean Santa Barbara deituriko baporezko trenak egiten zuen bidearen zati bat egingo dugu. Oiartzungo plazan hasi eta maldan behera joanez polikiroldegia igaro eta bidegorriarekin topo egingo dugu. Bidegorria zurezko hesiekin apaindurik dago; inguru hauetan hesolagintza, lanbide moduan mantentzen baita. Bidearen ertzean landaturiko zuhaitzen izenak plakatxotan agertzen dira. Hauetako, zuhaitz asko eta asko kanpotik ekarriak dira eta landaketetan soilik ikus ditzazkegu.
Pixkanaka-pixkanaka baserri inguruetan murgiltzen gara. Sega larreen muga landaredi berezia dugula behatzeko parada hartuz gero, landaredi honen berezitasunak ikus genitzake. Panpano sahats eta hurritzek errekaren presentziaz hitz egiten digute baina bertara heldu arte ezin dugu errekarik ikusi, ezta bertako amuarrain, eskailu eta aingirak ere. Errekatxo txiki honetara heldu baino lehenago, egitura zilindrikoa duen eraikuntza berezi bat ikusiko dugu, errekatik trenak behar zuen ura gordetzeko erabiltzen zen berau. Ibilbidean zehar garrantzi etnologiko handiko baserri ederrak ikusten dira, hauen artean Ugarte Erdi Aroko bizitzagunea dugu. Bidegorrian bertan agertzen zaigu dorretxea bere armarri eta guzti eta inguruan errota eta tolareak ere zutik diraute.
Aurrera jarraitu eta errepidea gurutzatu beharko da, garbi ikusten da zein den guk jarraitu behar degun bidea hesiak markatzen baitigu bidegorria. Ergoieneko auzoa alde batera utziko dugu baina itzuleran indarrak geurekin baditugu nekazari gune interesgarri hau ere bixita genezake. Gizakiaren eragina gutxitu egiten da eta landarediak bidea besarkatzen du, huntz arrunta (

Hedera helix
), apomahatsa (

Tamus comunis
) eta aihen zuria (

Clematis vitalva
) moduko igokariak ugari hazten dira baita urteroko landareak ere. Udaberrian loratuta ikusgarri bilakatzen direnen artean kukupraka (

Digitalis purpurea
) dugu eta euria egiten duenean bere loretan aterpe edo nektar bila doazen bare lingirdatsuak ere badute bere grazia. Bat-batean bi bide izango ditugu aukeran eta ezkerrekoa hartuko dugu ibai albotik doana. Aurrrerago, Arditurriko erreka ertzean Olaberria dago. Erdi Aroko industri aztarnatan oparoa da, zubi, presa, ola eta labearekin eta zaharberritze proiektu baten barnean dago. Bidegorria gero eta bide estuagoa egiten da bidezidor bilakatuz. Baso hauetan eskinosoa topa dezakegu lumaje erdi arre erdi arroxarekin batera, hegoetan marra urdin beltzak ditu eta burualdea zuri-beltza. Ez du ez bere familiakideen antzik, bele, erroi eta mikekin korbidoen familia osatzen baitu. Eskinosoa obniboroa dugu, edozer jaten du intsektuak, fruituak eta abar. Urtean behin egiten du habia eta biak ar eta emeek arduratzen dira arrautz zein txitoez. Hamasei egunetan zehar txitatzen dituzte arrautzak eta txitoak 20 egun dituenean helduen lumajearekin habia uzten du, handik urtebetera txitatzeko gai da eta batez beste 18 urteko biziraupena dute.
Pare bat tunel igaro ondoren gizakiaren arrasto modernoak ikus daitezke. Etxetxo goxoaren kanpoko pintadak berrerabiltzen ari dela esaten digu, guztiz ekologikoa den berrerabileraren adierazpena, okupazioa hain zuzen. Ibilbideak, baketsua eta isila, bere historiari buruz hitz egiten jarraitzen digu. Aurrerago duela urte batzuk landaturiko zuhaitzak daude haritz amerikarrak, zedroak eta abar. Kanpoko zuhaitzak izan arren urtetan aurrera eginak direnez meatzetan lan egiten zuten gizon emakumeek sarturikoak ote?
Meatzetako sarrera zoragarria egiten da goian, Aiako Harriak, duela gutxi natur parke izendatua eta gertu Arditurriko erreka kanalizatua. Aurrera egin eta oilo eta oilar artean, hiru eraikuntzekin topatzen gara hauetako bat taberna izana. Erreka zeharkatu gabe meatzetara igo gintezke bertako mineralak behatzeko eta harrikoskorren artean piritaren urre distira ikustea ez da batere zaila. Harkaitz eta harroketan ere landareak egiten duten kolonizazioaren lehen urratsak beha daitezke. Harri biluzietan likenak dira nagusi baina hauts eta lur geruza finean goroldioak gara daitezke, honek graminioen agerpena ekartzen duelarik. Denbora erraz joaten da harri eta landareei begira gaudenean eta ilundu baino lehenago edo zergatik ez beranduago Santa Barbara trenak hainbatetan eginiko bidea egin beharko dugu berriro Oiartzungo plazara iristeko