Gipuzkoan Euskadi Gazteako arratsaldeak dira audientzia liderrak; zazpietatik bederatziak bitarte Daniren «Hi bizi haiz, hi» emankizunaren tiradizoari esker. Bestenaz ere, irrati formula musikalak euskaldungai anitz ari da erakartzen. Bi emisorak elkarren osagarri dira: 25 urte bitartekoentzat Euskadi Gaztea eta hortik gorakoentzat Euskadi Irratia,
«zati handitxo bat kentzen diguna Radio Euskadi da, entzule euskaldun franko baititu. Horrek esan nahi du antzeko esparru batean mugitzen garela, elkarri lehia egiten diogula, gainontzeko irratiak, Herri Irratia izan ezik, erdaldunagoak dira» adierazten digu Julen Beloki Euskadi Irratiko zuzendariak.
Aste barruko neurketaren arabera, Nafarrak tartean direla 92.000 entzule ditu Euskadi Irratiak 81.000 EAEn eta 11.000 Nafarroan. Euskadi Gazteak 72.000. Biak batuta, 164.000 entzule. Horren arabera entzuleen % 23k bi emisoretako bat sintonizatzen du.
«Tamainako neurria da. Entzule guztiarekiko ez da hainbeste, baina kontuan izanik 554.000 balizko entzule dituela, ez da batere makala».
CIESek egin inkestaren barruan entuzleei galdetu zaie ea euskara ulertu, hitz egin, irakurri eta idazten duten. Lau multzo horietan sailkatzen du entzuleria.
EAEn 14 urtez gorakoen artean 1.045.000 irrati entzule daude, horietatik %53 euskalduntzat hartzen delarik (nahiz eta euskara bakarrik zertxobait ulertu). Konprenitu bakarrik egiten dutenak kenduz gero, 314.000 geratzen dira; ba, horien artean % 40k bietako bat entzuten du.
«Euskadi Gazteak guk baino errazagoa badu ere, guk ere hazkundea izatea posible da. Baina horretarako euskaldunak xaxatu eta erakarri behar ditugu, jendea aise pasatzen baita gaztelerazko irratietara. Pizgarri bat eman behar zaio entzuleari, hor dago koska» ALBERTO ELOSEGI